Atzealdea

Herritarrekin eta eragileekin kontrastatuko ditu Aldundiak Aurrekontu Irekiak, 16 udalerritan

Foto Herritarrekin eta eragileekin kontrastatuko ditu Aldundiak Aurrekontu Irekiak, 16 udalerritan

Herritarrekin eta eragileekin kontrastatuko ditu Aldundiak Aurrekontu Irekiak, 16 udalerritan

“Helburua da gardentasunez ezagutaraztea zertara bideratzen ditugun geure baliabideak, bertatik bertara, proposamenak eta iradokizunak jasoaz”, azaldu du Imanol Lasak

Aurrekontu Irekien proiektuak “bultzada berria” jasoko du datozen asteetan, Imanol Lasa foru bozeramaileak gaur jakinarazitakoaren arabera. Honen bitartez, Aldundiak gonbidapena egin nahi die herritarrei foru erakundearen kudeaketaren lehentasunen definizioan inplika daitezen. Datorren urriaren 14ra bitarte, 16 urtetik gorako gipuzkoar guztiek beraien iritziak eta proposamenak helarazi ahal izango dituzte 2017ko aurrekontuen inguruan, eskualde guztietan egongo den partaidetza karpari esker.

Karpa honek 16 herri bisitatuko ditu. Bertan, gipuzkoar guztiek informatu eta parte hartzeko aukera izango dute, ekimenaren berri xehetasun guztiekin emango duten laguntzaileen eskutik. Etxez-etxe banatu diren esku-orrriak ere eman ahal izango dira. Karpa herri hauetan egongo da: Andoain, Arrasate, Azpeitia, Bergara, Donostia, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Irun, Oñati, Ordizia, Tolosa, Urretxu, Villabona, Zarautz eta Zumaia –hemen hasi zen aurreneko bisita atzo-.

Halaber, datozen asteetan zehar, Imanol Lasak 20 topaketa inguru edukiko ditu Lurraldeko hainbat eragile, elkarte eta talderekin: bigarren hezkuntzako eta unibertsitateko ikasleak, ekintzaileak, jubilatuak, auzo elkarteak, eta gizarte politiken arloko elkartea. “Helburua da gardentasunez ezagutaraztea zertara bideratzen ditugun geure baliabideak, bertatik bertara, herritarren proposamenak eta iradokizunak jasoaz. Aurrekontuak Gipuzkoa osoaren proiektua dira, proiektu partekatuak, haien beharrak eta lehentasunak erdigunean jartzen dituena”, azaldu du.

Karpen eta bilera horien bitartez, agenda mardula edukiko du Diputatuak. Zuzenean 2.500 lagunengana iristea espero da. “Herritarrak inplikatzea eta protagonista bihurtzea dugu xede, politika publikoen diseinuan, garapenean eta ebaluazioan. Horretarako, ezinbestekoa da gertutasunean, irekitasunean eta gardentasunean oinarritutako harremana finkatzea. Bultzatzen ari garen gobernantza oneko ereduaren oinarrietako bat da hau”.