Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru sare osoa eskaneatuko da Mobil Mapping sistema erabiliz

Foru sare osoa eskaneatuko da Mobil Mapping sistema erabiliz

Hobetu eta erraztu egingo dira bide segurtasuna.

2017/11/07
Aldundiak errepideen foru sare osoa eskaneatuko du Mobil Mapping sistema erabiliz

Gaur egindako Diputatuen Kontseiluan Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu berri du lehiaketara ateratzea errepideen foru sare osoa Mobile Mapping sistema (MMS) erabiliz inbentariatzeko lanak. Teknologia horrek errepide sareko datuak eskuratzeko aukera berri bat eskaintzen du. MMS sistema horretan, ibilgailu bati denbora oinarri komun batean sinkronizatutako hainbat sentsore instalatzen zaizkio, eta horiek hiru dimentsiotako kokapen geoerreferentziatu bat ematen diote ia etenik gabe eta automatikoki. Gainera, errepideko ohiko seinale horizontalez gain, eskaneatze horri esker seinale bertikal guztien berri ere izango dugu, esaterako, foru sarea osatzen duten 1.800 kilometroetako trafiko seinaleen edo farolen berri. Aldundia da bere errepide sare osoa sistema honen bitartez eskaneatuta edukiko duen lehen erakundea estatuan,

Bide Azpiegituretako Departamentuak errepideen foru sarearen bideoinbentarioak egin izan ditu azken urteotan, azkena 2004 urtean. Kontuan hartuz handik hona zenbat denbora igaro den eta errepide sareak azken urteetan zer nolako aldaketak izan dituen (errepide zati berriak martxan hartzea, errepideak zabaltzea eta hobetzea, bidegurutzeak aldatzea, etab.), ezinbestekotzat jo da beste inbentario bat egitea. Mobile Mapping teknologiari esker, inbentario berria aurrekoa baino osoagoa eta xeheagoa izango da, gainera.

Inbentario geoerreferentziatua saretik jasotzeari esker, hobetu eta erraztu egingo dira bide segurtasuneko ikuskaritza prozesuen automatizazioa, obrak egiteko baimenak, istripuen diagnostikoak, garraio berezietarako datu generikoak edota departamentuko langileen segurtasuna. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 364.149,50 eurokoa da, BEZa barne, eta kontratua gauzatzeko epea, berriz, hamabi hilabetekoa.

Halaber, Bide Azpiegituretako departamentuak horrela proposatuta Diputatuen Kontseiluak beste kontratu bat lehiaketara ateratzea ere onartu du, hain zuzen, Gipuzkoako errepideen foru sareko egiturak –1000 baino gehiago dira– mantentzeko, birgaitzeko eta indartzeko lanak egiteko kontratua. Kontratu horren helburua da konpontzeko zailagoak eta garestiagoak liratekeen arazoak sortzea ekiditea edo atzeratzea. “Gure departamentuan mantentze lanetan inbertitzearen aldeko apustua egiten ari gara, horrek baliabideak aurreztea eta hondatze prozesua ekiditea dakarrelako”, azpimarratu du Aintzane Oiarbidek. Kontratuak bi urteko exekuzio epea izango du –gehienez ere beste bi urtez luzatu ahal izango da–, eta ia 1.200.000 euroko aurrekontua.

 

Berrikuntza Basque Culinary Center-en

Era berean, Diputatuen Kontseiluak erabaki du ematea 128.290 euroko diru laguntza Basque Culinary Center fundazioari “digitalizazioa eta espazio berriak sortzea” proiektua garatzeko. Proiektuaren xedea da tailer teorikoan lan eremu gehiago jartzea eta behar den ekipamenduaz hornitzea. Etorkizuna Eraikiz dinamikak aurreikusten duen lan ildo estrategikoetako batean kokatzen da erabaki hori. Ildo horren helburua da Gipuzkoak erreferente izaten jarraitzea mundu mailan gastronomia esparruan eta pribilegiozko egoera hori indartzea; ez bakarrik jatetxeen eta goi mailako sukaldaritzaren kasuan, baizik eta ekosistema gastronomikoaren barruan dauden eragile guztietan ere, “ekoizleetatik hasi eta prestakuntzatik nahiz osagaien industriatik igaroz, azken kontsumitzailearengana iritsi arte”, azaldu du Imanol Lasak.

Basque Culinary Center 2011ko irailean zabaldu zen, Gastronomia Zientzien Fakultatea eta Gastronomiaren eta Elikaduraren Ikerketa eta Berrikuntza Zentroa barnean hartuz.  Gaur egun Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean dago eta “proiektu aitzindaria” da europar mailan. Etorkizuna Eraikizekin finkatutako gobernantza eredu kolaboratiboaren barruan, oinarri nagusietako bat da unibertsitateek beren ahalmen guztiak erabili ahal izatea, jakintza sortzeko, hazkunde ekonomiko jasangarria eta gizarte kohesioa bultzatzeko, eta etorkizuneko enpleguaren kalitatea eta kantitatea hobetzeko. “Uste dugu unibertsitateen modernizazioan eta kalitatean inbertitzea pertsonen eta lurraldearen etorkizunean inbertitzea dela zuzenean, eta zalantzarik ez da Basque Culinary Center-ek oso paper inportantea jokatzen duela gastronomiaren esparruan”, azpimarratu du.

Foru Aldundiak ezinbestekotzat jotzen du unibertsitateekin lankidetza izatea, ez unean unekoa edo ezohiko proiektuei lotutakoa, etengabekoa baizik, aurre egin ahal izateko gaur egungo ziurgabetasun egoerari. “Aldaketak etengabekoak dira, eta aukera berrien sortzaile izan daitezke.  Ikerketatik ateratzen den jakintza oso baliagarri izan daiteke, bizitza osoko ikaskuntzaren eta berrikuntzaren bidez, lurraldean lehiakortasun abantailak sortzeko”.

 

Babesa Urnietako Sarobe zentroari

Bestalde, Kulturnieta S.A.ren alde 30.000 euroko diru laguntza zuzena ematea erabaki da, Urnietako Sarobe Arte Eszenikoen Gunearen urteroko jarduerak finantzatzeko. Ateak zabaldu zituenetik Sarobe AEGren helburu nagusia zera izan da eta da gaur egun ere, ekoizpen eszenikoak muntatzeko eta sustatzeko azpiegitura eta baliabide zerbitzua eskaintzea. Proiektu horrek Gipuzkoako sektore eszenikoari azken 23 urteetan egin dion ekarpena oso garrantzitsua izan da. “Zenbakietara bagoaz esan dezakegu urteko 10 ikuskizunen bataz besteko batekin, 23 urteetan 230 ikuskizun ekoitzi direla bertan. Horrek guztiak egiten du Sarobeko azpiegitura eszenikoa lurraldean erreferentzia bakar eta berezia izatea. Zerbitzua erabili izan duten konpainia ugarik eta zerbitzuaren beraren ibilbide profesionalak bermatzen dute hori”, esplikatu du bozeramaileak.

Urte hauetan Sarobek Foru Aldundiaren laguntza izan du, batzuetan diru laguntza izendun bezala, eta azken urteetan deialdi bitartez. Konstatatu daiteke deialdi bitartez eman den urteetan ez dela konkurrentziarik izan, alegia esan daiteke ez dagoela Gipuzkoan honelako zerbitzua eskaintzen duen beste ekipamenturik. Horregatik erabaki da diru laguntza zuzena ematea. Eskaintzen duen zerbitzuak, modu egonkor eta sistematizatuan, era guztietako formatu eszenikoak asmatu, sortu, garatu, zuzendu eta erakusteko aukera ematen du. Ikuskizun eszenikoan parte hartzen duten arlo denek garatu dezakete beren lana bertan (argiztatzaile, eszenografo, jantzi eta soinu arduradunak, zuzendaria, aktoreak, dantzariak etab.). Lana modu profesionalean egiteko baldintzak eskaintzen ditu. Era berean, bere ezaugarrietako bat malgutasuna da, konpainien eta sortzaileen beharretara egokitzeko gaitasuna, bai denbora aldetik eta bai baliabideen aldetik ere.

  

1271