Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Mugen Gainetik azterlan bat aurkeztu du, LGBTI kolektiboak Erdialdeko Amerikan bizi duen egoera biziki larriari buruz

Mugen Gainetik azterlan bat aurkeztu du, LGBTI kolektiboak Erdialdeko Amerikan bizi duen egoera biziki larriari buruz

Egun, giza eskubideen alde egiteko ezinbestekoa da munduko leku askotan hain zigortua den kolektibo honen eskubideak aitortu eta defendatzea

San Martin: "Gaur egun, giza eskubideen alde egiteko ezinbestekoa da munduko leku askotan hain zigortua den kolektibo honen eskubideak aitortu eta defendatzea".


Lankidetzako zuzendari Fernando San Martinek, Clara Murguialday lagun duela, LGBTI kolektiboak Erdialdeko Amerikan bizi duen egoerari buruzko azterlana aurkeztu du. Mugen Gainetik elkarteak egin du azterketa, Aldundiaren laguntzarekin. 

Aldundiak azterlan hau egiteko eman duen laguntza joan zen urtean onartu zen esparru estrategikoan kokatzen da. Esparru estrategiko horren xedea da Agenda 2030en irizpide eta balioak eta Garapen Jasangarriaren Helburuak txertatzea, hala nola pobreziaren aurka egitea, eta giza eskubideen, genero berdintasunaren, kultura aniztasunaren, ingurumen jasangarriaren eta tokiko erakundeak sendotzearen alde egitea. 

Hori horrela, Lankidetza Zuzendaritzak 60.000 euroko laguntza eman du batez ere El Salvador, Guatemala, Honduras eta Nikaraguako egoera aztertu duen lan hau egiteko. 

Fernando San Martinek salatu egin du kolektibo honek herrialde horietan bizi duen zaurgarritasun egoera larria. Era berean, defendatu du arazoa ezagutarazi egin behar dela, eta herrialde horietako herritarrek nahiz Europakoek oro har egoera horren kontzientzia hartu behar dutela, beren eskubideak esparru guztietan defendatu daitezen. "Gaur egun, giza eskubideen alde egiteko ezinbestekoa da munduko leku askotan hain zigortua den kolektibo honen eskubideak aitortu eta defendatzea".

Proiektuak, oro har, helburu du LGBTI kolektiboaren eskubideak defendatzen dituzten erakundeei laguntzea, errealitatea era positiboan bistaratu dezaten, gizarte gipuzkoarrean kontzientzia sortzea ahalbidetuko duten tresna kulturalen bidez, tokiko errealitatearen eta errealitate globalaren arteko loturatik abiatuta. Ekintza lerro eta estrategia hauek planteatzen dira:
• LGTBI kolektiboaren eskubideen alde lan egiten duten erakundeen nazioarteko sarea indartzea. 
• Emakume lesbianen errealitatea ikuspegi positibo batetatik ezagutaraztea, esparru lokal-globalean. 
• Gipuzkoako herritarrak LGBTI kolektiboak bizi duen errealitatearen inguruan sentsibilizatzea -zinearen bidez-, ikuspegi lokal-globaletik. 
Ikerketa honen arabera, Erdialdeko Amerika infernua da LGBTI kolektiboko pertsonentzat. Eskualde hori munduan desparekotasun eta indarkeriarik handiena dutenetako bat izateaz gain, zigorgabetasun-mailarik handienak agertzen ditu LGBTI pertsonen giza eskubideen urraketa sistematikoaren aurrean. 

Lesbianek, gayek eta trans pertsonek beren sexu-orientazio, genero-identitate edo genero-adierazpenagatik jasaten dituzten gorroto-erasoak eta diskriminazioa kolektibo horren egoeraren ezaugarri bereizgarria da El Salvadorren, Guatemalan, Hondurasen eta Nikaraguan. Horren ondorioz, umiliazioak, mehatxuak, jazarpena eta beldurra dira nagusi kolektibo horren eguneroko bizitzan. 

Landa-eremuko, talde indigenetako edo afrikar jatorriko lesbiana eta trans pertsona gehienak marjinazioan eta pobrezian bizi dira, eta are oztopo handiagoak izaten dituzte egunero jasaten duten diskriminazioari eta indarkeriari aurre egiteko. 

Indarrean dauden esparru juridikoek ez dute bermatzen LGBTI pertsonen eskubideen erabilera, pertsona horiek esplizituki salbuesten dituzte oinarrizko giza eskubideak erabiltzeko aukeraz, edota haien premia espezifikoak kontuan hartzen ez dituen ikuspegi heterosexista batean oinarrituta egiten dituzte legeak.  

Erdialdeko Amerikako lau herrialde horietan homosexualitatea zigortuta ez badago ere (Nikaraguan 2008. urteaz geroztik, eta gainerakoetan duela mende bat baino gehiagoz geroztik), eta arau-esparrua formalki berdintasunean oinarrituta egonik ere, ez da aplikatzen LGBTI pertsonen kasuan, eta, beraz, pertsona horiek bizitzeko, oinarrizko zerbitzu kolektiboak jasotzeko, antolatzeko, kaleetan zehar askatasun osoz ibiltzeko, seguru sentitzeko eta gainerako herritarren baldintza berdinetan justiziara jotzeko dituzten eskubideak ez daude bermatuta. 

Gainera, ez dago lege espezifikorik ugalketa-osasunean arreta egokia jasotzeko, hezkuntzara jotzean diskriminaziorik ez jasateko edota beren identitate pertsonalarekin bat datorren izen bat edukitzeko dituzten eskubideak aitortzen dituenik. Legeriak, halaber, esplizituki debekatzen du LGBTI komunitateko bikoteak eta familiak legez onartzea. 

Horren ondorioz, lesbianek, homosexualek eta trans pertsonek eskola publikoetan bizi dituzten bazterkeria- eta etsaitasun-maila handiak, osasun-erakundeetako langileengandik jasotzen dituzten tratu txarrak, trans emakumeek enplegua lortzeko dituzten zailtasunak eta okerren ordainduta dauden lanak eta sexu-lanak egiteko joera, poliziaren abusuak eta justiziara jotzeko ezintasuna zabalki dokumentatuta daude LGBTI kolektiboaren eguneroko errealitate gisa.  

LGBTI pertsonen aurkako gorroto-eraso eta gorroto-krimenen bolada bat gertatzen ari da azken hamarkadan herrialde guztietan. Milioi biztanleko eraildako trans pertsonen kopururik handiena duen herrialdea Honduras da, eta bigarrena, berriz, Guatemala. El Salvadorren kasuan, 600 gorroto-krimen inguru egin dira gerra zibila amaitu zenetik orain arte. Nikaraguan, bestalde, elkarrizketatutako trans emakumeen % 80k, lesbianen % 50ek eta gizon gayen % 45ek 2010ean adierazi zuten indarkeria jasan zutela sexu-orientazioagatik, genero-identitateagatik edo genero-adierazpenagatik. 

LGBTI komunitateak jasandako erailketen eta erasoen % 90 baino gehiago ez dira zigortzen. Gainera, erregistro-sistema desegokiak direla-eta, biktimak ikusezin bihurtuta geratzen dira hildako pertsonen estatistika ofizialetan. 

LGBTI komunitatearen aurkako etsaitasun eta agresibitate handiko giroa (trans emakumeen aurkakoa bereziki) trilogia zital baten emaitza da: Estatuko aparatuen eraginkortasunik eza, oso gizarte kontserbadoreak, eta elizak eta komunikabideek behin eta berriz zabaldutako gorroto-mezuak. 

Bestalde, Hondurasen gizon gayen aurka egiten diren gorroto-krimenen eta El Salvadorren eta Guatemalan trans emakumeen aurka egiten direnen zifra kezkagarriak misoginiaren, homo-lesbo-transfobiaren, kaleko sexu-lanari lotutako arriskuen, gaizkile taldeen eta krimen antolatuaren jardunaren emaitza dira, eta horiek guztiek zaildu egiten dute gorroto-delituen ikerketa eta jazarpena. Halaber, poliziek eta beste segurtasun-indar publiko eta pribatu batzuek LGBTI komunitatearen aurkako errepresioan betetzen duten zeregin garrantzitsua eta atxiloketa arbitrarioetan, torturetan eta erailketetan duten inplikazioa salatu da. Nolanahi ere, segurtasunik ezaren eta zigorgabetasunaren ondorioz, gora egin dute LGBTI pertsonen barne-desplazamenduek eta behartutako emigrazioak, mehatxuez eta gorroto-indarkeriaz ihes egiteko.

Politika publikoen eremuko lorpen batzuek ia ez dute aplikazio praktikorik izan, lau herrialdeetan nagusi baitira klase politiko kontserbadoreak (ohiturei eta sexu-moralari dagokienez, afiliazio politikoa edozein izanik ere). Klase horiek, hauteskundeetan batez ere, ez dute inolako erreparorik emakumeen eta LGBTI pertsonen eskubideen inguruan hartutako konpromisoak alde batera uzteko. Gainera, eliza-hierarkiek (katoliko eta ebanjelikoek) Estatuko erakundeetan eskua sartzen dute, eta, era horretan, sendotu egiten da eskualdeko legeria eta politika publikoen izaera atzerakoia eta eskubideen aurkakoa.

Azken hamarkadan, LGBTI pertsonen eskubideak babesteko Estatuko instantziak sortu dira lau herrialdeetan (sexu-aniztasunaren defentsa-erakundeak, zuzendaritzak edo prokuradoretzak), baina bertako mugimenduek salatu dutenez, eraginkorrak ez diren edo kolektiboarekin batere konprometituta ez dauden pertsonek zuzendu dituzte erakunde horiek orain arte. 

Halaber, diskriminazioaren aurkako politikak onartu dira El Salvadorko administrazio publikoan eta Nikaraguako osasun-erakundeetan; Hondurasko Zigor Kodearen artikulu batzuk erreformatu egin dira (ezartzeko “delituaren inguruabar astungarria dela sexu-orientazioagatik edo genero-identitateagatik gorrotoz edo arbuioz egitea”); Guatemalako trans pertsonek aukeratzen duten izena jar dezakete nortasun-agirian, eta osasun-arreta integrala jaso dezakete (sexu-aldaketa egiteko terapia hormonaleko zerbitzuak barne); eta Guatemalako LGBTI pertsonek eraso bat salatzen dutenean, kolektiboko kide direla jasoaraz dezakete erregistroan, nahi izanez gero. 

Lorpen eta aurrerapen horiek, nahikoak ez izan arren eta formalak izan arren (errealak baino neurri handiagoan), LGBTI komunitatearentzat garrantzitsuak dira, urte askotan egindako “inurrien” antolamendu-lanaren, alderdi politikoen eta Estatuko erakundeen aurrean egindako intzidentzia-jarduera ugarien, salatzeko eta erreibindikazioak zabaltzeko kanpaina iraunkorren eta mobilizazio publikoetan (kontuan hartuta mobilizazio horietan aktibistek eta LGBTI pertsonen eskubideen defendatzaileek segurtasuna eta bizitza arriskuan jartzen dutela) izandako parte-hartzearen emaitza baitira.  

Azken hamarkadan, LGBTI mugimenduak askotarikoagoak dira, eta, zenbait kasutan, egituratuago daude. 90eko hamarkadan GIB/HIESaren epidemiari aurre egiteko sortu ziren gayen erakunde historikoek (horietako askok esparru horretan jarraitzen dute lanean) lesbiana, gay eta trans pertsonen kolektibo berriekin batera dihardute gaur egun mugimenduan. Kolektibo horiek eskubideen defentsara, gorroto-erasoen eta gorroto-krimenen salaketara, gizartearen sentsibilizaziora eta intzidentzia politikora daude bideratuta nagusiki, homo-lesbo-transfobiaren aurkako jardunaldietako mobilizazio masiboa eta sexu-aniztasuna harrotasunez ospatzeko egunak ahaztu gabe.

Baliabide urriak izanik ere, askotariko LGBTI kolektiboek, erakunde feministekin eta giza eskubideen aldeko erakundeekin lankidetzan, kolektibo osoak jasaten dituen eskubide-urraketak ikusaraztea, LGBTI pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko proposamenak egitea, eskubideen inguruko prestakuntzan eta antolamendu-ahalmenen sendotzean aurrera egitea eta LGBTI kolektibo osoaren eta heterosexismoa iraultzen duten eta aniztasunaren errekonozimendua defendatzen duten pertsona guztien eskubideen aldeko borroka bultzatzeko beste gizarte-mugimendu batzuekin aliantzak egitea lortu dute. 

  

1516