Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Aldundiak udalen gainbalio zerga moldatu du, Konstituzionalaren epaira egokitzeko

Gipuzkoako Aldundiak udalen gainbalio zerga moldatu du, Konstituzionalaren epaira egokitzeko

Lurraren balioan gehikuntzak bakarrik zergapetuko dira, eta eskualdatze balioaren eta eskurapen balioaren arteko aldea izango da erreferentzia

2017/03/28

Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Gipuzkoako Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zerga egokitzen duen foru dekretu-araua, Epaitegi Konstituzionalaren azken epaia dela eta. Hemendik aurrera zerga honek, udalen gainbalio zerga bezala ezagutzen denak, lurretan balio gehikuntzak jazo diren kasuak bakarrik zergapetuko ditu, eta ez zaio ezarriko gehikuntzarik ez dagoen edota lurren balioa murriztu den balizkoetan. Eskualdatze balioaren eta eskurapen balioaren arteko aldea izango da erreferentzia gainbaliorik dagoen edo ez jakiteko.

Foru dekretu-araua indarrean egongo da aipatutako Epaitegi Konstituzionalaren epaia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, hau da, pasa den martxoaren 25a. Data horren aurretiazko kasuei dagokionean, eragina izango du oraindik irekita daudenetan. Hau da, oraindik likidazioa jaso ez duten zergadunak, edota martxoaren 25aren aurretik ebatzi gabe dauden berraztertze errekurtsoak. Bestalde, ez da aplikagarria izango epaia argitaratu aurretik irmotasuna hartu duten likidazioak, nahiz eta ez egon preskribatuta, eta, honenbestez, ez da itzulketarik egingo.

Hiri-lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zerga, 16/1989 Foru Arauan jasota dagoena, udal esparruko zerga da, udalerriak baitira berau kudeatu eta biltzeko ardura dutenak. Araugintza eskumena, bestalde, Gipuzkoako Batzar Nagusietan dago. Zerga honek lurraldeko herrien diru-sarreren %2 inguru izan ohi da urtero, eta orain indargabetu diren balizkoak honen zati bat lirateke.

Foru bozeramaileak, Imanol Lasak, azaldu du Foru Aldundia zerga honen erreforman ari zela lanean epaia ezagutu aurretik ere. “Esku artean dugun foru dekretu-araua urgentziazko neurria da gure zergadunen segurtasun juridikoa bermatzeko, baina aldi berean udal esparruko zergen erreforma zabalago batetan ari gara lanean”, jakinarazi du. Gainera, adierazi du gaur onartu den araudi aldaketa udaletxeekin etengabeko kontraste ariketa eginez burutu dela, eta beste lurralde historikoekin elkarlanean. “Erakunde arteko elkarlanaren fruitua da”, nabarmendu du Lasak.

  

1445