Atzealdea

Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna

Foto Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna

Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna

ERAKUNDE ADIERAZPENA

Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna

Martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen da mundu zabalean. Ospakizun horrek beharrezkoa izaten jarraitzen du, arreta jarri beharra baitago egun ere emakumeek, egunero eta bizitza osoan zehar, jasaten dituzten desoreken inguruan, zergatik eta emakumeak direlako. Beharrezkoa ospakizun bat, orobat, denok sentsibilizatu gaitezen desberdintasun horrek urratzen dituen eskubideen inguruan, ezkutatzen duenaren inguruan, eta, batez ere, denok eraldaketari bidea eman diezaiogun gizonok eta emakumeok aukera, eskubide eta betekizun berak izan ditzagun. 

Gipuzkoako Foru Aldundian, gure lurraldeko pertsona guztiek bizitza justuago bat izan dezaten lan egiteko dugun konpromisoan, erabat gure egiten dugu eskubideak ukatzen zaizkien horien eskubideen defentsa, eta bat egiten dugu egun osoan zehar ehunka herrialdetan entzungo diren aldarrikapenekin. Nahi dugu erakundeok eta gizarteak, batera, beren gain har dezaten aldarrikapen hori urte osora zabaltzeko erronka, eremu guztietara eta egoera guztietara.  Izan ere, nahi dugun Gipuzkoaren eraikuntzak oinarri ditu emakumeen eta gizonen berdintasunaren defentsa eta praktika garbi eta irmoak.

Emakumeen aurkako indarkeriak asaldatu egiten gaitu, eta mugitzera behartzen gaitu. Garrantzi goreneko kontu bat da, egunero ikusten dugun bezala. Emakume bati erasotzen diotenean, gu guztion aurkako eraso bat ikusi behar dugu, demokraziaren eta elkarbizitzaren balioen aurkako eraso bat; eta balio horiek dira, hain zuzen, erakunde eta gizarte ekintzak eta norberaren ekintza pertsonala gidatu behar dutenak.  Beste urte batez, behartuta gaude salaketa hori ozen esatera Nazioarteko Egunaren barruan sustatzen diren ekintza guztietan. "Denok emakume gara, zu gara", diogu, lau haizetara, biktimei gure babesa emateko eta biktimarioei gaiztakeriarik ez dugula jasango adierazteko.

Salaketa horrekin batera, gure egiten ditugu beste erakunde eta gizarte eragile batzuek gure begien aurrean jartzen dituzten aldarrikapenak martxoaren 8a ospatzen dela eta. Horrela, bat gatoz EUDELekin. Tokiko ordezkaritza politikoaren eredu bat behar dugu, non emakumeek dagokien lekua izango baitute. Eta bat gatoz Emakunderekin. Aitortzen dugu antolakuntza publiko eta pribatuen ekarpena eta milaka herritarren lana, beren ereduarekin berdintasunezko gizarte bat eraikitzen laguntzen ari baitira.  Aurrean dugun bidea partekatua da. 

2017an, Gipuzkoako Foru Aldundiak  bere lehen Ardura Partekatuaren eta Kontziliazioaren Foru Plana abiaraziko du, egungo erronka handienetako bati, lanean aukera berdintasuna izateari, baterako jarduera-oinarri bat emateko.

Izan ere, zenbakiek, baita munduko gure txoko honetan ere, modu hotzean erakusten dute badirela arduraz eta zintzo aurre egin behar diegun egoerak. Zenbaki horiek bidegabekeriak ezkutatzen baitituzte, eta guk ez ditugu nahi bidegabekeria horiek. Egoera horiez jabetzea eta zuzentzea argia baita, premiazkoa baita. Bestela, gure gizarte eredua ez da jasangarria justizia sozialetik begiratuta.  Horrela, adibidez:

Unibertsitate titulazioen % 55,5 emakumeen eskuetan daude. Badakigu, alabaina, zuzendaritza kontseiluetako eserlekuen % 25 baino ez dituztela betetzen.
Seme-alabak edo adinekoak zaintzeko baimenen % 95 emakumeek eskatzen dituzte.
Emakumeek 123 egunetan gehiagotan lan egin behar dute gizonek irabazten dutena irabazteko.

Datu hauek goitik behera biluzten dute gizarte bat non emakumeak, nahiz prestakuntza bikaina eduki, % 25 gutxiago kobratzen baitute eta jasan behar baitute nola gizarteak beren bizkar gainean bakarrik jartzen duen zaintzen ardura.

Hori dela eta, aurten deialdi berezi bat egin nahi dugu ardura partekatuaren alde eta erakundeak Gipuzkoako gizartearekin eta enpresekin lankide izan daitezen horretan. Izan ere,  zenbakiei aurrez aurre begiratuta eraiki dezakegu gizarte justuago bat, nahi dugun berdintasunaren gizartea.