Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Alaia, Gipuzkoan murgiltzeko kultur aldizkaria

Alaia, Gipuzkoan murgiltzeko kultur aldizkaria

Gure lurraldea aurkezteko bisita txartel berri eta dotorea da.

2018/06/20

Denis Itxaso: «Gure lurraldea aurkezteko bisita txartel berri eta dotorea da, kultura, artea eta tradizioak ikusgai jartzen dituena»

Denis Itxaso Kultura diputatuak eta Maite Cruzado Turismo zuzendariak Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratu duen Alaia kultura aldizkari berria aurkeztu dute, Gipuzkoa lurralde bakar eta paregabe egiten duten erakargarri baliotsuak erakusteko. 

Kultura eta joerak ardatz izango dituen argitalpen bat da, ikuspegi oso artistikoa eta kalitatezko edukia izango dituena, San Sebastian Region markaren babesean: albisteak, erreportajeak, hainbat gairi buruzko monografikoak non pertsonaiak gipuzkoarrak diren edo gure lurraldearekin nolabaiteko zerikusia duten, edo gure ohiturak jasotzen dituzten...

«Gipuzkoa kultura helmuga da batez ere, eta hori erakusten eta eskaintzen du gure aldizkariak. Gure lurraldeko artea, kultura, gastronomia, musika, joerak, moda. Gure lurraldea mimoz saltzeko beste modu bat da, kultura, artea eta sakontasuna oinarri izanda. Bisita txartel berri eta dotorea da» adierazi du Itxasok.

Izen handiko artista, idazle, kultur eragile, kazetari eta argazkilariak izan ditugu bidelagun, besteak beste, Edurne Pasaban, Xabier Agote, Juan Arizaga, Ruth Pérez de Anucita, Cristina Iglesias, Anjel Lertxundi, Harkaitz Cano, Juan Carlos López, Lourdes Fernández, Marina Besné, Beñat Sarasola, Yosigo eta Jon Pagola. 

Inprimatzeko formatua ere goreneko kalitatekoa izango da, eta bereziki zainduko da arte zuzendaritza. Ale bakoitzean gai esparru zabala aztertuko da: gastronomia, artea, kultura, kirola, paisaia, literatura, poesia, arkitektura, pertsona ospetsuak... Foru Aldundian argitalpen kontseilu bat eratuko da, Explore San Sebastian Region estrategiaren interes turistikoak kontuan izanik, ale bakoitzerako gai egokiak bilatuko dituena.

Helburua da bisitariak erakartzea eduki aberats eta landuagoa eskainita. Gida turistikoa baino zerbait gehiago izan nahi du, eta eduki landuagoa, interesgarriagoa eta xehetasun gehiagokoa izatearen aldeko apustua egin du.

Era berean, dagoeneko gurera etortzen diren bisitariak sarriago etor daitezen lortu nahi dugu, Gipuzkoak eskaintzen dien alderdi desberdinak erakarrita, eta kalitatezko edukia sortu, premium mailako turismoarekin identifikatzen dena, hau da, gure lurraldearekin bat datorrena.

Hoteletan banatuko da, eta lau hizkuntzatan plazaratuko da; mila ale aterako dira euskaraz eta frantsesez, eta lau mila, gaztelaniaz eta ingelesez. Aldizkariak bertsio elektronikoa ere izango du. Urtean ale bat plazaratuko da.

 

 

  

1516