Atzealdea

Gipuzkoa egoera ezin hobean dago, turismoa lurraldeko garapen jasangarriaren ardatz bat izan dadin

Foto Gipuzkoa egoera ezin hobean dago, turismoa lurraldeko garapen jasangarriaren ardatz bat izan dadin

Gipuzkoa egoera ezin hobean dago, turismoa lurraldeko garapen jasangarriaren ardatz bat izan dadin

“Turismo Jasangarria Gipuzkoan: erronkak eta aukerak” izeneko azterlana

Gipuzkoa egoera ezin hobean dago, turismoa lurraldeko garapen jasangarriaren ardatz bat izan dadin

Itxaso: “Turismo eredu jasangarri bati esker, kalitatezko 30.000 enpleguko poltsa bat kontsolida liteke”

Asensio: “Turismo jasangarria tresna indartsu bat da Gipuzkoako natura ondarea kontserbatzeko eta balioesteko”

Ekotasa bati esker 2.000.000 euroko diru bilketa egin liteke urtean, eta partez finantza liteke turismoak eragindako zerbitzuen kostuen gehikuntza.

Donostian, beharrezkoa da lan egitea, turismoaren pertzepzioa hobetzeko, aukera jasangarriagoak sustatzeko, eta turisten lurralderanzko fluxua indartzeko.

Hiriburutik kanpora, Gipuzkoak aukera ekonomiko gisa eta kanpo sustapenerako tresna gisa baloratzen du turismoa

Kultura eta Turismoko eta Ingurumeneko diputatuek, Denis Itxasok eta José Ignacio Asensiok, “Turismo Jasangarria Gipuzkoan: erronkak eta aukerak” izeneko azterlana aurkeztu dute, lagun zituztela, alde batetik, Alternativas Fundazioko presidenteorde exekutibo Nicolás Sartorius, eta bestetik, Fundazioko Jasangarritasun arduradun Ana Belen Sanchez. Foru Aldundiak Fundazioari enkargatu zion azterlan hori, analizatzearren zein den Gipuzkoako turismo jardueraren errealitatea eta zer gaitasun duen garatzeko eredu bat garapen jasangarrikoa eta helmugarekin errespetuzkoa, helburutzat hartuta turismo gero eta jasangarriagoa sustatzeko behar diren ekintzak bideratu ahal izatea. Azterlanean, lankide izan ditu, baita ere, EHU,  Deustuko Unibertsitatea eta Gipuzkoako Turismoko Behatokia.

Turismoa giltzarria da, eremu globalean aberastasuna eta enplegua sortzeko. 2016an ostatu gauen errekorra markatu zuen Gipuzkoak, lehenengo aldiz, bi milioi ostatu gaueko zifrara iritsi ez eze, gainditu egin zuen (2.179.877 guztira), aurreko urtean baino % 9,4 gehiago, honela banatuta: % 8,3ko gehikuntza Donostian, % 19,5ekoa Metropolialdean, % 9,8koa kostaldean eta % 8,2koa barnealdean. Turismoak Gipuzkoako BPGaren % 7,4 hartzen du, eta enpleguaren % 9,41, eta 27.983 pertsonari ematen die lana. Donostia, bigarren hiri helmuga errentagarriena da, Bartzelonaren atzetik. Gaur egun, 27.000 bat lagunek lan egiten dute Gipuzkoan turismo sektoreari lotutako enpresetan, eta hori lurraldeko enpleguaren % 9 baino gehiago da. “Horrek denak berekin ekar dezake lurraldean kontsolidatzea goraka ari den sektore ekonomiko bat eta kalitatezko 30.000 bat enpleguko poltsa bat”, esan du Itxasok.

Gipuzkoako turismo sektorearen ezaugarria urtarokotasuna da. Turismo urtarokotasunari dagokionez, protagonismo handiagoa du estatuko merkatuak. Batez besteko egonaldia luzeagoa da landetxeetan, hoteletan baino. Kostaldera etortzen diren turisten eta barnealdera etortzen direnen arteko diferentzia txikitzen ari da; poliki-poliki, oreka batera aurreratzen ari da.

Hazkunde horrek berekin dakartza aukerak, enplegua eta aberastasuna, baina kontrolik gabeko turismo batek eragin kaltegarri batzuk izan ditzake. Izan ere, 2020rako, turismoaren hazkunde handi bat aurreikusten da, ahalegin handiak eskatuko dituena, eta berekin dakarrena turisten beren kontzientzia handiagoa, kalitate handiagoa eta masifikazio txikiagoa eskatzea, eta iritzi publikoak presioa egitea ingurumen inpaktuei buruz.

Gipuzkoak baldintza ezin hobeak ditu hazkunde horren aukerez baliatzeko eta eredu jasangarri baterantz bideratzeko, zeinak oinarritzat hartuko baititu kalitatea, eta helmugako kultura eta natura ondarearekiko errespetua, non turismoa haren garapenaren ardatz traktore bat izango den eta haren tokiko produktuak balioetsiko dituen. Asensioren iritziz: “turismo jasangarria tresna indartsu bat da Gipuzkoako natura ondarea kontserbatzeko eta balioesteko”.

Ekotasa: bi milioi euro urtean, zerbitzuak hobetzeko

Kultura eta Turismo Departamentuak helburu estrategikotzat dauka turismo eredu jasangarri bat garatzea, enplegua eta aberastasuna sortuko dituena, eta kultura nahiz ingurumen balioak babestuko dituena, kontuan hartuta helburu hauek: lurralde oreka, urtaroko oreka, giza kapitala hobetzea, helmuga nazioartekotzea, azpiegiturak eta irisgarritasuna hobetzea, eta gobernantza eta parte-hartzea.

Horretarako guztirako, eta egindako azterlanetik ondorioztatzen denez, ekotasa, aukera on bat izan daiteke turismo trafikoak arautzeko, aukera eta helmuga jakin batzuk sustatuz. Gainera, jasotzen da turismoak tokiko zerbitzu publikoetan sorrarazten dituen kostuen gehikuntza finantzatzen laguntzeko aukera, ekotasa erabiliz inpaktu hori konpentsatzeko tresna eraginkor gisa. Kalkulatzen denez, 0,5 eta 2 euro bitarteko tarifa batekin, Gipuzkoak, 2016an, 1,8 milioi euroko diru bilketa egingo zukeen, eta 2017an, berriz, 2 milioi euroraino irits liteke.

Galdetutakoen % 45 ados dago tasa turistiko bat jartzearekin. Tasaren diru sarrerei dagokienez, gehienak daude turismoak hainbat zerbitzutan izandako eraginak leuntzearen alde, hala nola garbiketan, segurtasunean eta abar, eta turismo jasangarriarekin zerikusia duten azpiegiturak finantzatzearen alde.

Donostian, % 30ek gehiegizkotzat jotzen du turista kopurua; lurraldearen gainerakoan, berriz, aukera bat bezala hartzen da

Ekonomia eta ingurumen adierazleez gain, beharrezkoa da jakitea nola baloratzen duten gipuzkoarrek turismo jarduerak beren bizitzan duen inpaktua, hau da, honela ezagutzen dena: Gipuzkoako turismoaren karga soziokulturaleko kapazitatea. Turismoaren pertzepzio sozialaren azterketak “saturazio maila” neurtu nahi du, turistak zenbateraino ikusten diren “begi onez”, bi aldagaitatik abiatuta: helmuga bat bisitatzen duten turisten bolumenaren (kopuruaren) pertzepzioa, eta nola sentitzen diren (konfortaren aldetik) turista bolumen horrekin. Horretarako, inkesta bat egin zaie 635 pertsonari baino gehiagori lagina osatzen duten 10 udalerrietako biztanleen artean:  Donostia, Hondarribia, Pasaia, Hernani, Getaria, Zumaia, Azpeitia, Tolosa, Segura eta Oñati.  

Hala, lau lagunetatik hiruk uste dute turismoak hobetu egiten dituela lana lortzeko aukerak. Inkestatuen hirutik bik ez diote utzi normalean joaten ziren lekuetara joateari turismoaren eraginez. Gehienek uste dute turismoak kalte baino onura gehiago dituela; % 17k kontrakoa pentsatzen du; eta heren bat neutro azaltzen da.

Pertzepzio aldeak nabarmenak dira hiriburuaren eta lurraldearen gainerakoaren artean. Hiriburutik kanpora, ez da antzematen kultura talka bat turista kopurua handitzeagatik; Donostian, berriz, % 30ek uste dute gatazka dagoela eta identitate galera bat gerta daitekeela. Dena dela, iritziak nahiko polarizatuta daude ia kasu guztietan; apenas dagoen emaitzarik non iritzietako bat % 60tik gora dagoen.

Estrategia integrala

Azterlanak ondorioztatzen duenez, Gipuzkoarako turismo eredu jasangarria eraikitzerakoan, bitarteko gisa erabili behar da, tresna, praktika eta politika sorta bat, barne hartuko dituena plangintza eta kudeaketa turistiko jasangarria errazteko tresnak erabiltzea, turismo jasangarriko politikak eta planak ezartzea, turismo jasangarriaren gaineko tasak biltzea, eta jasangarritasun batzorde bat edo turismo jasangarriaren foro bat eratzea. Beharrezkoa da, orobat: bisitarien karga kapazitatea eta banaketa kontrolatzea; sektore pribatuari laguntzea, haren jasangarritasuna sustatzeko; tokiko produktuak sustatzea balio kate osoan; beste helmuga eta organizazio batzuekin sarean lan egitea; eta kultura ondarea eta tokiko komunitatea babestea. Eta horretarako, gomendatzen da turismo jasangarriari buruzko estrategia integral bat, turismoaren inpaktuaren adierazle nagusiak neurtuko dituena Gipuzkoako herrietan, hainbat neurri sustatuko dituena sektore pribatua eredu jasangarriago baterantz eboluzionatzen laguntzeko, sektorearentzat hainbat neurri garatuko dituena klima aldaketara egokitzeko eta hura leuntzeko, eta sustatuko dituena ekotasari buruzko hausnarketa nahiz eztabaida.