Atzealdea

Zibersegurtasun Industrialeko Zentro Aurreratua Donostian kokatuko da

Foto Zibersegurtasun Industrialeko Zentro Aurreratua Donostian kokatuko da

Zibersegurtasun Industrialeko Zentro Aurreratua Donostian kokatuko da

Zentroak zibersegurtasun industrialeko laborategi bat edukiko du, lurraldeko enpresei zerbitzua eskainiko diena.

Zibersegurtasun Industrialeko Zentro Aurreratua Donostian kokatuko da

Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentro Aurreratuaren egoitza Zuatzuko enpresa parkean kokatuko da, Donostian. Bertan, besteak beste, lurraldeko enpresei zerbitzua eskainiko dien zibersegurtasun industrialeko laborategia hartuko du, non enpresa hauen produktu eta zerbitzuak frogatzeko aukera eskainiko den. Proiektuaren azken diseinua amaitu da dagoeneko eta fundazio publiko gisa hezurmamituko da urte amaieran. Modu operatiboan, berriz, datorren urte hasieran egongo da martxan, bokazio industrial garbi batekin, eta zibersegurtasunaren desafioan industria gipuzkoarrari laguntzeko eta eremu honetan ekonomia aktibitate berria sortzeko helburuarekin.

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, eta Donostiako alkateak, Eneko Goiak, gaur aurkeztu dute Foru Aldundian proiektuaren kokapena eta bere instalazioek izango dituzten ezaugarri nagusiak. Prentsaurrekoan hartu du parte, baita ere, Ainhoa Aizpuruk, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak.

Guztiak bat etorri dira Zuatzuko enpresa parkeak eskaintzen dituen baldintza “ezin hobeak” azpimarratzeko garaian. Dagoeneko 250 metro karratuko espazioa erreserbatu da Zibersegurtasun Industrialeko Zentro Aurreraturako. Aurkezpenean emandako xehetasunen arabera, IKT eta big datarekin erlazioa duten enpresen presentzia, zibersegurtasunaren alorrekoak, eta Zuatzuk eskaintzen dituen “konektagarritasun baldintza ezin hobeek” leku aproposa bilakatzen dute gisa honetako azpiegitura bat hartu ahal izateko.

Foru Aldundia Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren testuinguruan bultzatzen ari den proiektu estrategikoetako bat da hau eta foru erakundearen aldetik 1,5 milioiko finantzaketa jasoko du  ekimen hau abiarazteko. Zentroaren sorrera fundazio publiko baten bitartez egingo da, zeinetan aurreikusten den Donostiako Udalaren parte hartzea.

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, gogorarazi du egitasmo honek Foru Aldundiaren estrategia ekonomikoaren bi helburu nagusiak batzen dituela. Batetik, Gipuzkoako industriaren “lehiakortasun bultzatzeko” konpromisoa eta, bestetik, enplegua eta lanpostu berriak sortzeko “etorkizuneko sektoreetan Gipuzkoa kokatzeko” ahaleginak bat egiten dute proiektu honetan. “Lurraldeko enpresek erakutsi diguten kezka edo ezinegon bati erantzun nahi diogu Zibersegurtasun Industrialeko Zentro Aurreratuarekin. Hori egingo dugu, gainera, gure lurraldeko industriaren berezitasunei arreta eskainiz”, azpimarratu du.

Olanok gogorarazi duenez, “Gipuzkoako enpresen %80 baino gehiagok ekoizpen eta kudeaketa sistema konektatuak” badituzte ere, “hirutik batek soilik” ezarri ditu segurtasun protokoloak. Gainera, azken urtebetean zibererasoak jaso izana aitortzen dute enpresen erdiak. “Fabrikazio aurreratuaren alorrean Gipuzkoako gaitasunak indartzeko bokazioarekin jaioko da Zibersegurtasun Industrialeko Zentroa, bereziki zibersegurtasun industrialaren ikuspegitik, sektore teknologiko honen garapena sustatuz eta Gipuzkoako enpresa industrialen lehiakortasuna eta nazioarteko kokapena sendotuz”, aldeztu du.

“Jakintza aurreratua sortzeko gure hiriak duen gune nagusietako batetan kokatuko da, eta Donostiak eskaintzen duen gaitasun teknologiko eta berritzaile handiko inguruneaz baliatuko da”, berretsi du alkateak. Gainera, gogoratu du hiriak “ekonomia eta jakintza ehun egokia” duela ezaugarri hauek dituen zentroaren egoitza izateko.

“Zentro honi esker, gaur egun ezinbesteko bihurtu den jarduera batetan kokatuko da gure hiria eta lurraldea bere osotasunean hartuta, batez ere etorkizunari begira. Honi lotuta, erraztu egingo ditu heziketa modelo berriak gurera ekartzeko prozesua, datozen urteetan lanpostu asko sortuko duen sektorea indartuz. Zibersegurtasun Industrialeko Zentro Aurreratuak, erakunde eta enpresen arteko lankidetzaren ondorioz sortu dena, Donostiak zientzia eta berrikuntzaren hiri izateko duen estrategian sakontzen du”, adierazi du.

 

Zentroaren ezaugarriak:

Zentroaren helburu nagusiak honako hauek izango dira:

Ezagutza sustatu zibersegurtasun industrialaren arloan, lurraldeko enpresei zerbitzua emango dion I+G+b-ko laborategi baten bitartez. Bertan, posible izango da ekoizpen sistemak eta ekoizten dituzten produktuak egiaztatzea.

Sentsibilizazioa eta formakuntza, talentua sustatzea xede esparru honetan.

Enpresetan zabaldu zibersegurtasunarekin erlazioa duten ohitura eta praktika onak, zibersegurtasun industrialarekin erlazionatutako teknologia behatoki batekin.

Enpresentzako aurre hartze eta esku hartze erreminten garapena eta bultzada.

Ekintzailetasuna eta zibersegurtasunaren sektorearen indartzeari bultzada.

Lurraldearen ehun industriala kontuan hartuz gero, Gipuzkoak “bere etorkizuna jokoan duela” nabarmendu du Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako diputatu den Ainhoa Aizpuruk. “Gure enpresak apustu indartsua egiten ari dira digitalizazioaren alde, eta honek zibererasoa jasateko arriskua dakar. Baina, honez gain, euren produktu eta zerbitzuetan balio gehigarria eskaintzeko abagunea eskaintzen die gure enpresei. Lehiakortasun faktorea da zibersegurtasuna, eta asko dugu jokoan alor honetan”, nabarmendu du.

Aizpuruk azaldu duenez, zentroak “punta-puntako” azpiegiturak izango ditu, zibersegurtasun industrialeko laborategia nabarmenduz. Honi esker, “gaitasun handiko baliabideak” jarriko dira lurraldeko enpresen eskura. Gainera, “sektoreko enpresa eta eragileen artean elkarlanerako eremua” sortzea ahalbidetuko du azpiegiturak: “Lehen mailako azpiegitura izango da, eta berari esker produktu eta zerbitzu berriak probatu, zibersegurtasun metodo eta zerbitzu berriak ikertu eta gure enpresa industrialeko sortzen dituzten produktu eta zerbitzuak egiaztatu ahal izango ditugu”.

Amaitzeko, diputatuak zentrok duen nazioarteko ikuspegian jarri du azpimarra –Aldundia jada ECSOko kide da, Europako zibersegurtasun sare nagusia-. Aizpururen esanetan, zentroa “osagarria” da inguruko beste zentroekin, eta hauekin “elkarlanean aritzeko duen bokazioa” azpimarratu du. “Ziur gaude zentroa gure industriaren lehiakortasuna bultzatuko duen lehen m