Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako Arteen Kontseilu berriak prestigiozko profesionalak izango ditu eta Gipuzkoako kultur politikak gidatuko ditu

Gipuzkoako Arteen Kontseilu berriak prestigiozko profesionalak izango ditu eta Gipuzkoako kultur politikak gidatuko ditu

Denis Itxaso: “Kulturak dituen erronkei aurre egiteko beharrezkoa da kudeaketa irekia eta partekatua, mundu horretan lan egiten duten adituak bilduko dituena”

2016/03/07

Lehen diputatu nagusiorde eta Kultura eta Turismoko arduradun den Denis Itxasok, Maria Jose Telleria foru diputatuarekin batera, Arteen eta Kulturaren Kontseilu berria aurkeztu du, Diputatuen Kontseiluak, Kultura Departamentuaren proposamenez, gaur onartu duena.

Kultura Kontseiluaren sorrera hauteskundeetako konpromiso bat da, foru gobernua osatzeko PSE-PNV gobernu itunean jaso dena; eta, funtsean, bere sortzaileen eta kultur eragileen bitartez Gipuzkoako gizartea ordezkatzen duen organo bat da. Partaidetza eta topaketa gune bat da, baina, batez ere, Gipuzkoan burutzen diren kultur politiken azterketa, hausnarketa eta eztabaida gune bat. Kontseilua gizarteko hainbat arlo ordezkatzen dituzten ospe handiko profesionalez osatuta egongo da eta Kultura diputatuak izendatuko ditu. Arlo horiek dira, besteak beste, kultura, literatura eta pentsamendua, musika, ikus-entzunezkoen sektorea,  arte eszenikoak, arte garaikidea, kultura digitala eta ondarea. 

“Aitortutako prestigioa duten profesionalak aukeratu ditugu gure asmoa delako Arteen eta Kulturaren Kontseilua plataforma bat izatea kulturaren sorkuntzak, zabalkundek eta kontsumoak dituen erronkei aurre egiteko”.

Erronka nagusien artean, Itxasok azpimarratu ditu kulturaren finantzaketa (mezenasgoa eta mikromezenasgoa), kultura digitala, kulturaniztasuna eta mestizajea, kultur espazioen autokudeaketa, pentsamendu kritikoaren sustapena eta gaur egungo eztabaida sorraraztea. “Kultura politikak berbideratu behar ditugu dauden baliabideak benetan sortzaileengana iris daitezen eta egiturak elikatzen xahutu ez daitezen, eta hori hausnarketa sakona eskatzen duen zeregin estrategiko bat da. Horretarako, esperientzia eta, batez ere, irizpide propioa duten ahotsak behar ditugu, ikuspegi ezberdina emango digutenak eta kulturak herritarren artean presentzia irabazten lagunduko digutenak” adierazi du Itxasok

Foru Aldundiko diputatu nagusiordearen hitzetan, “Gipuzkoan aldaketa sakonak gertatzen ari dira, gure inguruko gizarte modernoetan gertatzen ari den moduan.  Lurralde oso aberatsa gara, mestizajea ere gero eta handiagoa da, eta nahitaezkoa da tradizio eta formatu propioak sustatzen laguntzen duten politikak lantzea eta azken urteotan abian jarri den irekitze prozesua indartuko duten beste politika batzuekin uztartzea”.  Foru Aldundiko Kultura Departamentuak legealdi honetarako dituen proiektu nagusien artean daude, besteak beste, hiriburutzak utziko duen legatuari buruzko hausnarketa egitea, Tabakalera bezalako azpiegitura bati heltzea, Gordailua ondarea sustatu eta zabaltzeko benetako zentro bihurtzea eta Errenterian eraikitzen ari den Gipuzkoako Arte Eszenikoen Zentroa.

Halaber, kulturaren zerbitzura egongo den plataforma horrekin lortu nahi da kulturaren eta sormenaren esparruko industriak edukitzea, kultura Gipuzkoarentzat aberastasun, jarduera ekonomiko eta enplegu iturri gisa ere sustatuko duten politikak zehazteko. Kontseilua osatzen duen taldean diziplina artistikoen arteko oreka dago, eta Gipuzkoaz kanpoko ikuspegia eskain dezaketen zenbait pertsona daude, denbora gehiena lurraldetik kanpo pasatzen baitute.

Beraz, honako hauek osatuko dute Kontseilua:

Rocio Peña Azpilicueta; arkitektoa eta Peña Gantxegui estudioko bazkidea.
Cristina Beloqui; Kutxako erakusketen eta ondare artistikoaren ataleko zuzendaria eta Kubo Aretoko arduraduna izandakoa.
Helena Pimenta; eszena zuzendaria eta antzerkigilea, gaur egun Compañía Nacional de Teatro Clásicoko zuzendaria da 2011z geroztik, eta Antzerkiko Sari Nazionala.
Ainhoa Garmendia; sopranoa, Leipzigeko operako bakarlaria izan da (2001-­2009) eta gaur egun Opus Líricako zuzendaria da.
Iñigo Argomaniz; musika produktorea eta sustatzailea. Musika ekitaldien kudeaketa eta zuzendaritzan eta artisten ordezkaritza lanetan espezializatuta dagoen Getin enpresako zuzendaria da.
Iñigo Alberdi; Gaur egun Bilboko Koral Elkarteko Gerentea da eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari nagusia izan da (2006-2014).
Jon Maya; dantzaria eta koreografoa, Errenteriako Musika Kontserbatorioko irakaslea, eta Kukai dantza konpainiaren sortzailea eta zuzendaria.
Luisa Etxenike; idazlea eta nobelagilea, Un Mundo de Escritoras literatua jaialdiko zuzendaria, eta kolaboratzailea hainbat hedabidetan. Frantziako  Arteen eta Letren Zalduna.
Fernando Bernues; eszena zuzendaria eta produktorea da, eta zeregin horietan aritu da antzerkian, zinean eta telebistan.
Juan Aizpitarte; Arte Ederretako graduduna, eta diziplina askotariko artista: grafikoak, soinua, eskultura, bideoa eta argazkia.
Felipe Juaristi; idazlea, poeta eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, euskal literaturaren inguruan egiten du lan. Euskadi Irratiko zuzendari ohia.
Lorena Fernández; Deustoko Unibertsitateko identitate digitaleko arduraduna, Hizkuntza Teknologien eta Irakaslegoaren Prestakuntzaren Institutu Nazionalak eskaintzen dituen ikastaroak koordinatzen ditu, eta Kulturklik – Euskal Atariaren garapenaren arduraduna izan da.
Miren Aperribay; enpresaria eta filme eta bideoen banatzailea, besteak beste, Amama, Lasa eta Zabala, Loreak… Atera Films empresa banatzailearen zuzendaria da.
Andoni Egaña; bertsolaria eta idazlea. Lau aldiz Bertsolari Txapelketako txapelduna. Argitaratutako lanak: Sokratikoek ere badute ama, Pausoa noiz luzatu, Zozoak beleari, Hogeita bina, Zaudete geldi pixka batean, Mendian…
Borja Cobeaga, zuzendaria eta gidoilaria, bere lanen artean daude: Ocho apellidos catalanes (2015. gidoilari kidea).Negociador (2014. Zuzendaria eta gidoilaria). Ocho apellidos vascos (2014. Gidoilari kidea) eta Pagafantas (2009. Zuzendaria eta gidoilari kidea).

Diputatuen Kontseiluak gaur onartu duen araudian jasotzen diren zeregin zehatzak dira: eztabaida eta ezagutza sortzea; irizpenak prestatzea eta gomendioak ematea; Foru Aldundiak garatzen dituen  programen kultura proposamenak baloratu eta eztabaidatzea; Kultura Departamentuaren programen eta helburuen jarraipena eta ebaluazioa egitea; kultura gaiei buruzko azterlanak eta txostenak sustatzea; eta Departamentuaren aurrekontua diseinatzeko prozesuan harte hartzea.

  

1490