Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Berdintasun eta Kontziliazio Kongresuan azaldutako ekarpen eta esperientzien balioa goraipatu du Markel Olanok

Berdintasun eta Kontziliazio Kongresuan azaldutako ekarpen eta esperientzien balioa goraipatu du Markel Olanok

Gaurko saioan, Islandia eta Norvegiako ordezkariek arlo honetako politika aitzindariak jarri dituzte mahai gainean, besteak beste

2016/10/26

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Berdintasun eta Kontziliazio Kongresuak gaur eduki du azken atala. Oso “balantze baikorra” egin du Markel Olano diputatu nagusiak, “mahai gainean jarri diren ekarpen eta esperientzia aitzindariak balio handikoak eta arnas luzekoak” izan direla argudiatuta. Azken bi egunotan, hainbat adituk, eta enpresa, erakunde eta elkarteetako ordezkarik gizon eta emakumeen arteko berdintasunari, eta bizitza profesional, familiar eta pertsonalaren kontziliazioari lotuta duten ezagutza partekatu dute bertaratutako kideekin -200 lagun inguru-.

Olanoren esanetan, berdintasuna da belaunaldi honek duen erronka nagusienetako bat. Dei egin die herritarrei bide horretan eragiteko: “Denok jarri behar dugu gure alea, berdintasuna izan dadin etorkizuneko Gipuzkoaren oinarri sendoenetako bat. Kongresua bezalako ekimenei esker, aurrera egiteko aukera dugu. Hainbat adibide eta praktika ezagutu, eragile desberdinekin elkarlanerako bideak estutu, eta hausnarketa partekatua egin ahal izan dugu. Argazki honek esaten digu non gauden eta hori oso garrantzitsua da nahi dugun lekura iritsi ahal izateko”.

Aurreratu duenez, Aldundia ez da mugatuko hausnarketa teorikora, baizik eta Kongresuan ateratako ondorioez baliatuko da bere ohiko politika eta programak, eta Etorkizuna Eraikiz programa aberasteko. “Etorkizuna Eraikiz-ekin, eraldaketa soziala sustatu nahi dugu lurraldean gizarte bidezkoago eta orekatuago bat lortzeko. Horretarako hainbat proiektu pilotu jarriko ditugu martxan, Gipuzkoako hamar enpresetan kontziliazioa bultzatzeko prestatu ditugunak, esaterako. Gure asmoa da etorkizuneko politika instituzionaletan txertatzea esperientzia horiek, eta beste enpreserentzat ere eredu bihurtzea. Oso serio hartzen dugu gai hau”. 

Gaurko jardunaldian, kontziliazioarekin eta berdintasunarekin zerikusia duten esperientzia aurreratuenak izan dira ardatzetako bat, ipar Europako herrialdeen eskutik. Islandiako Genero Berdintasuneko Zentroko aholkulari Tryggvi Hallgrimssonek azaldu duenez, 25 langiletik gorako enpresa guztiak daude derrigortuta berdintasun plan bat edukitzera, lau oinarrirekin: soldaten berdintasuna, garapen profesionala, diskiriminazioaren eta sexu jazarpenaren aurkako borroka, eta kontziliazioa.

Islandiako legea oso “praktikoa” da. Emakumeak haurdunaldiaren ondoren lanpostu berbera mantentzeko duen eskubidea bermatzen du eta erantzukidetasuna aldarrikatzen du etxearen kudeaketan. Era berean, azaldu du udalek eguneko zaintzak diruz laguntzen dituztela, haur bakoitzeko 200-300 euroko batez besteko inbertsioarekin hilero;  Gobernuak ekimen berria jarri duela martxan asteroko lan ordu kopurua murrizteko, eta hiru hilabeteko aitatasun baimena eskaintzen duela, aiten %90ek aprobetxatzen dutena: “Kontziliazioa soldaten arteko arrakala gainditzeko gakoetako bat da”, nabarmendu du.  

Halaber, gaineratu du genero berdintasuna ez dagoela emakumeen eskubideekin soilik lotuta, baizik eta bizi kalitatearekin ere baduela zerikusia: “Kontua ez da bati kentzea besteari emateko. Genero berdintasuna onuragarria da bi sexuentzat”. Haren irudiko, jasangarritasun demografikoari eta, honenbestez, “hazkunde ekonomikoari” ere eragiten dionez, berdintasun politikek duten kostuez haratago begiratu behar da, eta epe luzera ekonomian duten onuretan pentsatu. Ildo horretan, ezinbestekotzat jotzen ditu biztanlegoaren zahartzeari aurre egiteko eta ekonomiaren etorkizuna bermatzeko. Islandiak ugalkortasun tasa altuenetakoa izan du historikoki, baina han ere behera egin du -2,2tik 1,8ra-.

Hallgrimssonen arabera, Islandiak berdintasunean duen erronkarik handiena lan merkatuan kokatzen da. Emakumeen %80k lan egiten badute ere –munduko tasarik altuenetako bat-, “segregazioak” bere horretan dirau. Haietatik %34 lanaldi murriztua daukate; gizonen kasuan, berriz, %13koa da portzentajea. “Aurrera egin dugu, baina ez gara berdintasunaren paradisua. Gizarteak eta oinarrizko eragileek egin behar dute presioa, aurrera egiten jarraitzeko. Kritikoak izan behar dugu, denok”, azpimarratu du, arlo honetan Islandian gizartearen mobilizazioak izan duen garrantzia gogoraraziz, eta 1975ko Emakumeen Greba Orokorra bezalako mugarriak aipatuz.

Norvegiako Haurtzaro, Gazteria eta Familiaren Zuzendaritzako arduradun Petter Dotterudek, berriz, adierazi du “erakundeen maila guztiak” hartzen dituen lan esparru transbertsala dela berdintasuna. Berdintasunaren gakoa emakumeen “independentzia ekonomikoan” kokatu du. “Lan merkatuan emakumeen parte-hartze tasarik altuenetakoa daukagu, gizon eta emakumeen enplegu tasa ia parean dago, baina emakumeen irabaziak baxuagoak dira, lanpostu ezberdinetan aritzen dira eta diskriminazioa ez da desagertu. 10etik 4k denbora mugatuan egiten dute lan eta zuzendaritza karguetan gutxiago dira”, zehaztu du.

2015az geroztk, Genero Berdintasunari buruzko Liburu Zuria dauka Norvegiak. Liburu honek txikienen hezkuntzarako neurriak finkatzen ditu, berdintasuna balore gisa azpimarratuz, “oso garrantzitsua” delako. Dotterudentzat, ongizate estatuaren jasangarritasuna ez da posiblea “emakumearen parte-hartzea” areagotu gabe, eta erakundeak, enpresak eta sindikatuak eskutik ez badoaz. “Elkarrizketa ezinbestekoa da kontziliazio arloan eskubide eta baimen politika adosteko, eta gure ongizate sistemak arrakasta edukitzeko”.

Norvegiarrak azaldutakoaren arabera, 2015az geroztik, seme-alabak dituztenek 49 asteko baimena eska dezakete soldataren %100arekin, eta 59 astera luza dezakete baimena soldataren %80arekin. Bikoteen %68k gauzatzen dute azken aukera hori. Lan Inguruneko Legeak eskubideak errekonozitzen die gurasoei lanaldi murrizturako eta ordutegi malgutasunerako. Edoskitzea diruz laguntzen da, eta 700 euro arteko laguntzak ematen dira etxeko zaintza babesteko. Eskandinaviako herrialdea izan zen aurrenekoa aitatasun kuota ezartzen, 1993an –lau astekoa-.

“Lana eta familia aukera bateragarriak dira”, adarrikatu du. “Lan merkatuan emakumeen presentzia handiagoa edukitzeko, eta zaintza lanetan gizonezkoena handitzeko dago pentsatuta gure sistema. Bizitza profesionala eta pertsonala uztartzea, konponbide malguekin, sektore pribatuan zein publikoan eta semealabak eduki ala ez, ona da herri baten ekonomiarentzat”. Erantsi du goi ikasketetan emakume gehiago daudela Norvegian, eta “hankasartzea” litzatekeela “ezagutza eta gaitasun horiei uko egitea lan merkatuan. Guztiok ateratzen diogu onura hezkuntzaren eta emakumeen partaidetzaren alde egiten den inbertsioari”.    

“Lana eta familia aukera bateragarriak dira. Lan merkatuan emakumeen presentzia handiagoa edukitzeko, eta zaintza lanetan gizonezkoena handitzeko dago pentsatuta gure sistema"

Ondoren, berdintasun arloko erakunde laguntzailearen figuraren berri eman du Raquel Raposo Emakundeko Programa eta Formakuntza arloko arduradunak. Figura hau 1994an sortu zen Euskadin, Euskal Berdintasunaren Legearen barruan. Borondatezko aukera da, enpresa eta entitateei zuzendutakoa. “Berdintasun arloan diagnostiko sakona egitea eta plana osatzea eskatzen zaie, hobekuntzak txertatuz, biak ere plantillaren partaidetzarekin. Plan hori ez da kanpo elementua. Aldiz, enpresaren gainerako kudeaketa prozesu guztietan txertatu behar da”. Hau, da, “prozedura guztietan eduki behar du isla, izaera horrek, formaltasunak, genero diskriminazioak oztopatzen eta desagertarazten laguntzen duelako”. 

Raposoren arabera, programaren erronketako bat da enpresei babesa eskaintzea, ez bakarrik berdintasun planak egiterakoan, “baita horien exekuzioan eta neurrien ezapenean ere. Enpresa kultura errotik aldatu behar dugu”. Gaur egun, 83 erakunde laguntzaile daude guztira, gehienak 50 langile baino gutxiagoko enpresak: “Gutxiegi dira, gure ekonomia ehunaren tamaina aintzat hartuta”. Haren iritziz, ezinbestekoa da berdintasuna “hazkundea, berrikuntza eta kudeaketa aurreratua” bezalako esparruekin lotzea: ·Ezin da kudeaketa aurreratuaz hitz egin berdintasunik ez badago”.

Emakundeko arduradunarentzat, “enpresen kultura eta praktiketan aldaketa sakonak ezarri ezean, ezinezkoa izango da genero arrakala desagertaraztea. Argi gelditu da emakumeontzat ez dela nahikoa formatzea. Zaintzaren etika aldarrikatu behar dugu, eta alor honetan gizarte akordio berri bat erdietsi”.

Ildo beretik mintzatu da Cristina García, UAMeko Berdintasun Unitatearen burua. Harentzat, zaintzak, eta zaintzen krisiari aurre egiteko dugu modua, dira “kontziliazioaren elementu klabea”. Zaintzen eskaria geroz eta handiagoa da; pertsonen, baliabide eta zerbitzu publikoen eskaintza, berriz, geroz eta urriagoa, eta emakume zaintzailea oinarri duen eredua “agortzeko bidean” da. Argitu duenez, Espainian biztanle bakoitzak 20 ordutik gora eskaintzen dizkie astero etxeko lanei batez beste, “hau da, Europako kopururik altuena. Estatuek zenbat eta gastu sozial txikiagoa eduki, ordaindu gabeko lana geroz eta ugariagoa da. Zenbat eta babes eta baliabide gutxiago, orduan eta handiagoa da emakumeon lana”.

Antzekoa da joera Euskal Autonomia Erkidegoan. Eustaten arabera, etxeko egitekoei egunero hiru ordu eskaintzen dizkiete emakumeek, eta ordubete eta 37 minutu gizonek. “Zaintzak lanak gehitzen badizkiegu, 3 ordu eta 45 minutuko kopurua pilatzen dute emakumeek, eta bi ordukoa gizonek. ‘Familiarismoa’-ren eredua dugu nagusi, eta horrek ez die mesederik egiten garapen pertsonalerako aukerei. Botere publikoen ardura da egoera honi buelta ematen laguntzea”, galdegin du.

Gogorarazi du gizonezko gutxik hartzen dutela eszedentzia adinekoen zaintzari aurre egin ahal izateko: “Jaiotze tasa dugu hizpide askotan eta hori oso inportantea da, baina adinekoen arretan jarri behar dugu pisua ere. Premiazko kontua da”. Garcíaren arabera, familia baimenak soldata baxuena duenak hartu ohi ditu, eta horrek “lan merkatuko genero arrakala areagotzen duen zirkulu kaltegarria dakar. Indarrean dugun ereduak desberdintasunak ditu oinarri, eta emakumeen ardura gisa erreproduzitzen du zaintza”, amaitu du. 

  

1733