Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Aldundiak errotonda bat egingo du Soraluzeko sarbidea hobetzeko eta trafikoa arintzeko

Aldundiak errotonda bat egingo du Soraluzeko sarbidea hobetzeko eta trafikoa arintzeko

Futbol zelairako bideko argiteria hobetzera ere konprometitu da foru gobernua, oinezkoen segurtasuna hobetzeko xedez

Diputatu nagusi Markel Olanok bisita bat egin du gaur Soraluzera, eta iragarri du laster errotonda bat eraikiko dela, herrirako sarrera-irteerak hobetzeko eta zirkulazioa arintzeko. Diputatu nagusiak esan du obrak irailean egiten hasiko direla eta urte amaiera aldean bukatuko direla, lau hilabeteko epea izango baitute, inbertsioa 465.235,26 eurokoa izango delarik. Bai diputatu nagusiak bai herriko alkate Iker Aldazabalek azpimarratu dute errotondak zeregin garrantzitsua izango duela, izan ere “nabarmen erraztuko ditu herriko sarbideak, Soraluzeko hegoaldera GI-627 errepidetik bertatik iritsi ahal izango baita, herri osoa zeharkatu beharrik izan gabe”.

Bide Azpiegituren diputatu Aintzane Oiarbidek eman ditu azalpen zehatzak proiektuari buruz eta, Ogasuneko foru diputatu Jabier Larrañaga ere izan den bisitan, adierazi du 36 metroko diametroa izango duela errotondak eta GI-627 errepidearen 51,980 puntu kilometrikoan, Hirukurutzea deiturikoa, eraikiko dela. Oiarbidek azaldu duenez, GI-627 errepdearen Soraluzeko hegoaldeko saihesbidea, gaur egun, erdilotune gisa erabiltzen da, bi adar bakarrik baititu: Bergaratik Soraluzerako sarrera eta Bergara alderako irteera. Horregatik, iparraldetik datozen ibilgailuek (Maltzagatik) eta udalerriaren hegoalderantz joan nahi dutenek bi aukera dituzte gaur: hirugune osoa zeharkatzea edo GI-627 errepidetik jarraitzea Mendizabal industrialderaino eta han norabidez aldatu. Gauza bera gertatzen da hirigunearen hegoaldetik datozen eta iparralderantz (Maltzaga) doazen ibilgailuekin. Alkateak ziurtatu du errotondak egoera arrunt aldatuko duela eta sarbideak errazteaz gainera Soraluze barneko trifikoa arinduko duela. Gainera, azpimarratu du hauxe dela iaz onartu zen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean aurreikusitakoetan egiten lehena.

Hobekuntzak argiterian

Foru Aldundiko eta Udaleko ordezkariek egin duten lansaioan, aztertu da, baita ere, udalerriaren eskari historiko bat: Ezozia futbol zelaira doan bideko argikuntza hobetzea.

Alkateak azaldu du gaur egun ez dagoela argiteriarik, 350 metrokoa den tarte horretan. Bidean gazte asko ibiltzen dira, entrenamenduetara joan-etorrian, eta argi faltak oso kezkatuta eduki dtuela bai udala bai auzotarrak.

Arazoa konpontzeari begira, diputatu nagusia konprometitu da azterketa bat egitera, bidean argiteria lehenbailehen jarri ahal izateko. “Oso ondo ulertu dugu egoera eta inguru horretan segurtasuna bermatzeko soluzioa azkar bilatzera konprometitu gara", adierazi du.

  

1320