Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako zerga bilketa metatua %7,3 hazi da maiatza arte, aurreko urtearekin alderatuta

Gipuzkoako zerga bilketa metatua %7,3 hazi da maiatza arte, aurreko urtearekin alderatuta

Gipuzkoako Foru Ogasunak 2016an baino 99 milioi euro gehiago batu ditu

2017/06/13

Zerga bilketa metatua %7,3 hazi da Gipuzkoan maiatza arte, aurreko urteko denboraldi berdinarekin alderatuta. Zehazki, 2016ean baino 99 milioi euro gehiago batu dira. Igoera azaltzen dute, sarreren atalean, PFEZ, Sozietateen gaineko Zerga eta BEZak izan duten bilakaera positiboak. Alde negatiboan, berriz, BEZaren lurralde arteko doikuntzetan izandako beherakada aipatu behar da.

Ogasun eta Finantza diputatuak, Jabier Larrañagak, datuen balorazio ona egin du. “Urteko zerga-bilketaren nondik norakoa markatzen duten kanpaina handien ataritan, urteko lehen bost hilabetetako datuak oso onak izan dira. Hazkundea gainera zerga guztietan ematen ari da, eta hori ekonomia eta enpleguaren indartzearen adierazle da”, azaldu du. “Orain artekoa urte osoko bilketaren herena da eta, beraz, zuhurtziaz jarraitu behar dugu lanean, asko falta zaigu oraindik helmugara iristeko”, gehitu du diputatuak.

Errentaren gaineko zergaren esparruan, lan atxikipenen atalean 21,6 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (+%3,4). Gora egin dute baita ere ondare irabazien gaineko atxikipenek, 1,1 milioi euro gehiago bildu baitira, eta kapital higikorren etekinek, 1,7 milioitako hazkundea egon baita. PFEZ bere osotasunean hartuta ere emaitza positiboa da, pasa den urtean baino 28,1 milioi gehiago batu dira eta (%5,7).

Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiak, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kontzeptua, 10,4 milioi euro gehiago bildu ditu: sarrera gordinak 6,5 milioi euro gutxitu dira, eta itzulketak 16,9 milioi eurotan gutxitu dira. Zerga berezien atalean, tabako laboreen gaineko zergaren bilketa 4,3 milioi txikiagoa izan da (-%9,6) eta hidrokarburoena, berriz, 6,8 milioitan hazi (+%7,4).

Azkenik, Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %6,1 igo da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 29 milioi euro gehiago: 34,1 milioitan hazi dira sarrerak (+%5,7), itzulketak 20,3 milioi murriztu dira (-%8,1) eta lurraldeen arteko doikuntzak, azkenik, 25,4 milioi gutxitu dira (-%20,2).

  

2289