Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Hasi da Turislan, turismo sektoreko enplegu eskaintza biltzen duen azoka

Hasi da Turislan, turismo sektoreko enplegu eskaintza biltzen duen azoka

Azokan 215 lanpostu eskeiniko dira; 47 erakusketarik parte hartzen dute; 1.709 curriculum jaso; 360 hitzordu adostu dira; 19 hitzaldi eta 5 tailer egongo dira.

 

Turismo sailburuak, Kultura eta Turismoko foru diputatuak eta Irungo alkateak Ficobako azoka ireki dute

Hurrengo bi urteetan 14 ostatu berri irekiko dituzte, eta horrek zuzeneko 250 lanpostu sortuko ditu.

Itxaso: «Turislan, lan munduan sartzeko aukera bat izateaz gain, kalitatezko enpleguaren eta sektorearen profesionalizazioaren aldeko eta San Sebastian Region norakoaren kalitatea hobetzearen aldeko apustua ere bada».

Turismo sailburu Alfredo Retortillo, Kultura eta Turismo foru diputatu Denis Itxaso eta Ficobako presidente eta Irungo alkate Jose Antonio Santanok Gipuzkoako Turismo Sektoreko Lehenengo Enplegu Azoka inauguratu dute. Gaur eta bihar egingo da Ficoban enplegu profesionala eta kalitatezkoa sortzeko, sektorea profesionalizatzeko eta helmugaren kalitatea hobetzeko.

Enplegu Azoka Aste Santuan hasten den goi denboraldiko kontratazioen atarikoa izango da. Batetik, topagune izan nahi du lan bila ari diren pertsonentzat eta turismo sektorean askotariko profilen bila ari diren enpresentzat; bestetik, plataforma izan nahi du turismoari lotutako ikasketak egin eta lehen lanpostuaren bila ari diren pertsonentzat, sektorean nolako garapen profesionala izan dezaketen ezagutu nahi dutenentzat edo orientazio bila dabiltzan ekintzaileentzat. Horrekin batera, enplegu azoka sektore turistikoaren intereseko diren gai nagusien inguruko eztabaida pizteko eta ezagutza partekatzeko gune ere izango da.

Turislanen parte hartzen duten enpresa batzuek bete beharreko lanpostuak izango dituzte; beste batzuek, berriz, etorkizuneko beharretarako lan poltsak osatzeko hautagai posibleak ezagutu nahi dituzte.  Azokan parte hartzen dute, halaber, turismoaren sektorearekin lotutako proiektu profesionalak dituzten enpresek, hain zuzen, lankidetza bideak zabaltzeko eta iritziak trukatzeko beren proiektuak ezagutzera eman nahi dituztenek. Agenda partekatu baten bidez, enplegu agentziek 360 hitzordu baino gehiago hitzartu dituzte enpresen eta lan bila dabiltzan pertsonen artean. Guztira 1.709 curriculum jaso dira.

47 erakusketari daude, gehienak Gipuzkoakoak. Sektoreen arabera, gehienak, 34, turismo sektorekoak dira; 11, enplegu eta prestakuntza sektorekoak; eta 2, merkataritzakoak. Azokan bertan, erakusketariek espazio bereiziak izango dituzte hautagaiei elkarrizketa pertsonalak giro lasaiago batean egiteko.

Lanbidek homologatutako 6 enplegu agentzia lanerako bitartekari izanda, martxoaren 1a eta 10a artean 73 enplegu eskaintza argitaratu dira web orrian, guztira 205 lanpostu.

Lurraldeen arabera, eskaintzarik gehienak Gipuzkoan jaso dira (60 eskaintza eta 159 lanpostu); Akitanian 9 eskaintza eta 49 lanpostu izan dira; Bizkaian, 2 eskaintza, eta Nafarroan, 1. Udalerrien arabera, aipatzekoa da Donostia, 30 eskaintza eta 106 lanpostu izan baitira, eta ondoren, Irun eta Hondarribia.

Sektoreen arabera, enplegu gehienak ostatuen (% 56) eta ostalaritzaren (% 22) arlokoak dira.  

Enplegua aktiboki bilatzeko gaitasuna hobetzeko, azokak osagarri izango ditu, batetik, 19 mintzaldiz osatutako programa bat –topaleku eta hausnarketarako zein sinergiak sortzeko foro gisa–, eta, bestetik, 5 tailer eta erakustaldi praktikoak, esperientziak partekatzea, hobetzeko dauden puntuak aurkitzea eta San Sebastian Region norakoaren kalitate indizeak handitzea xedetzat hartuta.

Denis Itxaso pozik azaldu da lehen azoka honetan sektorearen aldetik zein lan bila dabiltzan pertsonen aldetik izan duen  erantzunagatik, eta esperientzia honek arrakasta izatea espero duela adierazi du.

Eustaten azken datuen arabera, Gipuzkoan turistek egindako gastua 1.706 milioi eurokoa izan zen, hau da, barne produktu gordinaren % 7,4 (2014an baino 71 milioi euro gehiago). 20.000 pertsona baino gehiagok egiten dute lan ostatuetan, eta jarduera turistikoari lotutako 25.000 establezimendu baino gehiago daude guztira.

Une honetan 12 hotel daude martxan Donostian, eta bi hiriburutik kanpo:  bost lau izarreko, hiru goi mailako lau izarreko, bi hiru izarreko eta bi izarreko bi. Guztira, 703 logela gehiago egongo dira 2017 eta 2019 artean. Gainera, azken lau hilabeteetan lau ostatu gehiago ireki dira. Horren guztiaren ondorioz, zuzeneko 250 lanpostu sortuko dira aurki, bai eta zeharkako beste asko ere (hala nola garbiketan edo segurtasunean).

«Zifra horiek hazkunde eta etorkizun handiko helmuga bihurtzen dute Gipuzkoa. Horiei esker, lan bila ari diren pertsonentzako aukera handi bat ere bada. Datu garrantzitsuak dira, erakusten baitute sektorea motor garrantzitsuenetako bat ari dela bilakatzen lurraldearen garapen ekonomikoari eta aberastasuna eta enplegua sortzeari dagokionez. Beharrezkoa da ahalegin berezia egitea gure lurraldeko sektore turistikoen kalitate-indizeak hobetzeko». Itxasorentzat TURISLAN, lan munduan txertatzeko aukera bat izateaz gain, “kalitatezko enpleguaren eta sektorearen profesionalizazioaren aldeko apustu bat ere bada”.

 

  

1383