Atzealdea

Lurraldebusek erabiltzaileentzako arreta sendotu du Bilboko Aeroportuan

Foto Lurraldebusek erabiltzaileentzako arreta sendotu du Bilboko Aeroportuan

Lurraldebusek erabiltzaileentzako arreta sendotu du Bilboko Aeroportuan

Lurraldebusek erabiltzaileentzako arreta-zerbitzua hobetu du Bilboko Aireportuan udako aldian.

Lurraldebusek erabiltzaileentzako arreta sendotu du Bilboko Aeroportuan

Lurraldebusek erabiltzaileentzako arreta-zerbitzua hobetu du Bilboko Aireportuan udako aldian. Erraztu egin du Aireportu hori Donostiarekin eta Zarautzekin eta Eibar-Bergara-Arrasate zonarekin konektatzen duten autobusen informazioa, tiketen salmenta eta autobusetarako sarreren kudeaketa. Izan ere, informazio-txartelak gehitu ditu, eta aurrez aurreko arreta bi pertsonarekin sendotu du. Neurri horiek gehitzen zaizkie uztailaren hasieran abian jarri ziren ordu erdiko maiztasunei.

 

Aireportuaren kanpoaldean, Lurraldebusen geralekuaren zutoinean, informazio-seinale berriak jarri dira, argi eta garbi adierazten dutenak zerbitzuen ordutegia, maiztasuna eta lineen prezioa, baita tiketak erosteko makinaren kokalekua eta Lurraldebusen erabiltzailearentzako arreta-zerbitzuaren telefonoa ere (900 300 340). Informazio-txartelak lau hizkuntzatan daude (euskara, espainiera, ingelesa eta frantsesa), eta berritu egin dira, tiketak txartel bidez erosteko makinaren kokalekua adierazteko.

Barrualdean, bi pertsona arduratzen dira bidaiariei tiketak erosteko makina erabiltzen laguntzeaz —kreditu txartelekin eta Mugi txartelarekin soilik funtzionatzen du—, erosketak arintzeaz eta zalantzak eta izan daitezkeen gorabeherak konpontzeaz. Bestetik, kanpoaldean, Lurraldebusen geralekuan, autobusen ondoan, beste pertsona batek kudeatuko ditu autobusetarako sarrerak eta sarbideak, erosteko makinara bideratuko ditu erabiltzaileak eta arduratuko da azken orduko tiketak saltzeaz —tiketa garaiz erosteko aukerarik izan ez dutenei edo tiketa eskudiruarekin erosi nahi dutenei—; horrez gain, Lurraldebusen zerbitzu honi buruzko informazioa eta arreta emateaz arduratuko da.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatu Marisol Garmendia sozialistak adierazi duen bezalaxe, “udako hilabeteetan, oporretako bidaia gehien egin ohi den hilabeteetan, bikoiztu egin ditugu Lurraldebusek Bilboko aireportura egiten dituen zerbitzuak eta Donostiarekiko konexioa. Autobusak ordu erdiro irteten dira bi noranzkoetan. Oraingoan, berriz, terminaleko informazioa, seinaleak eta erabiltzaileentzako arreta hobetu dugu. Pertsona ugari pasako dela aurreikusi da —bertakoak zein bisitariak eta turistak—, eta garraio publikoko zerbitzu egokia eskaini behar diegu guztiei. Horrenbestez, Gipuzkoako herritarren eta gure lurraldea bisitatzen dutenen mugikortasuna eta konexioak hobetuko ditugu”.

Informazioko aurrez aurreko zerbitzu hori abuztuaren 31ra arte izango da indarrean, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Ordu horretatik aurrera, autobusetako gidariak arduratuko dira bezeroei arreta emateaz eta tiketa makinan erosi ezin izan duten bezeroei tiketa kobratzeaz.

Joan den uztailaren 1etik, Lurraldebusek Bilboko aireportura egiten duen zerbitzuak ordu erdiko maiztasuna du bi noranzkoetan, urtearen gainerakoan ordubeteko maiztasuna duenean. Udako ordutegi berriarekin, Donostiako geltokitik 04:30etik 21:30era bitartean daude autobusak. Loiuko aireportuko irteerak ere ordu erdiro dira, 06:15etik 23:45era. Gainera, aurrez eskuratutako tiket bidezko eskaria dagoen guztietan, autobusa Zarautzen geldituko da.

Ordu erdiro egiten den aparteko zerbitzu hori, abuztuaren 31n amaituko dena, joan den urteko uztailean ezarri zen lehen aldiz, eta harrera ona izan zuen aireportuko erabiltzaileen artean. 2016an, zerbitzu bereziek % 13,5eko hazkundea izan zuten uztailean eta % 10,4ko hazkundea abuztuan.