Atzealdea

Gipuzkoa mundu globalaren aurrean

Foto Gipuzkoa mundu globalaren aurrean

Gipuzkoa mundu globalaren aurrean

Gai estrategikoen inguruko arazoek guztioi eragiten digute, eta erantzun integralak, sektoreartekoak eta nazioartekoak eskatzen dituzte

markel olano gipuzkoa

Ez da kasualitatea Stockholm izatea, Silicon Valleyren ondoren, start-upen munduko ekoizlerik handiena, mila milioi dolarretik gora zenbatetsiak. Aste honetan Gipuzkoan izan dugu Charlotte Brogren, Suediako Vinnova berrikuntza agentziako zuzendari nagusia, eta, adierazi duenez, Suedia, herrialde txikia izanik eta bertako klima hotzak eraginda, behartuta dago berritzaile izatera eta mundura zabaltzera, eta bere ustez, beste horrenbeste gertatzen zaigu gipuzkoarroi eta euskaldunoi. Gakoa da erronka handien aurrean haztea, desafioak aukera bihurtzea, konponbideen bila ahalik eta eragile gehien inplikatuz: “Gai estrategikoen inguruko arazoek guztioi eragiten digute, eta erantzun integralak, sektoreartekoak eta nazioartekoak eskatzen dituzte”.

 

Gipuzkoako Foru Aldundia guztiz bat dator ikuspegi horrekin eta, hori egi bihurtzeko asmoz, iaz Etorkizuna Eraikiz programa jarri genuen abian, irekia eta elkarlanekoa den gobernantza eredu batean oinarrituta. Zertarako balio du tresna horrek? Egin diren galdetegiek eta azterlanek erakusten digute etorkizunaren inguruko ziurgabetasuna dela herritarren kezka nagusienetako bat eta, dinamika honen bitartez, lanean hasi gara etorkizuneko erronkei aurrea hartzen saiatzeko; izan ere, Alan Kay informatikari estatubatuarra parafraseatuz, “etorkizuna iragartzeko modurik onena etorkizuna asmatzea da".  Gipuzkoarren laguntzarekin, lurraldeak epe ertain eta luzera izango dituen erronkak identifikatu nahi ditugu eta erronka horientzako konponbide adostuak bilatu nahi ditugu. Enpresak, ikerketa zentroak, unibertsitateak, gizarte eragileak… Brogrenek zihoen bezala, etorkizuneko erronkei erantzun integralak eman nahi badizkiegu ezinbestekoa da gizarte osoaren inplikazioa.

 

Zentzu horretan, Etorkizuna Eraikiz programak zeharkako lerro bat dauka, nazioartekotze sarea deitutakoa, zeinaren xedea baita lurraldearen kanpo harremanak ahalbidetzea eta maila globalean dugun posizionamendua hobetzea. Sare horrek bi helburu ditu, batetik, nazioarte mailan arrakastatsuak izan diren eta gure lurraldearen errealitatera egokitu daitezkeen esperientziak aurkitzea eta, bestetik, Gipuzkoan garatzen ari diren proiektuak eta estrategiak mundu mailako adituekin kontrastatzea.

 

Foru Aldundia oinarriak lantzen hasi da gure lurraldearentzat interesekoak diren esparruetan erreferente diren eragile, erakunde eta pertsonekin nazioarteko harreman agenda zabal bat osatzeko; gainera, jarraipena izateko bokazioarekin abiatzen da. Adibidez, gure enpresa ehuna momentuko esperientzia aurreratuenekin lotzea, edo jakintza aurreratuak jasotzeko sinergiak sortzea. Charlotte Brogrenen bisitaren kasuan, helburua izan da Suediarekin harremanak estutzea, berrikuntzaren alorrean erreferente diren herrialdeetako bat baita.

 

Bisita honetan, aditu suediarrak egiaztatu ahal izan du nola egiten dion aurre Gipuzkoak etorkizuneko erronka nagusietako bati: biztanleriaren zahartzeari. Eustatek berriki argitaratutako datuen arabera, 15 eta 29 urte arteko biztanleria % 33 murriztu da 2001etik 2015era bitartean, hau da, gaur egun duela 15 urte baino 140.000 gazte gutxiago ditugu. Eta Eustatek berak egindako proiekzio demografikoen arabera, 2026an, 65 urtetik gorako biztanleak 2013koak baino 35.500 gehiago izango dira, hau da hazkundea % 25ekoa izango da. Hainbeste kezkatzen duen piramide demografikoaren alderantzikatzea begien aurrean daukagu dagoeneko.

 

Baina, Suediak bezala, sinesten badugu erronka handi batek hazteko eta aurrera egiteko aukera ekar diezagukeela, ahalegina egin behar dugu buelta emateko, haizea gure alde izan dezagun. Aitzindariak eta berritzaileak izan behar dugu, eta jakin badakigu, saiakerak egin behar ditugula eta behar bestetan huts egin behar dugula, azkenean asmatu ahal izateko. Etorkizuna Eraikiz programaren barruan, proiektu bat garatzen ari gara, adinekoen arretan erreferente izango den zentro aurreratu eta puntako bat zabaltzeko Pasaian. Horrelako proiektuetan inplikatu nahi dugu gizartea, jakintza zentroetatik hasi eta sektoreko enpresetaraino iritsiz, eta, aldi berean, Suediako berrikuntza agentzia bezalako erreferenteak bilatu nahi ditugu nazioarte mailan, haiekin proiektua kontrastatzeko eta dinamikaren garapenari ekarpen positiboa egingo dioten balio kualitatibo handiko iritziak lortzeko. 

 

Harreman sare bat osatzeko ahalegin horretan, datozen asteetan areagotu egingo da gure agenda, mundu mailan erreferente diren erakundeen bisita jasoko baitugu eta esperientzia aurreratuenak zuzenean ezagutzeko aukera izango baitugu. Ziur nago datozen asteetan nazioarteko adituek egingo dituzten ekarpenak oso baliagarriak izango direla bilatzen dugun bikaintasun hori lortzeko. Oraina globala da, etorkizuna are globalagoa izango da, eta Gipuzkoak ez du galdu nahi abangoardia globalaren gurpila. Etorkizuna Eraikiz da horretarako tresna aproposa.