Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ingurumeneko Departamentuak eta Euskal Herriko Unibertsitateak Donostiako Badiako urak eta Txingudiko euri uren sarea aztertuko dituzte

Ingurumeneko Departamentuak eta Euskal Herriko Unibertsitateak Donostiako Badiako urak eta Txingudiko euri uren sarea aztertuko dituzte

Ikerketa lerro bat irekitzen da Gipuzkoako kostaldean mikroplastikoen presentzia kuantifikatzeko.

2020/05/15

Donostiako Badiaren urak eta Irungo euri uren sarean laginak hartuko dira, Donostiako Aquariumaren eta Txingudiko Zerbitzuen laguntzarekin.

 

Gaur egun, zortzi milioi tona plastiko iristen dira itsasora, eta kalte handiak sortzen dituzte faunan eta itsas hondoetan.

 

José Ignacio Asensio: «Funtsezkoa da gure itsas hondoak zaintzea, eta gure itsasertzean plastikoen presentzia ezagutzea hondakin horien metaketari aurre egiteko modu eraginkorra da».  

 

XXI. mendearen ingurumen erronkarik nagusienetako bat da itsasoak babestea. Zehazki, uste da urtero zortzi milioi tona plastiko botatzen direla itsasora, kalte handiak eraginez faunan, floran eta bentosetan. Alde horretatik, plastikoen kutsadurak bereziki eragiten ari dira itsasoetan eta hauen babestea da mendeko ingurumen erronketako bat. Itsasoko zaborra, osasunean berean eragina izateaz gain, mehatxu handia da itsas bizitzarentzat eta arrantza komertzialerako, turismorako eta itsas garraiorako.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak, Euskal Herriko Unibertsitateko Materialak + Teknologiak taldearen lankidetzarekin, abian jarri duen ikerketa lerroak helburu hau du: itsaso ur azaleko eta hondartzetako mikroplastikoen edukiari eta horien karakterizazioari buruzko ikerketa egitea.

 

Ekintza honekin bat etorriz, proposatzen den hitzarmenak Gipuzkoako itsas inguruneko mikroplastikoei buruzko ikerketa bat sustatzen du, hauen kuantifikatzeko eta karakterizatzeko. Laginak hartuko dira itsasertzean (bai hareatzetan, bai kostaldeko beste puntu batzuetan) eta hiri inguruneetan (euri sareak eta ibaiak), kutsatzaile horien jatorria ikertzeko. Aurkitutako hondakin plastikoak karakterizatu egingo dira eta itsasoan eta proba banku batean dauden plastikoen degradazioaren ebaluazioa ere egingo da.

 

Proposatutako ikerketak, gainera, interes handiko beste jarduera osagarri batzuk jasotzen ditu, hala nola biofouling a (plastikoaren gainazalari atxikitzen zaion itsas organismoen geruza) itsas degradazioan, mikroplastiko batzuen fokuen ebaluazioa, prebentzio estrategiak eta itsas jatorriko polimeroen bereizketa mekaniko optikoaren bideragarritasun azterketa. Nabarmentzekoa da, 2019ko hitzarmenaren esparruan egindako ikerketarekin jarraituz, pellet en fokuak ere ebaluatuko direla, plastikoa eraldatzen duten industriek erabiltzen duten materiala baita eta aurkitutako mikroplastikoen parte. Kontxako badian eta Irungo euri uren sarean laginak hartzeko, Donostiako Aquariumaren eta Txingudiko Zerbitzuen laguntza izango da, hurrenez hurren.

 

Mikroplastikoei dagokienez euskal itsasertzaren egoeraren azterketa zientifikoa egiteko, hiru hondartzatan egingo dute azterketa, Orio, Zurriola eta Hendaia barne. Hendaiako hondartzako laginketa, Gipuzkoakoa ez izan arren, hurbiltasun geografikoagatik egingo da eta, gainera, Gipuzkoan lortutako emaitzekin konparazio bat egiteko aukera emango du, etorkizunean itsas korronteen eragina eta azaleko hondakinen desplazamenduan eragiten duen haizea ebaluatzeko. Emaitzak 2019an egindako udako eta udazkeneko kanpainetan jasotako datuekin alderatuko dira, bai eta oraintsu egindako negukoan ere.

 

Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok gogorarazi du plastikoen bidezko itsas kutsadura dela ingurumen arazo nagusienetako bat, eta bere Departamentua LIFE LEMA proiektua zuzentzen ari dela, datozen hiru urteetan 100 milioi tona plastiko Gipuzkoako kostaldeetan biltzera bideratutakoa.  Asensioren esanetan, abian jarritako ikerketa lerro berria aurrerago doa; izan ere, «funtsezkoa da gure itsas hondoak zaintzea, eta gure itsasertzean plastikoen presentzia ezagutzea hondakin horien metaketari aurre egiteko modu eraginkorra da».  

 

Proiektua UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumen Ingeniaritza Saileko irakasle den Kristina Peña doktoreak zuzenduko du. Ikerketa lerro berriaren aurrekontua 60.000 eurokoa da, eta Ingurumeneko Departamentuak jarriko ditu bi entitateek sinatutako hitzarmenaren esparruan.

  

1447