Atzealdea

Laboa omentzeko ikusizko sorkuntzak

Foto Laboa omentzeko ikusizko sorkuntzak

Laboa omentzeko ikusizko sorkuntzak

‘Mikel Laboa: omenaldia / homenaje’ lanak 36 irudi bildu ditu, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko diseinu grafikoko ikasleek eginak

Laboa omentzeko ikusizko sorkuntzak

Gaur goizean, ‘Mikel Laboa: omenaldia / homenaje’ liburua aurkeztu da. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak argitaratu du liburua, eta elkarlanean Euskal Herriko Unibertsitateko Mikel Laboa Katedrak eta Diseinu Grafikoa eta Tipografia (Letraz) Ikertaldeak egina da.

Aurkezpena egiten aritu dira Jone Miren Hernández, Mikel Laboa Katedrako zuzendaria, eta Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaria.

Jone Miren Hernández Mikel Laboa Katedrako zuzendariak nabarmendu duenez, “Katedraren kezketako bat da Mikel Laboaren itzalaren, lanaren eta ondarearen inguruan egiten den lana zabaltzea, baita haren erreferentzien unibertso zabalagoa deitzen duguna ikertzea eta zabaltzea ere. Horregatik, nahiko genuke gaur aurkezten dugun liburu hau, askotariko ikerketa eta sorkuntza lanen berri emango duen liburu sorta baten lehendabizikoa izatea, dagoeneko beste hainbat ikerlan baitaude landuta edo lantzen. Hauxe da Katedrak nahiko lukeena eta, beraz, espero dugu hau bezalako topaketa gehiago egitea, hau da,  zabalkundea egiten jarraitu ahal izatea, bai Mikel Laboaren beraren lan eta ondarearen gainean, bai eta haren eraginari esker euskaraz zein euskaratik egindako sorkuntza berrien gainean.

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalek, bere adierazpenetan nabarmendu du liburuan bildutako testu eta irudien bitartez “gure herriaren identitate eta kulturan hain aztarna sakon eta preziatua” utzitako euskarazko sortzaile honengana “begirada eta interpretazio berri batez” hurbilduko garela. Mendizabalek azaldu duenez, “Liburua harribitxi txiki bat da; hitz eta artearen bidez, euskarari hain estu lotutako Mikel Laboaren sorkuntza hedatzeko balio handiko bitartekoa dugu liburu hau, bereziki gazteen artean hedatzeko eta, baita, beste diziplina batzuetan ari direnengana ere iristeko”. Gainera, Katedrari zein ekimenean parte hartutako sortzaileei zoriondu die zorionak eman dizkie egindako lanarengatik.

‘Mikel Laboa: omenaldia / homenaje’ lanak UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko diseinu grafikoko ikasleek egindako 36 irudi biltzen ditu, Leire Fernández Iñurriteguik eta Eduardo Herrerak proposatutako programa didaktiko batean oinarrituta. “Liburuan agertzen diren irudi askotarikoen bitartez, gipuzkoar sortzaile handi honen  kantuz haraindi aurki ditzakegun zentzu konplexuak ikusarazi eta sentiarazi nahi ditugu, begiratuz eta sentituz, hitz soilez transmititu litekeena hobeto ulertzera iristeko”, esan dute Leire Fernández Iñurritegui eta Eduardo Herrera irakasleek. “Alde horretatik, beti izan behar dugu gogoan liburu honen ezinbesteko printzipio bat:  gauza bat da jakitea eta beste bat, oso desberdina, badakiguna sentitzea. Horretarako, liburuan jasotako sorkuntza lan guztiei darien sentsibilitate artistikoak, irudiak tarteko, gainditu egiten du hitzezko argumentuen ahalmen mugatua, eta aukera paregabea ematen digu euskal musikaren aitalehentzat jo dezakegun artista handi honen lanaren muinari buruzko gogoeta berritzeko eta sakontzeko”, nabarmendu dute.

Askotariko ikusizko sorkuntzek testu laburrak dituzte aldamenean, Mikel Laboaren abestietako pasarteekin lotura eginez Juan Kruz Igerabidek idatziak. Katedrako kolaboratzailea eta bertako zuzendari ohia da Igerabide, eta bere testuek "uztarketa bat” iradokitzen dute, “kantugilearen ahots oihartzunen eta UPV/EHUko diseinu grafikoko ikasleek sortutako lanen artean”.

“Liburuan agertzen diren irudi askotarikoen bitartez, gipuzkoar sortzaile handi honen  kantuz haraindi aurki ditzakegun zentzu konplexuak ikusarazi eta sentiarazi nahi ditugu, begiratuz eta sentituz, hitz soilez transmititu litekeena hobeto ulertzera iristeko”