Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Lankidetza-hitzarmen batek elkarrengana bilduko ditu Euskadiko eta Quebeceko koreografia-sorkuntzak

Lankidetza-hitzarmen batek elkarrengana bilduko ditu Euskadiko eta Quebeceko koreografia-sorkuntzak

Artean sortzaile eta koreografoen trukea sustatu nahi da.

2017/11/29

Dantzaz Zentroak, Tabakalera Zentroak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, Quebeceko Arteen eta Letren Kontseiluarekin, Euskadiren eta Quebecen artean sortzaile eta koreografoen trukea sustatzeko.

Asteazkena, azaroak 29

Sormenaren garapena indartzea eta koreografoen ikuspegi artistikoa zabaltzea ditu xede bi urteko lankidetza-hitzarmenak, zeina sinatu berri baitute Dantzaz Zentroak, Tabakalera Zentroak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Quebeceko Arteen eta Letren Kontseiluarekin. Hitzarmen horri esker, Quebeceko kanadar lurraldean kokatutako koreografo batek Euskadira bidaiatuko du, bi hilabeteko egonaldi artistiko batean parte hartzeko Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan (Donostia) eta Dantzaz–Sormen Koreografikorako Nazioarteko Zentroan (Errenteria). Hautatutako koreografoak eskura izango ditu 12 dantzari profesional, Dantzaz Konpainiako kideak, 10-15 minutuko lan bat ekoizteko, Konpainiaren errepertorioa osatzera etor daitekeena. Hitzarmena, gainera, joan-etorriko bidaia bat da, euskal entitateek ere egonaldi bat eskainiko baitiote euskal sortzaile bati, bi hilabetekoa, Quebecen, École de danse contemporaine de Montréal delakoan.

Quebeceko Arteen eta Letren Kontseiluak dagoeneko zabaldu du izen emateko epea, deialdi honi aplikatzekoa, interesa duten koreografoentzat. Proposamenak aurkezteko epea azaroaren 2an amaitu zen. Deialdiak hartzailetzat jotzen zuen Quebecen bizi den edozein sortzaile, gutxienez bost urteko ibilbide artistikoa egiaztatzen duena, eta dantzari profesionalez osatutako bi sortze-lanen egilea dena. Hautatutako koreografoak bi hilabeteko egonaldi bat egingo du, 2018ko urtarrilaren 22tik martxoaren 23ra bitartean (Tabakaleran urtarrilaren 22tik otsailaren 23ra bitartean izango da egonaldia; Dantzaz Zentroan, berriz, otsailaren 24tik martxoaren 23ra). Laguntzak barne hartzen ditu, garraio, aseguru eta egoitza gastuak, aholkularitza eta laguntza profesionala, eta, katxet bat, egin behar den koreografia lanaren truk.

Alderantzizkotasuna

Hitzarmen honek ondoriozko bere jarduera alderantzizkoa izango du, eta euskal koreografo batek aukera izango du Quebecera bidaiatzeko, han bi hilabeteko egonaldi bat egiteko, 2018ko udazkenean, Gipuzkoan eskainitako egonaldiarenen antzeko baldintzetan: bi hilabete, barne hartuta, garraio, aseguru eta egoitza gastuak, aholkularitza eta laguntza profesionala, eta, katxet bat, egin behar den koreografia lanaren truk.

Hitzarmen honi esker, nazioarteko beren lankidetza-sareak berritzen dituzte Dantzaz Zentroak, Tabakalerak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Dantzaz Zentroaren kasuan, akordio honek indartu egiten du bere Sormen Koreografikorako Nazioarteko Zentroan babesten duen jarduera: urtero, atzerriko sei koreografok lan egiten dute, Europako dantza-etxe nagusietako batzuekin ezarrita dauzkan akordioei esker. Etxeak hauek dira: Korzo (Holanda), Piemonte dal Vivo, Aterballetto eta Scenario Pubblico (Italia), Danish Dance Theatre (Danimarka), CCN Malandain-Biarritz (Frantzia) eta DanceBase (Erresuma Batua).

Tabakalerak, bestalde, praktika artistikoei laguntzea sustatzen du, sortzaileen espazioaren bitartez, sorrerako helburua izan baitzen kulturako artista edo eragileen profesionalizazioari laguntzea. Espazio horrek eskura jartzen ditu arte sorkuntzarako baliabideak (lagapen espazioak, talde teknikoak eta giza taldeak, eta egoitza-programa), eta, espazioa eta denbora ematen dizkie era askotako sortzaileei, aukera izan dezaten beren proposamenetan ikertzen eta esperimentatzen jarraitzeko. Ekimen horrekin Tabakalerak lortu nahi duena da beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzea, koreografiari arte adierazpide gisa laguntzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, truke horretan, Dantzagunearen bitartez parte hartzen du, zeina baita Foru Aldundiak, dantza sorkuntzarako eta sustapenerako, Gipuzkoan duen zerbitzua, eta zeinean egiten baitu bere koreografia-lana Dantzaz Konpainiak, beste batzuekin batera. Dantzaguneak Errenterian du bere egoitza, herri horretako Udalaren laguntzari esker, Arteleku itxi zenetik, 2014an.

Quebeceko Arteen eta Letren Kontseilua

Quebeceko Arteen eta Letren Kontseiluak laguntza ematen die arte eta literatura arloetako sorkuntzari, esperimentazioari eta ekoizpenari, eta horiek atzerrian zabaltzea sustatzen du. Kontseilua Quebeceko gobernuari lotutako erakunde bat da, Kulturaren eta Komunikazioen Ministerioak finantzatua (www.calq.gouv.qc.ca).

 

 

 

  

1352