Atzealdea

Donostialdea eskualdea, ezagutu sagardo lurra eta gure mendietako harri miresgarriak

Foto Donostialdea eskualdea, ezagutu sagardo lurra eta gure mendietako harri miresgarriak

Donostialdea eskualdea, ezagutu sagardo lurra eta gure mendietako harri miresgarriak

Larunbatean Galarreta frontoiak erremonte-modalitaterako saski eta pilotak egiteko artisau-tailerra burutuko du Boulevarrean.

Donostialdea eskualdea, ezagutu sagardo lurra eta gure mendietako harri miresgarriak

Urriak 14ean, larunbata, Galarreta frontoiak erremonte-modalitaterako saski eta pilotak egiteko artisau-tailerra burutuko du turismo bulego aurrean. Urriak 15ean, igandea, Astigarragako Sagardoetxea Museoak sagardoaren usadiozko elaborazioa ezagutu, sagarrak kizki bitartez bildu, pisoiez jo eta sagarrak txikitu eta prentsatzeko tailerra eskeiniko du.

Gipuzkoako eskualdeetako herriak eta turismo baliabideak ezagutzera emateko helburua izanik, bai hiriburuko turismo sektoreari, baita orohar Donostiako eta Gipuzkoako biztanleei, baita Explore San Sebastian Region turismo bulegora gerturatzen diren turistei ere, Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirola departamentuak “Eskualdeen Txokoa” ekimena jarri du martxan. Urriaren 4 eta 15 bitarteko astea Donostialdea eskualdearen txanda da, eta honenbestez, aste osoan zehar Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udalerrietako turismo eskaintza bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da.

Honela, Donostialdea eskualdearen parte hartzea urriaren 4ean hasiko da Explore San Sebastian Region turismo bulegoan hiriburuko eta herrialdeko turismo sektoreari begira egin duen aurkezpen batekin. Urriaren 14ean, larunbata, eta urriaren 15ean, igandea, turismo bulego aurrean Galarreta frontoiak erremonte-modalitaterako saski eta pilotak egiteko artisau-tailerra eta Astigarragako Sagardoetxea Museoak sagar muztioaren elaborazio tailerra eskeiniko dute turismo bulego aurrean. Aste osoan zehar Donostialdeako turismo eskaintzak leku nabarmena izango du “Eskualdeen Txokoan”. 

Bestalde, eskualdean urrian eta azaroan zehar garrantzi handiko ekitaldiak eta jardunaldiak ospatzen dira. Gertuko agendara joanez gero, Hernanin urriaren 9 eta 22 artean ospatzen den Bakailao Astea nabarmentzen da, non ekintza ugari antolatu den, 23 tabernek esku hartuko duten tabernen arteko bakailao pintxo lehiaketa, balailao tailerrak Basque Culinary Center-en, Hernaniko hirigune historikoan eta Albaolan bisita gidatuak eta bakailaoa pil-pil eran lehiaketa. Sagastitik Kupelera ekimenaren eskutik, urriaren 15ean eta 29an sagar bilketa eta sagardoaren elaborazio prozesuak ezagutu eta beraietan parte hartu ahal izango da Iparragirre eta Petritegi sagardotegietan. Eta azaroaren 23, 24 eta 25ean, Hernanin dagoen Oronan, Sagardo Forum-a eta sagardo mundu lehiaketa ospatuko da.

Donostialdea eskualdea Explore San Sebastian Region turismo bulegoan

Donostialdea, Donostiatik gertu dagoen eskualdea, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil udalerriek osatzen dute, industria eta natura paisaiak tartekatuz, kontrastez beteriko eskualdea, sagardoaren kultura bizirik mantentzeagatik ezaguna da. Urtarrila eta apirila bitartean Txotx garaia ireki ohi da, sagardo berria kupeletik zuzenean probatzeko aukera izanik; gainera badira urte osoan zehar Astigarragan, Hernanin, Usurbilen, … hainbat sagardotegik eta Astigarragako Sagardoetxea Museoak sagardoaren kulturan murgiltzeko moduko bisita gidatuak eta dastaketak eskeintzen dituzte.

Baina Donostialdea eskualdeak, sagardotegiak ez ezik, hiru Michelin izar dituen jatetxea ere jasotzen du bere baitan, Lasarte-Oriako Martín Berasategui, hain zuzen ere. Egile-sukaldarien jatetxeak ezezik, betizu, antxume, arkume, perretxiko eta onddotan espezializatutako jatetxeak ere badaude.

Hain gertu eta hain natural, Donostialdea eskualdea zeharkatzen duten Leitzaran, Oria eta Urumea ibaiek Leitzarango eta Oriako Biotopo Babestuetan eta Aiako Harria Parke Naturalean barneratzen gaituzte. Andoaingo Leitzaran Bisitarien Etxea, Plazaola-Leitzaran Bide Berdea, Oria ibarrean dagoen Saria hezegunea, mendi ibilbide eta seinaleztatutako bide ugarik gurutzatzen dute eskualdea iparretik hegora eta ekialdetik mendebaldera, Euskadiko multzo megalitiko handienaz gozatzeko parada ematen dutelarik.

Honez gain, Donostialdean Kultura Ondasun gisa Monumentu Multzo izendatua den Hernaniko hirigune historikoa dugu, non bisita gidatuak eskaintzen diren udan eta txotx denboraldian eta  Chillida-Leku Museoa bisitatu daiteke aurretik hitzordua hartuz gero.

Eskualdea Donostiatik oso gertu dago. N-1 eta A-15 bitartez bidea zuzena da eta gainera aukera ezberdinak ditu: autobus-linea publikoak, trena, hiriburua bere auzoetatik barrena eskualdeko udalerriekin lotura duten bidegorriak, Andoain eta Lekunberri lotzen dituen Plazaola-Leitzaran Bide Berdea, GI-3410 Hernani-Goizueta moduko txirrindulari ibilbideak eta mendi ibilbide ugari, bide erakargarrienetariko bat Besadegitik (Urnieta) hasita Adarra eta Oindi mendietara igotzen dena da.

Donostialdea kirola naturan egiteko leku aproposa da; horretarako hil gabeko arrantz eskola Leitzaran ibaian, kayaka Oria ibaian, mendi martxak eta BTT probak bizikletaz egiteko eta mendian zehar dauden ibilbide sare handian, Golf Kluba Andoainen, hipika, eskalada Santa Barbaran …

Gainera, lotokien eskaintza handia du, bai hotel, nekazalturismo, landa-etxe, ostatu eta era guztietako ekitaldiak burutzeko instalakuntzak, auditorio, multimedia gelak, instalakuntzen alokairua.