Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Conchita Martínezek hitzaldi bat, erakustaldi bat, Lara Arruabarrenarekin batera, eta haurrentzako ikastaro bat eman ditu

Conchita Martínezek hitzaldi bat, erakustaldi bat, Lara Arruabarrenarekin batera, eta haurrentzako ikastaro bat eman ditu

Aldundiko Kirol Zuzendaritzak bultzatzen duen Emakumea eta Kirola programaren baitan.

Wimbledoneko txapelduna izandakoa, hiru domina olinpiko irabazitakoa eta Davis Kopako eta Federazio Kopako Espainiako taldearen kapitaina, Miramar Jauregian izan da, eta gaur egun emakumeek eliteko kirolean betetzen duten papera izan du mintzagai. Aurretik, goizean, erakustaldiko partida bat jokatu du Lara Arruabarrenarekin batera, eta ikastaro bat ere eman du, tenisa ikasten ari diren haurrei zuzenduta.

Conchita Martínez, esataria, Wimbledoneko txapelduna, hiru domina olinpiko irabazitakoa eta Davis Kopako eta Federazio Kopako Espainiako taldearen kapitaina, Donostian izan da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendaritzak bultzatzen duen Emakumea eta Kirola programaren barruan, eta emakumeen kirola sustatzeko hainbat ekintzetan parte hartu du.

Lehenik eta behin, historian WTA zirkuituko titulu gehien jaso dituen tenislari espainiarrak binakako erakustaldiko partida bat jokatu du hiru tenislari gipuzkoarrekin batera; Conchitak Ane Mintegi gaztearekin jokatu du, eta Lara Arruabarrena tenislari tolosarra, egun WTA rankingeko 77.a, eta Teba Sanz tenislari beteranoa izan dituzte aurkari. Partida Donostiako Tenis Elkarte Errealean jokatu da, eta harmailak ikuslez bete dira.

Ondoren, Conchita Martínezek ikastaro bat eman du prestatze bidean dauden tenislariei zuzenduta, eta dozenaka haurrek hartu dute parte bertan. Parte hartzaileek aukera izan dute Wimbledon irabazi zuen lehen emakume espainiarrarekin ikasteko. Conchita Martínez Garbiñe Muguruzaren entrenatzailea izan zen, hori ere Londreseko torneoaren irabazle izandakoa.

Arratsaldean, emakumeei eta kirolari bideratutako jardunaldi honi bukaera emateko, Conchitak hitzaldi bat eman du, Denis Itxaso Kultura eta Kiroleko diputatuak aurkeztuta, eta, beste behin ere, Lara Arruabarrena alboan zuela. Monzoneko txapeldunak hainbat gai izan ditu hitzaldi horretan hizpide: tenis munduan bizitako esperientziak, elite mailako emakume kirolari gisa duen ikuspegia, tenislari profesionala izatetik entrenatzaile eta esatari lanetara egindako jauzia, egungo emakumeen errealitatea elite mailako kirolean, berdintasunerako bidea, eta aurre egin beharreko erronkak, gero eta emakume gehiagok kirola egiteko ohitura izan dezan, eta goi errendimenduko kirolerako sarbidea izan dezan.

Denis Itxasoren hitzetan, «Gipuzkoan, berdintasuna lortu nahi dugu kirolaren esparru guztietan, prestakuntzatik hasi eta elitera arte, eta Conchita Martínez erreferentziazko kirolaria gure artean izatea sekulako luxua da, bidea irekitzeaz gain, eredu izan delako beti pista barruan nahiz kanpoan, eta Davis Kopako gizonezkoen taldearen lehen entrenatzaile emakumea izan delako. Gure emakume kirolariek emakume ospetsuen irudiak behar dituzte beren buruak islatuta ikusteko, eta Conchita Martínezen esperientzia lehen eskutik ezagutzeko aukera izatea ezinbestekoa da gure jokalarientzat».

 

 

  

1410