Atzealdea

Zahartzeari lotutako berrikuntza proiektuak babestuko dira milioi bat eurorekin

Foto Zahartzeari lotutako berrikuntza proiektuak babestuko dira milioi bat eurorekin

Zahartzeari lotutako berrikuntza proiektuak babestuko dira milioi bat eurorekin

Martxan dira AdinBerri programako dirulaguntza berriak, eta Pasaiako Erreferentziazko Zentroaren proiektuaren idazketa

Zahartzeari lotutako berrikuntza proiektuak babestuko dira milioi bat eurorekin

AdinBerri programari dagokion diru laguntza deialdia onartu du gaur Diputatuen Kontseiluak,  milioi bat euroko zuzkidura edukiko duena. Dirulaguntza lerro berri horrek helburu gisa du zahartzaro osasungarriaren esparruan eragina izan dezaketen I+G+B jarduerak babestea, sistema soziosanitarioaren bikaintasuna lortzea, eta alor horretako industriaren lehiakortasuna sustatzea, Gipuzkoak berrikuntzarako duen gaitasuna maximizatuz, “hirugarren sektorearen talentua eta eskarmentua bereziki”. “Indarrak eta irudimena batu nahi ditugu bizitza osasungarria luzatzeko xede komun hori betetzeko, eta Gipuzkoa arlo honetan erreferente izaten jarraitzeko”, azaldu du Imanol Lasa foru bozeramaileak.

Lerro tematiko hauei emango zaie lehentasuna esperimentazio aktiborako lehen deialdi honetan: bizitza luzerako etxea, eta arreta eta zaintzak. Aurrenekoaren helburua da adineko pertsonak etxean ahalik eta denbora gehien bizi ahal izatea, eguneroko gauzak eta zaintza jarduerak modu autonomoan eta independentean egin ditzaten lagungarri izango diren laguntza, egokitzapen eta zerbitzuak eskainita. Hainbat gai aurreikusten dira: etxebizitza egokituak, domotika adimenduna, elkarbizitza eredu berriak –co-housing, komunitatea…-, zerbitzu aurreratuak etxean, gainbegiratzea eta segurtasuna.

 Bigarren lerroak, berriz, berrikuntza bultzatuko du mendekotasun egoeran dauden adineko pertsonei eskaintzen zaizkien arreta eta zaintzako zerbitzuak hobetzeko. Horrela, pertsona aintzat hartzen duen arreta filosofian oinarritutako zaintza eredua sortu nahi da, etxeetan nahiz egoitzetan, betiere oinarri komunitarioa duena eta prebentziora bideratutakoa. Arlo hauek aurreikusten dira, besteak beste: eguneroko bizitzaren kudeaketa, osasuna eta laguntza etxean, prebentzioa eta ohitura osasungarriak, laguntza teknikoak, diagnostiko sistemak, prestakuntza eta entrenamendua, eta arreta ereduak.

Halaber, beste gai hauekin lotura duten proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte eragileek: hiri eta landa ingurunean espazio publiko egokiak sortzea adinekoentzat, haien partaidetza bultzatzea, zahartze aktiboa eta elikadura jasangarria. Etorkizuna Eraikizekin bultzatutako gobernantza ereduari jarraituz, bereziki balioetsiko da proiektuek alderdi hauek garatzea: interes talde desberdinen arteko elkarlana; berrikuntza irekiaren ikuspegia, unibertsitate eta ikerketa zentroekin elkarlanean aritzeko asmoarekin, eta berrikuntza sozialarena; proiektuek azken erabiltzaileen iritzia jasotzea, eta herritarrek, nolabait, proiektuaren definizioan, karakterizazioan eta garapenean parte hartzea, kontuan hartuta elkarrekiko sorkuntzara eta diseinura bideratuta daudela; eta jardunbide egokiak trukatzea mugaz gaindiko eskualdeekin.

 Gipuzkoan, 2017. urtean, guztira zeuden 713.000 pertsonetatik 250.000 pertsona inguruk 55 urte edo gehiago (55+) zituzten, (biztanleriaren % 35).   2031. urteari begira, 55+ talde horren ehunekoa % 46,5era arte haziko da (343.495 pertsona). Biztanleria horren % 27,1ek 65 urte baino gehiago izango du, eta % 5ek 85 urte baino gehiago. Nahiz eta adineko pertsona gehienek beraien zahartzaroa modu autonomoan biziko duten funtzio eta harremanei dagokienez, lurraldeetako biztanleria zahartzen ari dela-eta, mendekotasun mailaren bat dutenen biztanle kopurua egungo 29.000tik 39.000ra pasako da 2031n.

Aldaketa horrek “lehen mailako eta konplexutasun handiko erronka” dakar berarekin foru bozeramailearen esanetan, bai asistentzia ikuspegitik, “zaintzen kalitatea bermatu beharko dugulako”, bai ikuspegi sozialetik, “egitura sozialak eta ekonomikoak aldaketa demografikora eta zahartzaroaren erronkara egokitzea eskatuko duelako”. Edonola ere, aldi berean “aukera handia” dela azpimarratu du, herritarren osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko, “Pertsonarengan Oinarritutako Arretaren (POA) eredu berrien bidean aurrera eginez”,  gure laguntza sistema eta osasun sistema sendotzeko , eta “ekonomia eta produktibitatea hazteko. Adineko pertsonek eskatzen dituzten zerbitzu berriek, kontsumo publiko eta pribatuari lotutako jarduera ekonomikoa et enpleguak sortzeko atea zabaltzen dute”. Deialdiaren oinarriak eta informazio guztia GAOn argitaratuko da laster.

 

Erreferentziazko Zentroa

Era berean, Diputatuen Kontseiluak kontratazio espediente bat onartu du, Hospitalillo inguruan (Pasaia) Zahartzearen eta Mendekotasunaren Arretarako Erreferentziazko Zentroa -AdinBerri- eta lurpeko aparkaleku bat egiteko proiektua eta haren osagarri izango diren azterketa teknikoak idazteko, 1.395.000 euroko aurrekontua eta 6 hilabeteko epearekin.  Marisol Garmendia Diputatuak argitu duenez, zentro honetan uztartuko dira, batetik, laguntza behar duten adineko pertsonei arreta eta laguntza emateko eredu berritzaileak, eta, bestetik, zahartze prozesuari buruzko ikerketa, dokumentazio, formazio eta orientazio ekimenak. Horrela, Gipuzkoan “enplegua eta aberastasuna” sortuko duen berrikuntza sozial eta teknologikoko prozesu honen egonkortasuna bermatuko da. Zentro berri honek, era berean, hobetu egingo du Oarsoaldeako adineko pertsonei zuzendutako zerbitzuen estaldura, eta “funtsezkoa” izango da Pasaialdea biziberritzeko.

Instalazioak 4.747 metro karratuko lursail batean eraikiko dira. Zahartzearen eta mendekotasunaren arretarako erreferentziazko zentro bat izango da, eta arreta zentroa nahiz berrikuntza unitatea bilduko ditu.  Azpiegiturak 120 plaza eskainiko ditu, 25 apartamentu tutelatu eta eguneko zentro bat. Gainera, zerbitzu berritzaileak eskainiko ditu, punta-puntakoak, bai ikuspegi arkitektonikotik, bai arretaren ikuspegitik ere, pertsona xede duen eredu batekin lan egingo baita, erabiltzailea etxean bezala sentitu dadin. Berrikuntza unitateak 500 metro karratuko espazioa izango du. Bertan, ikerketarako eta testatzeko guneak egongo dira. Gainera, plaza zabal bat ere edukiko du, parke ireki batekin, Pasaiaren hiri ingurunean txertatuta.

Aurreikusten da proiektua idatzita egongo dela urte honen amaierarako, eta obrak 2019ko maiatzerako esleitu eta hasiko direla. Obrek 36 hilabeteko iraupena izango dute, eta, hortaz, AdinBerriko instalazioak 2022an zabalduko lirateke. Hala ere, proiektua «hilabete gutxi barru» jarriko da abian, berrikuntza unitatea uda ostean hasiko baita lanean.

 

Topagunea

Azkenik, eta hizkuntza berdintasunaren alde egindako apustuaren baitan, Kontseiluak erabaki du Topagunea Euskara Elkarteen Federazioari 65.000 euroko diru laguntza ematea, pasa den urtean baino 35.000 euro gehiago, bere jarduera babesteko eta elkarlanean sakontzeko: “Foru Aldundiak euskararen erabilera soziala sustatzeko duen politikaren barnean, oso garrantzizkoa da Topagunea Gipuzkoako eskualde nahiz herrietako euskara elkarteak sustatzeko egiten duen lanak, sektorea sendotu eta indartzen laguntzen baitu”. Elkarlan horren bitartez, Topagunearen berregituratze langintzaren esparrua indartu eta garatu nahi da. Izan ere, eraldaketa sakon bat gauzatzen ari da bere ikuspegian eta antolamenduan euskararen normalizazioa bere lurralde osora hedatu nahirik, lankidetza bilatuz helburu berarekin diharduten erakunde eta gizarte eragileekin, eta egiteko hori ahalik eta modurik eraginkorrenean jorratzeko.

Euskaraldia ekimenaren garapenean Topagunearen jarduna babestea izan da dirulaguntza handitu izanaren arrazoi nagusia. Aurtengo azaro eta abendu bitartean izango da Euskaraldia. Euskararen alde herriz herriko dinamika bateratuak sustatuko dira, euskalgintzako eragile lokalak erdigunean kokatuta, eta federazioaren baitan komunikazio tresnak eta interakzio ekimenak indartuko dira, euskaldun antolatuak bizkortzeko eta hauen mugimendua sendotzeko. “Euskara elkarteen eragin esparrua gizarte eremu guztietara zabaltzea bada ere, lehentasunez norbanakoen hurbileneko erabilera askeko guneetan eta aisialdian lan egiten dute, familian, eskolaz kanpoko jardueratan, lagun artean, kulturgintzan eta hedabideetan. Gertutasun horrek balio handia ematen dio haien lanari, eta horregatik da ezinbestekoa jarduera hori babestea”, esan du Lasak.