Atzealdea

Atzegiko boluntarioek 2017ko Boluntariotza saria "esker onez" jaso dute

Foto Atzegiko boluntarioek 2017ko Boluntariotza saria "esker onez" jaso dute

Atzegiko boluntarioek 2017ko Boluntariotza saria "esker onez" jaso dute

Adimen desgaitasuna dutenen bizi kalitatea eta parte hartze soziala hobetzen laguntzeko moduagatik. 180 gonbidatu izan dira foru jauregian egindako sari-emate ekitaldian

Atzegiko boluntarioek 2017ko Boluntariotza saria

Markel Olano diputatu nagusiak 2017ko Gipuzkoako Boluntariotza saria eman die Atzegiko boluntarioei. Foru jauregian egindako sari-emate ekitaldi jendetsuan, 180 gonbidatu bertan izan direla (100 hirugarren sektoreko eragileak eta beste 80 Atzegiko kideak eta boluntarioak). Olanok azpimarratu du Gipuzkoako Boluntariotza saria sari “desberdina” dela, “boluntarioek beraiek erabakitzen dutelako nori eman”, eta Atzegiko boluntarioek egiten duen lan “solidario, eskuzabal eta ordainezina” dela. Horren harira nabarmen du Atzegiko boluntarioak “sari honen bidez sustatu nahi ditugun boluntariotza eta elkartegintzako balioen “eredu paregabeak” direla, izan ere, “elkarbizitza sustatu, eta enpatia nahiz gertutasuna” erakusten dute.

Bere aldetik, Josean Idoeta Atzegiko presidenteak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskertu egin dio “halako aitortza” bat egin izana Atzegiko boluntarioen lanari; eta azpimarratu boluntarioek “lan aparta” egiten dutela desgaitasun intelektuala duten pertsonen gizarte bizitza parte hartzeko, eta alde horretatik espero dutela oraindik “boluntario gehiago lortzea”. Horrez gain, nabarmendu du boluntarioen “eragina” familien bizi kalitatean, izan ere, ikusten dute beraien seme-alabek “harreman berriak egiten dituztela”, eta aisialdiaz “beste edozein pertsonak bezala” gozatzen dutela. Idoetaren hitzetan, boluntarioek, gainera, “oso modu positiboan” bizi dute Atzegin boluntario lanak egitea, eta beraiek diotenez, desgaitasun intelektuala duten pertsonek “askoz gehiago” ematen dietela beraiek haiei  eskaintzen dietena baino.

Halaber, Verdini dantza taldearen ikuskizuna eta Atzegiko bertsolari baten partaidetza izan duen ekitaldian, Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak nabarmendu du Atzegik, “AtzegiXperience” aurtengo kanpainari esker gonbidapen “dotore eta sortzailea” egiten duela profil desberdineko jendea “animatu dadin” boluntario izatera; gaineratu du “oso gutxi” falta dela 10.000 atzegizale lortzeko, “keinu txiki” baten bidez “asko egiten dutenak” desgaitasun intelektuala duten pertsonen alde, ingurune ahalik eta inklusiboena lortzeko. “Eta horretaz harro egon gaitezke Gipuzkoan”, gehitu du Peñak, baita goraipatu ere Atzegiko boluntarioak 300 baino gehiago izatea. “Hala ere, boluntario gehiago behar dituzte, jarduera gehiago egin ahal izateko, zinemara joatea dela, hirian edo herrian paseatu, pintxo bat hartzera joan, zaletasun bat partekatu, edo babes emozionala ematea familiarik ez duten pertsonei”.

2017ko Boluntariotza Sariaren epaimahaiak nabarmendu du, batetik, "Atzegi 1960az geroztik ari dela adimen desgaitasuna duten pertsonak artatzen, 44 zentrotan, eta era guztietako programak eskaintzen, hala nola egoitza programak, familien arretakoak, tutoretzakoak, aisia, kirol eta denbora librekoak, Txolarte, sentsibilizaziokoak, opor programak, eta abar". Eta bestetik, "Atzegik boluntariotza sustatzen duela adimen desgaitasuna duten gipuzkoarren bizitza hobetzeko; hala, pertsona horien parte hartze soziala bultzatzen du programa diferenteen bidez eta gainerako herritarrekiko bizikidetzaren bidez.

 

Gipuzkoa, Europako erreferentea

Gipuzkoako Boluntariotza Saria duela 23 urte sortu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako hirugarren sektorea osatzen duten pertsona eta erakundeen ardura eta ekarpena aitortzeko. Modu horretan, balioan jarri nahi da gizarte ehunaren partaidetza, gure gizartearen altxor paregabea baita. Gainera, sari hori boluntarioek ematen dute, hainbat erakunderen ordezkari gisa. Honako hauek izan dira azken edizioetako irabazleak: AGIPAD (1999); ACASGI (2000); Gipuzkoako Pentsiodunen Elkartea (2001); Nagusilan (2002); Karitateko Alabak (2003); DEE (2004); CERMI (2005), Gipuzkoako Espetxe Pastoraltza (2006); Juan Maria Garitano (2007); Izan fundazioa – Gizakia Helburu (2008); Behar Bidasoa (2009); DYA Gipuzkoa (2010); Itxaropen Telefonoa (2011);  Laringektomizatuen Elkartea (2012); Odol Emaileak (2013); Koldo Aulestia (2014); Gipuzkoako  Elikagaien Bankua (2015), Hurkoa (2016).

Bukatzeko, diputatua nagusiak azpimarratu du “Gipuzkoa lurralde solidarioa dela”, ondorengo datu hauek erakusten duten moduan: “700.000 biztanleko lurralde honetan, 4.500 elkarte baino gehiago ditugu boluntario lanetan”. Zentzu horretan adierazi du “Foru Aldundiak jarraituko duela elkarte horiei laguntzen, alderdi ekonomikoan nahiz informazioari eta prestakuntzari dagokionean”; era berean, nabarmendu du Atzegi bezalako elkarteei esker “Gipuzkoa erreferente bihurtu dela Europa mailan aniztasun funtzionala duten pertsonen arretan”.

 

Atzegiko boluntarioek elkarbizitza sustatu, eta enpatia nahiz gertutasuna erakusten dute