Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoako 24 enpresak garatutako 27 zibersegurtasun-proiekturi laguntza

Gipuzkoako 24 enpresak garatutako 27 zibersegurtasun-proiekturi laguntza

Aldundiak 221.065 euro bideratu ditu industria enpresetan zibersegurtasuna sustatzera.

Foru Aldundiak Gipuzkoako industria enpresetan zibersegurtasuna sustatzeko programari dagozkion diru laguntzak eman ditu, eta guztira 221.064,93 euro xedatu ditu horretara.  Lehen deialdia 2018an egin zen eta balorazio ona izan zuen; oraingo honetan 24 enpresak garatutako 27 proiektuk jaso dute laguntza, direla enpresa traktoreek egindakoak –Ampo, Fagor edota Orona–, direla enpresa txiki eta ertainek egindakoak.  "Zibersegurtasuna gure industria ehunaren lehiakortasun faktore garrantzitsuetako bat da, eta etorkizunean are garrantzitsuagoa izango da; beraz, hainbat esparrutan eragiten jarraituko dugu eraldaketa prozesu honek aurrera egin dezan laguntzeko", adierazi du Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak.

Programak hiru laguntza lerro ditu; horietako lehena Gipuzkoako enpresetan zibersegurtasuna indartzeko da, eta 117.147,43 euro bideratzen dira horretara. Diputatuak argitu du enpresa guztiek ez dutela "kontzientziazio maila bera, ezta planifikazio eta baliabide maila bera ere" segurtasuna indartzeko orduan, eta, horregatik laguntzen deialdia egoera bakoitzera egokitzen dela. Hori dela eta, enpresan zibersegurtasuna integratzeko bide orria finkatzen da, bakoitza zer fasetan dagoen kontuan hartuta: diagnostikoak egiteko, industria zibersegurtasuneko plan estrategikoak garatzeko, horiek ezartzeko edo hobetzeko laguntzak ematen dira. Neurri horiek guztiek hainbat alderdi hartzen dituzte kontuan, hala nola ICS ahulezien analisia, IT/OT trafikoen analisia, ICS GAP analisia, ICS soluzioen integrazioa, IC teknologien euskarri zerbitzuak, monitorizazioa eta mantentze lanak, edo ICS heldutasunaren metrika eta adierazleak. 20 enpresak jaso dituzte diru laguntza horiek.

Bigarren lerroak izaera teknikoagoa/kualitatiboagoa du, eta zibersegurtasunaren arloko ikerketa eta garapen esperimentala bultzatzen ditu Gipuzkoako enpresentzat. Kasu honetan, bi konpainia dira onuradunak –Countercraft eta HDIV Security–, eta horien proiektuetarako 42.846 eta 33.420 euroko aurrekontuak xedatu dira, hurrenez hurren. Programaren hirugarren lerroa zibersegurtasunaren arloko sentsibilizazioa eta gaikuntza sustatzera bideratuta dago; alde batetik, hedapen, sentsibilizazio eta kontzientziazio jarduerak barne hartzen ditu, eta, bestetik, konpetentzia espezifikoak eskuratzeko jardueren diseinua eta garapena.

Horrekin guztiarekin, Aldundiak Gipuzkoako industriaren etorkizuneko oinarriak indartu nahi ditu; izan ere, industria horren maila teknologikoa "aurrerapauso nabarmenak" ematen ari da.  "Hainbat tresna eta prozesu daude industrian indar handiz sartzen ari direnak, hala nola big data, gauzen internet edo informatika hodeian. Fabrikazio ekipoen eta sareen arteko konektibitatea gero eta handiagoa da, eta ekoizteko eta kudeatzeko modua eta balio erantsiaren katea eraldatu ditu", azaldu du Lasak;  "Prozesu horrek aurrerapenak dakartza eraginkortasunaren ikuspegitik, baina baita mehatxu eta ziurgabetasunak ere, eta enpresek beren segurtasunaren ikuspegitik aurre egin behar diete" gaineratu du.

          Zibersegurtasun industrialaren sektorea hazkunde esponentzialeko fasean dago, bai negozio kopuruetan, bai intzidentzietan, eta diputatuak nabarmendu duenez, Gipuzkoak, "pribilegiozko posizioa" izateko "osagai guztiak" ditu: nazioartean punta-puntan kokatutako zibersegurtasun enpresak, ibilbide ezaguneko teknologia eta ikerketa zentroak, balio teknologiko handiko start up-ak, eta "digitalizazioaren aldeko apustu garbia" egiten duen industria.

          Zibersegurtasun industriala sustatzeko programa Foru Aldundiak eremu horretan "Gipuzkoak duen ahalmen guztia maximizatzeko asmoz" abian jarritako ibilbide orri "askoz zabalago" baten parte da. Horren barruan sartzen da Ziur erreferentzia zentroaren sorrera, iaz Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan inauguratu zena, edo prestakuntza espezifikoa abian jartzea, lurraldeko prestakuntza eragileekin lankidetzan. "Ezagutza aurreratua sortzen eta jardunbide egokiak ezartzen eta zabaltzen jarraitu behar dugu, gure lurraldearen etorkizunerako funtsezko erronka baita", gaineratu du.

  

1775