Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Lurraldeko turismo bulegoek 122.734 bisita izan dituzte aurtengo udan

Lurraldeko turismo bulegoek 122.734 bisita izan dituzte aurtengo udan

Jabier Larrañagak "barneko turismoak izan dituen datu onak" azpimarratu ditu, "gure lehentasunetako bat baita".

Gipuzkoako turismo bulegoek 122.734 bisita izan dituzte ekaina eta abuztua bitartean, iaz baino 40.960 gehiago. Horietako 25.715 barnealdeko bulegoetan izan dira, eta Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak "oso positibotzat" jo du datu hori. "Beti esan izan dugu Gipuzkoak kostaldeaz gain erakargarri asko dituela, eta lehentasuna eman diogu turismoak lurraldean aberastasuna eta jarduera ekonomikoa modu orekatuan sortzeari, fluxuen banaketaren aldeko apustua eginda.                    Horregatik, esan dezakegu bide onetik goazela. Joera hori onuragarria da ez bakarrik sektorearentzat, baita barnealdeko merkataritzarentzat, ostalaritzarentzat edo baliabide turistikoentzat ere, eta indartzen jarraitu nahi dugu".

Barnealdeko bulegoetan turistak % 67ra iritsi dira 2019ko datuekin alderatuta. "Datu bikaina da, kontuan hartuta uda murrizketekin eta ziurgabetasun handiarekin hasi genuela, eta uztaileko eguraldiak ere ez zuela asko lagundu”. Tolosaldean, Goierrin edo Urola Garaian, esaterako, turismoari arreta emateko guneek datu bikainak izan dituzte, batez ere abuztutik aurrera; pandemiaren aurreko zifretara hurbildu dira eta batzuetan gainditu ere egin dituzte.

Estatuko turismoaren hazkundeak eragin positiboa izan du ostatu-kopuruan ere, ostatu gauen kopuruak ere nabarmen egin baitu gora. Horrela, Goierrik markak hautsi zituen uztailean. Abuztuan, eskualdeko nekazaritza turismoko establezimenduen eta landetxeen okupazioa % 90ekoa izan da eskualdean (2019an, % 78koa izan zen), eta hotelen eta ostatu-etxeen kasuan, batez beste, % 92koa (2019an, % 90koa); guztira, 20.737 gau igaro dira. Antzeko okupazio ehunekoak izan dira Oñatin (% 90 eta % 95 artean) eta Irunen (% 93).

Gipuzkoa osoan, hurbileko turismoaren goraldia "krisiari eusteko euskarri erabakigarria" izan da, atzerriko turisten galera konpentsatzeko. Nolanahi ere, oreka handiagoa dago Euskaditik eta estatuko beste erkidego batzuetatik datozenen artean.  Iazko udan, barruko turismoa turismoaren % 75 inguru izan zen eskualde askotan. Dena dela, uda honetan egoera normalizatu egin da, eta barruko turismoaren pisua pandemiaren aurreko balioetara hurbildu da, estatuko turismoaren hazkundearekin orekatuz. "Hurbileko merkatu horiek indartzeko egin ditugun sustapen estrategiek eta kanpaina espezifikoek, pandemiaren aurrean alternatibak bilatuz, emaitza ona eman dute eta bide onetik goazela erakutsi dute", adierazi du diputatuak.

Estatuko turisten jatorriari dagokionez, Madrilgoak eta Kataluniakoak dira gehienbat; hala ere, Valentzia, Andaluzia, Nafarroa eta Gaztela Leongoak ere nabarmentzen dira bisitetan eskualdeen arabera.

Dena den, datuek erakusten dute atzerriko turisten susperraldia "oraindik motela" dela. 2019an nazioarteko turisten ehunekorik handiena zuten eskualdeek -Bidasoa, Urola Erdia eta Debabarrena, Urola Kosta atzetik dutela-, joera hori izan dute 2021ean. Horien artean Bidasoak izan du igoerarik handiena, neurri handi batean Frantziatik gertu dagoelako. Izan ere, turista atzerritarren artean Frantziatik datozenak dira nagusi, nahiz eta "pixkanaka-pixkanaka" beste lurralde batzuetatik ere iristen diren turistak, hala nola Alemania, USA, Italia, eta Herbehereetatik. Beste herrialde batzuetatik ere iristen dira, baina oraindik gutxiengoa dira. Horren adibide dugu Goierri, non 23 jatorritako turistak izan diren.

Larrañagaren arabera, osasun krisiaren ondorioz jendeak espazio lasaiak eta jende gutxikoak nahiago izateak mesede egin dio barne turismoari; izan ere, "pertsona askok turismo aktiboa eta naturguneetan, egitea erabaki dute, aire zabalean, eta Gipuzkoak eskaintza oso erakargarria du arlo horretan". Horren adibide dira Geoparkea (12.974 bisita gidatu izan dira udan, eta 2019an, 12.868) eta Oñatiko Arrikrutz haitzuloa, non bisita kopuru historikoa izan den abuztuan (aurten 3.193, eta 2019ko abuztuan, berriz, 2.580).

 

Eustaten datuen balorazioa

Eustatek abuztuari buruz argitaratutako datuak ere baloratu ditu Larrañagak, eta "albiste bikaina" direla esan du. Lurraldeak iazko bisiten eta ostatu-gauen zifrak % 40,6 eta % 49,9 hobetu ditu, hurrenez hurren, baina pandemia aurreko udako erregistroak ere gainditu ditu, 2019an baino 13.243 turista gehiago izan baitira, 11.521 ostatu-gau gehiago, eta errentagarritasun-adierazle hobeak, nahiz eta batez besteko egonaldia apur bat txikiagoa izan, eta estatuko turismoaren proportzioa handiagoa izan atzerrikoa baino, urte hartan ez bezala.

“Nabarmentzekoa da ‘normaltasun’ egoera batean bikaina izan zen urte bateko erregistroak hobetu direla”, goraipatu du.  "Gipuzkoak erreferentziazko helmuga turistikoa izaten jarraitzen du, kalitatezko ereduagatik ezaguna, eta hala izaten jarraituko du pandemiaren ondorengo fasean. Turismoa da pandemiak gehien zigortutako jarduera. Beraz, bisitarien gorakada sekulako arnasa da sektorearentzat, eta oso une latzak igaro dituzten diren milaka familia, langile eta enpresa txikirentzat. Benetan pozten gaitu horrek". Nolanahi ere, "turismoa industria eta sektore ekonomiko gisa ekonomikoki indartzen jarraitu behar dugu, eta susperraldia bizkortu" adierazi du.  “Gakoetako bat urtarokotasuna da. Iraila ere hilabete garrantzitsua da, eta gure helburua da bisitak urte osoan eta mailaka egiten laguntzea", amaitu du.

  

1656