Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Aldundiak “desadostasun irmoa” azaldu du Lasarte-Oriako Udalaren ordenantzaren aurkako epaia dela eta

Foru Aldundiak “desadostasun irmoa” azaldu du Lasarte-Oriako Udalaren ordenantzaren aurkako epaia dela eta

Edozein sententzia judizialek eskatzen duen beharrezko errespetuaz gaindi, sententziak ez ditu udalek hizkuntza politiken alorrean dituzten eskuduntzak aintzakotzat hartzen, batetik, eta hizkuntza berdintasunaren oinarrizko printzipioaren aurka egiten du, bestetik.

16 urtetik beherako gazteen artean euskara sustatzea helburu zuen 2017ko martxoan Lasarte-Oriako Udalak onartutako diru-laguntza ordenantzaren aurrean Espainiako Auzitegi Gorenak argitara eman berri duen epaia dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak desadostasun irmoa adierazi nahi du ebazpenaren edukien aurrean. Edozein sententzia judizialek eskatzen duen beharrezko errespetuaz gaindi, sententziak ez ditu udalek hizkuntza politiken alorrean dituzten eskuduntzak aintzakotzat hartzen, batetik, eta hizkuntza berdintasunaren oinarrizko printzipioaren aurka egiten du, bestetik. 

Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritza, gainontzeko erakundeekin elkarlanean, ikuspegi juridiko batetik epaia sakonki aztertzen ari da, hemendik aurrera eman beharreko pausoak definitu asmoz. Hala eta guztiz ere, Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak, Garbiñe Mendizabalek, honako ideia hauek adierazi ditu epaiaren aurrean:

  • 2016ko Udal legeak Udalen esku ere jartzen du Hizkuntza Politikak sustatzeko ahalmena eta eskuduntza eta horretan oinarritu zuen Lasarte-Oriako Udalak bere jardunbidea, orain auzitan jarri duten ordenantza prestatzeko garaian. Lehenik, beraz, udalei –eta bereziki, Lasarte-Oriako Udalari– gure babes osoa adierazi eta alor honetan duten eskuduntza eta arduraren aldeko aldarria egiten dugu, beren egitekoa ezinbestekoa eta funtsezkoa baita hizkuntza politika eraginkorrak sustatzeko garaian.
  • Gipuzkoako gizartean eta erakundeen artean adostasun zabala dago gazteen artean euskararen ezagutza eta erabilera sustatzearen aldekoa, bereziki esparru ez formalean. Hain zuzen ere, eskolaz kanpo bultzatzen diren euskarazko jarduerak etxean euskara jaso ez dutenentzako dira bereziki mesedegarri, gutxien menperatzen duten hizkuntza ofiziala erabiltzeko aukera ematen dielako. Beraz, ordenantzaren aurkako epaiak hizkuntza berdintasunaren printzipioaren eta gizarte kohesioaren aurka egiten du.

Mendizabalek osatu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak “bere konpromiso osoa” berretsi nahi du hizkuntza berdintasunaren aldeko lanean eta azpimarratu nahi du erakundeon jardunak eskatzen duela “neurri positiboak” hartzea euskararen alde, “desoreka egoeran” dagoen hizkuntza delako eta “horrela soilik lor dezakegulako herritarren artean benetako berdintasuna”.

  

1335