Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea ‘Ekonomia Indartuz’, 95 milioi euro, Gipuzkoako ehun ekonomikoa indartzeko

‘Ekonomia Indartuz’, 95 milioi euro, Gipuzkoako ehun ekonomikoa indartzeko

Plan ekonomiko berriaren bidez, laguntzak eta neurri fiskalak ezarriko dira pandemiak gehien erasandako sektoreei laguntzeko eta lurraldeko enpresen lehiakortasunerako eraldaketa indartzeko.

Foru Aldundiak Gipuzkoako ehun ekonomikoa babesteko eta eraldatzeko Ekonomia Indartuz plana aurkeztu du gaur. Tresna horren bidez, Foru Aldundiak programa, laguntza eta neurri multzo bat taxutuko du lurraldeko ekonomia indartzeko eta COVID-19ak eragindako krisia gainditzeko. Plan horrek 95 milioi euroko zuzkidura izango du, eta bi alderdi izango ditu: kointuralagoa bat, eta estrukturala bestea. Lehenengoak, alde batetik, pandemiak gehien erasandako pertsona eta sektoreei laguntzeko laguntza ekonomikoak eta neurri fiskalak bilduko ditu, bereziki enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei zuzenduta, eta 40,5 milioi xedatuko dira horretara; bestetik, azpiegituretan inbertitzea bultzatuko du jarduera ekonomikoa bultzatzeko, eta 25,5 milioi euroko zuzkidura izango du. Egituraren araberako alderdiari dagokionez, Aldundiak sustapen ekonomikorako eta berrikuntzarako programa nagusien zuzkidurari eutsiko dio (29 milioi euro), horrela, ekoizpen sarearen lehiakortasuna indartzeko.  

          Markel Olano diputatu nagusiak eta Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak planaren edukia azaldu dute gaur. Olanok azpimarratu duenez, funtsezko printzipio hau du abiapuntu:  "Gure ongizatea, gaurkoa eta biharkoa, ekonomia indartsu batean oinarritzen da.  Gipuzkoako jarduera ekonomikoa eta produktiboa indartzea ezinbestekoa da gure gizarte arretaren ereduaren jasangarritasuna bermatuko duten baliabideak sortzeko, pandemia honetan ikusi dugun bezala sektore horrek berebiziko garrantzia baitu, eta Europan desberdintasun gutxien duen lurraldeetako bat izaten jarraitzeko. Gure ahalegin guztia kalitatezko enplegua sustatzera bideratuta dago, gizarte kohesioaren bermatzaile nagusia gisa baita. 2021n ekonomia suspertzen joatea espero dugu, eta susperraldi hori sektore eta pertsona guztiengana iristeko lan egingo dugu", ziurtatu du.

          Ekonomia Indartuz programak ekonomia suspertzeko oinarrizko bi lan ildo azpimarratuko dituela adierazi du diputatu nagusiak:  "Pandemiak gehien erasandako jarduera ekonomikoei eta profesionalei laguntzea, eta gure enpresen lehiakortasunerako eraldaketa bultzatzea. Sektore guztiak hartzen ditugu kontuan, krisiaren eragina arintzen laguntzen dugu, baina epe ertain eta luzeko apustuak ere finkatzen ditugu, pandemia osteko agertokira prest iristeko".   Planaren ikuspegia ere azpimarratu du, "erakundeen arteko lankidetzan eta lankidetza publiko-pribatuan", "eraginkortasunean" eta beste eragile instituzional batzuk hartzen ari diren neurriekiko "osagarritasunean" oinarrituta.  "Aldundiaren finantza eta kudeaketa gaitasunak ahalik eta gehien aprobetxatzearen aldeko apustua egiten dugu, jarduera ekonomikoa bultzatzen laguntzeko, ikuspegi kontrazikliko eta asmo handiko batetik".   

 

Dirulaguntzak: 12,5 milioi

Ekonomia Indartuz programaren bidez, Aldundiak 12,5 milioi euro bideratuko ditu laguntza-lerroetara, krisiaren eragina arintzeko “oxigenoa" emateko: 4 milioi euro, Elkar-Ekinen enplegagarritasun-laguntzak indartzeko (3 milioi euro), eta milioi 1, aldi baterako erregulazio espedienteek eragindako edo langabezian dauden profesionalak birkualifikatzeko; 1,6 milioi, turismo-sektoreari; 1,9 milioi, gertuko merkataritzari. 1,9 milioi, ostalaritzari; milioi 1 euro lehen sektoreko azpisektore kaltetuenei; 2 milioi euro kulturaren eta kirolaren esparruei; eta 150.000 euro, artisautza sektoreari.

Turismoari dagokionez, zuzeneko laguntzak antolatuko dira bidaia-agentzientzat, nekazal-turismoentzat eta landetxeentzat, hotelentzat, pentsioentzat, kanpinentzat, hartzaileentzat, turismo aktiboarentzat, gida eta zerbitzu turistikoentzat, eta apartamentuak eta etxebizitza turistikoak kudeatzen dituzten enpresentzat. Merkataritzarako laguntzak, bestalde, bi lan-ildo nagusitan egituratuko dira: eraldaketa lehiakorra eta eraldaketa digitala. Ostalaritzari dagokionez, laguntza gehienak eraldaketa digitalari lotuta egongo dira, eta beste bi ildo ere aurreikusten dira, Gipuzkoako produktua kokatzeko, eta tokiko produktuaren eskaintza sustatuz Km0 ostalaritza-eredua bultzatzeko.

Foru Aldundia laguntza ildo horietako bakoitzaren xehetasunei, baldintzei eta baremoei azken ukituak ematen ari da, baina Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko diputatuak aurreratu duenez, ildo horietako gehienak "apirilean" gauzatu nahi dira. "Ahalik eta azkarren, bizkorren eta eraginkorren kudeatu nahi ditugu laguntza horiek.  Gure helburua da lehenbailehen iristea eta izapideak ahalik eta errazenak izatea".   Horretarako, laguntza horietako batzuk "zuzenean" emango dira, "gaitasun teknologikoak eta Foru Ogasunarekiko lankidetza uztartuz". Beste laguntza batzuk sektoreko eragileen bidez kudeatuko dira. Halaber, Larrañagak zehaztu du "bideragarriak diren proiektu ekonomikoen jarraipena" lehenetsiko dutela, baita "eraldatzea eta balio erantsia sortzea" ere.

 

Fiskalitatea: 28 milioi

Zerga arloan, Foru Aldundiak mahai gainean jarri dituen neurri fiskalen azken sorta biltzen du foru planak, eta gehienak tramitazio fasean daude gaur egun. Neurri horien eragina, guztira, 28 milioi eurokoa izango dela aurreikusi da, batez ere krisiak gehien zigortu dituen kolektiboentzako laguntzetarako, hala nola autonomoentzako, mikroenpresentzako eta enpresa txiki eta ertainentzako laguntzetarako. "Fiskalitatea Aldundiak duen eskumenik garrantzitsuenetako bat izanik, Ekonomia Indartuz planaren euskarrietako bat ere bada", nabarmendu du Diputatu Nagusiak.

Planaren barruan, neurri hauek sartzen dira: pizgarri fiskalak bai PFEZean bai Sozietateen gaineko Zergan, alokairua jaisten duten errentatzaileei hobariak emateko COVID-19aren krisiak bereziki eragindako negozioetarako, hala nola ostalaritzarako edo saltoki txikietarako. Hemen sartzen da beste kenkari berri bat, PFEZn eta Sozietateetan ere bai, negozioak pandemiak eragindako errealitatera egokitzearen ondoriozko gastuak finantzatzen laguntzeko (babes-elementuak erostea, zerbitzuak emateko bitartekoak berritzea…).

Hirugarrenik, Gipuzkoako ekonomiaren digitalizazioa bultzatzeko pizgarriak ere biltzen ditu Planak, eta horien artean daude TicketBAI proiektuari lotutako kenkariak. Zehazki, % 30eko kenkaria da PFEZn eta Sozietateetan, txikizkako merkataritzaren eraldaketa digitalari laguntzeko edo fakturazio-sistema aipatutako proiektura egokitzearen ondoriozko gastuak finantzatzeko. Pizgarri hori % 60raino handitzen da borondatezko epean (2021eko azaroaren 1a baino lehen) funtzionatzen hasten bada.

Azkenik, pandemiaren hasieran onartutako aparteko pizgarriak ere sartzen dira, ekitaldi honetara luzatu direnak. Pizgarri horien helburua da mikroenpresetan eta ETEetan inbertitzea sustatzea, mikroenpresek eta enpresa txikiek garatutako I+G proiektuak finantzatzen laguntzea eta enplegu-sorkuntzari hobariak ematea. "Fiskalitatean etengabeko hobekuntzaren aldeko apustua egiten dugu, eta, beraz, Foru Ogasunak jarduera ekonomikoa berreskuratzen eta gure ekoizpen-sarea eraldatzen laguntzeko neurri berriak lantzen jarraitzen du", defenditu du foru diputatuak.

 

Bide azpiegiturak sustatzea: 25,5 milioi

Aipaturikoaz gain, planaren alderdi koiunturalenak azpiegiturei lotutako obrak indartzea aurreikusten du, pandemiaren ondoriozko aurrekontu jaitsierak eragindako proiektuak berrabiaraziz edo bizkortuz. Hala, bide azpiegiturak eta garraio azpiegiturak hobetzeko edo sortzeko jarduerak suspertuko dira, hiru helbururekin: industria eremuetako sarbideak eta lehiakortasun ekonomikoa hobetzea, eta, aldi berean, trafikoa arintzea; lurralde mugikortasuna, eskualdeen artekoa eta Europa barrukoa bultzatzea; eta inbertsio publikoaren bidez enplegua sendotzea.

Ildo horretan, Planak 2021ean egin beharreko inbertsio ekonomiko hauek biltzen ditu: 27. poligonoa bigarren ingurabidearekin eta Urumeako autobiarekin lotzea -6,8 milioi-; GI-631 errepidea, Azkoitia eta Urretxu artean, hobetzeko obrak -4,8 milioi-; Donostian Marrutxipi–GI-20 lotunea egitea -600.000 euro-; Oiartzunen eta Astigarragan Garraioaren Zentro Integrala eraikitzea, 505 kamioirentzako edukiera izango duena -11,8 milioi-; eta landa bideak hobetzea -1,5 milioi-.

 

Ekonomia sustapeneko eta berrikuntzako programak: 29 milioi

Ekonomia Indartuz programaren egiturazko atalari dagokionez, Aldundiak jarduera ekonomikoa eta berrikuntza sustatzera bideratutako laguntza programen eta hitzarmen nagusien zuzkidura ekonomikoari eustearen aldeko apustua egin du (29 milioi euro). Dirulaguntza horiek lan ildo hauek hartzen dituzte barne: lehiakortasuna -3,4 milioi euro-, eskualde garapena –milioi 1-, ekintzailetzarako laguntza -3 milioi-, langileek enpresan parte hartzea -1,2 milioi-, talentua eta ikaskuntza -2,7 milioi-, I+G+Brako laguntza -5,3 milioi-, nazioartekotzea -1,5 milioi-, 'smart mobility' -1- edo 4.0 industria –milioi 1-.   

Olanoren hitzetan, prozesu horien jarraipena "funtsezkoa" da "ekoizpen sarearen lehiakortasuna indartzeko":   "Egoera ekonomikoa eta gure egunerokotasuna lehengo egoerara itzuliko dira osasun egoerak hobera egin eta txertaketa prozesuak aurrera egin ahala, baina, bitartean, lanean jarraitu behar dugu prestatzeko eta une horretara ahalik eta egoerarik onenean iristeko, munduko ekonomiarik aurreratuenak egiten ari diren bezala.  Gure enpresak ahalegin handia egiten ari dira hobetzeko, aurrera egiteko eta lehiakorrak izaten jarraitzeko, eta Aldundiari eta gainerako eragile instituzionalei dagokigu ahalegin horretan laguntzea".         

Digitalizazioa indartzeko apustuaren barruan, eta atal honetako berritasunen artean, Gipuzkoa Digitala programa dago. Programa horrek 650.000 euroko laguntza lerro berri bat aurreikusten du maila teknologiko altuko industri arloko ETEei beren erakundeetan dituzten datuak balorizatzeko prozesuetan laguntzeko, eta beste 650.000 euro, heldutasun digital baxuko ETEen digitalizazioaren inguruko proiektuak sustatzeko.    Gainera, Aldundiak beste bultzada bat emango dio banda zabal ultraazkarra lurralde osora hedatzeari; 2.500 biztanletik beherako udalerrietan prozesua amaituko da eta kopuru horretatik gorako biztanleria duten udalerrietako eremu sakabanatuetan ezartzeko lanak esleituko dira.

 

Etorkizuneko proiektuak

Azkenik, eta gaur aurkeztutako plana alde batera utzita, Olanok azpimarratu du Gipuzkoak "ibilbide orri argia" duela aurreko legegintzalditik, "etorkizuneko ekonomia" eraikitzeko, “Etorkizuna eraikiz proiektuaren barruan dauden erreferentzia zentroen eta proiektu estrategikoen eskutik. Bide orri horren zabalkundean dagoeneko aurrerapauso handiak egin ditugu". Zentzu horretan, berriki onartutako foru aurrekontuek Mubil, Ziur, Adinberri, Naturklima, Labe, 2deo eta Elkar-EKIN garatzeko urte anitzeko finantzaketa bermatzen dute. Balioan jarri ditu, halaber, lurraldean garatzen ari diren Gipuzkoa Advanced New Therapies (Gantt) –terapia aurreratuak– eta Gipuzkoa Quantum –Teknologia kuantikoak– Proiektuak, horiek ere Euskadi Next programaren barruan sartu direnak.

Diputatu nagusiak berretsi duenez, proiektu horiek "baldintza guztiak" dituzte Europako finantziazioa jasotzeko: "Oinarri sendoak, kalitatea eta Europak pandemia osteko eszenatokia eraikitzeko ezarritako jarraibideekin bat egitea. Nolanahi ere, gure konpromisoa da horiek aurrera ateratzea, laguntza ekonomiko hori iritsi edo ez, gure etorkizuna eraikitzeko funtsezkoak direlako".

  

2270