Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Udalerri txikientzako laguntzak, hirigintza-plangintza klima-aldaketaren aurkako borrokara egokitzeko

Udalerri txikientzako laguntzak, hirigintza-plangintza klima-aldaketaren aurkako borrokara egokitzeko

10.000 biztanle baino gutxiagoko udalentzako laguntzak berreskuratu dira, 261.000 eurokoak.

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak berreskuratu egin ditu, hamarkada bat igaro ondoren, 10.000 biztanle baino gutxiagoko udalentzako laguntzak, 261.000 eurokoak, plangintza egokitzeko eta GipuzkoaKlima 2050 estrategiara egokitzeko.

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuko diputatu sozialista Marisol Garmendiak departamentuak 10.000 biztanle baino gutxiagoko Gipuzkoako udalerriei bideratuko dizkien laguntzak aurkeztu ditu, hirigintza-plangintza indarreko araudira egokitzeko berrikusten ari direnei zuzenduak, bi alderdi berri kontuan hartuta: eremu degradatuak berroneratzen esku hartzeko programak eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeko politikak kontuan hartzen dituzten neurriak.

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak berreskuratu egin ditu, hamarkada bat igaro ondoren, udalerri txikietako plangintzarako laguntza horiek. 2018. urtean 261.000 euroko aurrekontua dute. Marisol Garmendia diputatuak adierazi duen moduan, “gogoan izan behar dugu hirigintzatik eta lurzoruaren plangintzatik ere lan egin dezakegula klima-aldaketaren aurkako borrokan. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentutik, abian du GipuzkoaKlima 2050 estrategia, jasangarritasunari eta klima-aldaketaren aurkako borrokari buruzko zeharkako politikei eragiten diena, eta hirigintza da horietako bat. Arazo eta erronka globala da, baina zuzeneko eragina du tokiko mailan; horregatik lagundu nahi diegu Gipuzkoako udalerri txikiei hirigintza jasangarriaren gako horretan lanean hasten”.

Hirigintza-plangintza da lurraldearen gainean jarduteko funtsezko tresna. Horrela, krisialdi ekonomikoak, lurraldearen degradazioak edo klima-aldaketak ekarri dituzten ondorioei aurre egin nahi badiegu, lurraldearen antolamendua ezinbesteko tresna da bai haien ondorioak prebenitzeko bai arintzeko. Marisol Garmendiak azpimarratu duenez, “industria-krisialdiaren ondoren erabilerarik gabe geratu diren zona degradatuetan jarduteko eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeko jasangarritasunaren gako horretan datza, hain zuzen ere, laguntza horien elementu berria, zeren udalerriei eskatzen baitzaie “klima-aldaketaren ondorioak egokitzea eta/edo arintzea” aldagaia hiri-plangintzan gogoan hartzeko”.

Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuko diputatuak gogorarazi duenez, “Gipuzkoak, ia 2.000 kilometro koadro izanik, kalifikatu gabe du lurzoru gehiena, hots, lurzoru urbanizaezina da. Baina, aitzitik, Gipuzkoako biztanle gehienak hiri-lurzoru gisa kalifikatutako zati txiki batean kontzentratzen dira, batez ere kostaldean, hor baitaude biztanleen % 61. Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentutik udal txikienei lagundu nahi diegu, 10.000 biztanle baino gutxiago dituztenei, baliabide tekniko eta aurrekontu-baliabide gutxien dituztenak baitira, hartzen dituzten hirigintza-erabakiak klima-aldaketaren aurka borrokatzeko estrategian txerta ditzaten”.

GipuzkoaKlima 2050 estrategiaren barruan, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentua eta Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentua, Marisol Garmendia eta José Ignacio Asensio buru direla, hurrenez hurren, elkarrekin lanean ari dira era askotako jarduketa eta politiketan. Besteak beste, klima-aldaketak Gipuzkoako hirigintza-plangintzan dituen ondorioak baloratzeko informatika-tresna bat lantzen ari dira.

Tresna hori duela gutxi aurkeztu zuten Donostian egindako jardunaldi tekniko batean. Han izan ziren Gipuzkoako udaletako berrogeita hamar bat teknikari, arkitekto eta hirigile. Lurraldeko udalei klima-aldaketa udalaren jarduketa-esparruan integratzen laguntzea eta horretarako erraztasunak ematea da tresnaren helburua.

Garmendia diputatuak adierazi duenez, “pertsonak helburu dituen hirigintza bilatzen dugu, ingurumen-jasangarritasuna, ekonomia-hazkunde jasangarria eta gizarte-kohesioa bilatzeko jarduketa integrala ahalbidetuko duen hirigintza-eredua. Horregatik, beharrezkotzat jotzen dugu hiri-berroneratzeko estrategiak eta klima-aldaketaren ondorioak egokitzeko eta arintzekoak planteatzea”.

  

1291