Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Enpresei produktu berriak merkaturatzen laguntzeko programa jarri du martxan Foru Aldundiak

Enpresei produktu berriak merkaturatzen laguntzeko programa jarri du martxan Foru Aldundiak

Izaera berritzailea duten proiektuen komertzializazioari bultzada emateko 700.000 euroko diru-laguntza onartu du Kontseiluak

2016/07/03

Produktu berrien merkaturatzea bultzatzeko enpresei laguntzea du helburu gaur Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak onartu duen programa berriak, komertzializazio aurreko prototipo fasean dauden teknologia eta egitasmoak “industriara bideratzeko moduko eta merkatuaren beharren araberako produktu eta zerbitzu” bihurtu daitezen. Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuak, hain zuzen ere, 700.000 euro bideratuko ditu ezaugarri berritzaileak dituzten proiektuen merkaturatzea errazteko ekimenak babestera.

“Enpresek eta administrazioak ahalegin handia egiten dugu I+G+b sustatzeko, eta, garatutako proiektuen kopurua eta kalitatea behar bezalakoa bada ere, produktu berriak merkaturatzearen emaitzak ez dira beti esperotakoak”, azaldu du Ainhoa Aizpuruk, Ekonomia Sustapeneko diputatuak, Kontseiluaren ondoren egindako asteroko prentsaurrekoan. Gaur ezagutzera emandako proiektuak egoera horri aurre egin nahi dio,  “laborategiko emaitzaren eta merkatuak espero duen produktuaren arteko tarteari –heriotzaren harana esaten zaion horri, hain justu”, argitu du Aizpuruk.

Diputatuak jakitera eman duenez, programa honek lagunduko ditu “merkaturatze aurreko fasean dauden produktuak, oraindik garatzeko edota egokitzeko beharra dutenak eta industriaratzeko proiektuak”, beti ere ahalik modurik hoberenean merkaturatzeko. Aipatutako egitasmoek honako baldintzetakoren bat bete beharko dute:

•          I+G+b jarduerak, produktu berria garatzen bukatzeko: industria diseinua, produktuaren ingeniaritza, prototipoa balioztatzea eta berriz diseinatzea…

•          I+G+b jarduerak, produktu berria industriaratzeko: industriaratze azterketa; ekoizpen bide berrien garapena; material, molde edo tresna berrien azterketa…

•          I+G+b jarduerak, produktu berria merkaturatzeko: patentagarritasuna, balioztatzea eta homologazioa, jabetza industriala eta patentea…

  

1335