Atzealdea

Foru Aldundiak aro politiko berria ireki eta etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzeari ekin dio

Foto Foru Aldundiak aro politiko berria ireki eta etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzeari ekin dio

Foru Aldundiak aro politiko berria ireki eta etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzeari ekin dio

Foru erakundeak Etorkizuna Eraikiz programa nazioarteko erreferenteekin kontrastatuko du irailak 4 eta 5ean Donostian egingo den uda ikastaroan.

Udako Ikastaroaren aurkezpena

Gipuzkoako Foru Aldundiak nazioarteko erreferenteekin kontrastatuko du Etorkizuna Eraikiz programa, gobernantza eredu berri baten eskutik biharko Gipuzkoa diseinatzea xede duen egitasmoa. UPV/EHUko Uda Ikastaroen testuinguruan egingo da kontraste ariketa hau, zehazki datorren asteko astelehen eta asteartean egingo den Gobernantza irekia eta lankidetzazkoa: Etorkizuna Eraikiz kasua kurtsoan. Bertan Australia, Estatu Batuak, Kolonbia, Paris edota Txileko Santiagoko esperientziak mahai gaineratuko dira, eta gero kasu hauek Etorkizuna Eraikiz programarekin alderatuko. “Hasi berri dugun kurtso politiko honetan anbizioz jokatzera goaz, etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzeko behar dugun jauzi kualitatiboa emanez”, azaldu du Imanol Lasa foru bozeramaileak.

            Uda ikastaroa gaur goizean aurkeztu dute hedabideen aurrean, Donostian. Bertan izan dira, Lasarekin batera, Xabier Barandiaran, egitasmoaren zuzendaria eta Gipuzkoako diputatu nagusiaren kabinete burua; eta Carmen Agoues, Uda Ikastaroetako zuzendaria. “Ikastaro honekin, aurretik egin izan ditugun hausnarketa akademiko eta nazioarteko esperientziekin egindako alderaketen jarraipena da”, adierazi du Lasak, aurtengo lehen seihilekoan egin diren nazioarteko topaketei erreferentzia eginez.

            Foru bozeramaileak adierazi duenez, alor publikoak erronka itzela du esku artean: “gauzak egiteko moduak berritu behar ditugu herritarren politikarekiko aldentzea ekidin nahi badugu”. Horregatik, gaur aurkeztu den uda ikastaroaren helburua izango da “zehaztea nolakoak izan behar duen politikaren eta gizartearen arteko harreman berriak”. Lasaren hitzetan, “geure buruari egin behar diogun galdera da ea zer egin behar dugun erakunde publikook herritarren konfiantza indartu eta parte hartzea sustatzeko”.

            Testuinguru honen aurrean Aldundia “ausart” jokatzen ari dela iritzi dio foru arduradunak, saiakera berezia ari baita egiten Etorkizuna Eraikiz programaren bitartez. “Egitasmo honen eskutik, herritarrekin berriro konektatzeko esfortzua egiten ari gara. Zerk kezkatzen ditu herritarrak? Etorkizunak. Bada, gizartearekin elkarlanean, gobernantza eredu berria oinarri, hasiak gara biharko Gipuzkoa diseinatzen”, adierazi du. Lurraldearen lehiakortasunari eutsi eta hobetu, aberastasuna banatu, gizarte eta lurralde kohesioan sakondu eta gizartea birsortzea bezalako gaietan jarri du azpimarra.

Zentzu honetan, azaldu du hasi berri den kurtso politikoan foru erakundeak “aurrerako jauzi kualitatiboa” emango duela: “Agenda politiko berria dugu esku artean eta datozen hilabeteotan esfortzu berezia egitera goaz: Gipuzkoa munduarekin konektatzeko, kanpoko esperientzia aurreratuak inportatzeko, guretzako estrategikoak diren proiektuei bultzada emateko eta, azken finean, gure etorkizuneko lurraldea eraikitzen hasteko”. Agertzen diren erronkei aurre hartu eta arazoak aukera bilakatzeko ahalegina izango dela nabarmendu du Lasak.

Uda ikastaroa

Lasak mahai gaineratu dituen galderei erantzutea xede, astelehen eta asteartean Miramar jauregian egingo den hitzorduak nazioartean entzute handia duten adituak elkartuko ditu. “Mundu mailan aitzindariak diren esperientziak ezagutu eta gure gobernantza eredu berria kasu arrakastatsuenekin alderatzea da bilatzen duguna”, esan du Barandiaranek. “Lasak ondo esan duen bezala, gobernantza eskema berri baten oinarriak identifikatu eta ezagutzeko ariketan gaude murgilduta, eta horretarako ezinbestekoa da nazioarteko eragileekin zubiak eraiki eta sinergiak indartzea”, esan du.

            Lehen egunean, Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, irekiko du jardunaldia eta, ondoren, John Donahue Harvard-eko irakasleak eta Manuel Arenillak INAPeko zuzendaria gobernantzaren anatomia eta egoeran sakonduko dute. Hiru izango dira lehen jardunaldia honetan mahaigaineratuko diren kasuak: Kolonbiako Antiokia hiria, Laura Gallego Medellineko Analisi Politikoaren Zentroko zuzendariaren eskutik; Txileko Santiago, Ariel Ramirez INAPeko Gobernu eta Kudeaketa Publikoaren Eskolako zuzendariarekin; eta Mexikoko Nuevo Leon erregioa, Lorena Pulido Nuevo Leon eta Monterreyko TEC barrutiko Planifikazio Estrategikoaren Kontseiluko ordezkaria.

            Bigarren egunean, berriz, Etorkizuna Eraikiz izango da ardatza, Xabier Barandiaran berak xehatuko baitu Gipuzkoako etorkizuna eraikitzea helburu duen programa hau. Jardunaldi berean hartuko du parte, baita ere, Matt Ryan-ek, Australia Hegoaldeko Lehen Ministroaren Bulegoko kabinete buru ohia, eta gobernuetatik egindako demokrazia erreformak izango ditu hizpide. Julien Defait berrikuntzan adituaren eskutik, berriz, Parisko kasua aztertuko da. Gainera, egun berean hartuko du parte baita ere David Van Slyke Siracusako Unibertsitateko Herritartasun eta Gai Publikoen Maxwell Eskolako dekanoak, eta harreman publiko-pribatuaren inguruan arituko da.