Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Suhiltzaileek iaz, aurreko urtean baino % 20,9 esku-hartze gehiago egin zituzten

Suhiltzaileek iaz, aurreko urtean baino % 20,9 esku-hartze gehiago egin zituzten

Pandemiagatik egin beharreko desinfekzioek eragin dute igoera.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu zerbitzuak 3.782 esku hartze egin zituen guztira 2020an, 3.305 ezbehar ezberdinetan. Aurreko urtearekin alderatuta, 2019an baino 654 esku hartze gehiago egin ziren (+%20,9). Eider Mendoza Gobernantzako foru diputatuak azaldu duenez, igoera COVID-19 gaitzaren pandemiak azaltzen du; izan ere, 685 desinfekzio egin zituzten suhiltzaileek, Gipuzkoako adinekoen egoitza edo bestelako baliabide soziosanitarioetan. Suhiltzaileek artatu zituzten 3.305 ezbeharrei erreparatuta, 667 sute izan ziren (%20,18), 991 salbamendu (%29,98), 1.436 laguntza tekniko (%43,45) eta 211 alarma faltsu (%6,38). 

          Foru diputatua hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, 2020ko Gipuzkoako foru suhiltzaileen esku hartzeen balantzea egiteko. Berarekin izan da Josu Idigoras, foru erakundeko Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamenduko foru zuzendaria. Mendozak gogoratu duenez, 2020 urtea pandemiaren urtea izan zen, eta honek eragin nabarmena izan zuen emergentzia zerbitzuetan. “Pandemiak argi utzi du emergentzia zerbitzuen garrantzia. Lehen lerroan aritu dira birusaren aurkako lanean, erresidentzietan zein bestelako foru baliabideetan, eta funtsezkoak izan dira Aldundi bezala pandemiari eman diogun erantzunean”, esan du.

          Foru arduradunak azaldu duenez, pasa den urteko martxoan ezarri zen alarma egoeran eta ondorengo deskonfinamendu garaian asko gutxitu ziren larrialdietako esku hartzeak, nabarmen murriztu baitziren jarduera sozial eta ekonomikoa eta mugikortasuna. “Horren ondorioz, alarma egoerari ezarri osteko 14 asteetan suhiltzaileek ematen dituzten ohiko zerbitzuak (suteak, salbamenduak eta laguntza teknikoak) nabarmen jaitsi ziren, baina beherakada hau pandemiak sortutako behar berriekin konpentsatu zen”, azaldu du. Esaterako, pertsonei arreta handiagoa eman zitzaien beren etxeetan eta suhiltzaileek aipatutako desinfekzio lanak egin zituzten lurraldeko gizarte politikako hainbat baliabideetan. Bi aldagai hauen ondorioz, 14 aste horietan emandako zerbitzuen igoera (pandemiatik eratorritako aparteko zerbitzuak kontuan hartuta) % 64koa izan zen, 2019ko aldi berarekin alderatuta.

Mendozak esan duenez, datuek argi uzten dute foru suhiltzaileen zerbitzuaren garrantzia, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak “emergentzien arloan ere herritarrei ahalik eta zerbitzurik onena ematen jarraitzeko” konpromiso irmoa duela berretsi du. Honen adibide, apirilean Diputatuen Kontseiluak onartu zuen erabakia, bi ibilgailu auto-eskailera birakari automatiko berri erosteko, 1,6 milioi euroko aurrekontuarekin. “Suhiltzaileen zerbitzuaren kasuan, herritarren segurtasunari eta zerbitzuaren eraginkortasunari lehentasun osoa ematen diogu, eta bide horretatik jarraitzea da gure konpromisoa”, gaineratu du. 

 

Suteak

Bestalde, Idigorasek esan duenez, 2020 urtean 667 sute artatu behar izan zituzten Gipuzkoako suhiltzaileek, aurreko urtean baino % 0,45 gutxiago. Sute hauen eraginez, 880 esku hartze edo irteera egin zituzten suhiltzaileek, pasa den urtean baino % 7,85 gutxiago. Irteera hauetatik, 365 hiri inguruneko etxebizitzetan egin ziren, 60 landa erabilerako eraikinetan, 82 industria eta biltegietan, 98 landaredian, 79 garraiobideetan eta 195 hedatu gabeko su isolatuetan (edukiontziak, hiriko altzariak...).

Aurreko urtearekin alderatuta, zifrak antzekoak dira, eta aldaketa adierazgarrienak industria eta biltegietako esku-hartzeen kopuruan (-% 35) eta garraiobideetako suteen zenbatekoan (-% 24) daude. “Biak ala biak, pandemiaren ondorioekin zuzenean dago lotuta; industriaren kasuan, enpresetako suteen jaitsiera azken urtetako joera dela ere aipatuko daiteke”, azaldu du suhiltzaileen arduradunak. Ordutegiari erreparatuta, sute gehienak (% 68,52) eguneko orduetan gertatzen dira, eta larunbata da sute gehien pilatzen diren asteko eguna (% 18).

 

Salbamenduak

Salbamenduen kasuan, 1.054 egin ziren 2020 urtean, aurreko urtean baino zertxobait gutxiago (-% 4,4). “Aipagarriena salbamendu motetan izan diren aldaketa”, esan du Idigorasek, berriro ere pandemiaren agerpenak azaltzen duena. Horrela, esan du trafikoarekin lotutako salbamenduek % 32,53ko beherakada izan zutela, 2019an artatutakoekin alderatuta (338 salbamendu 2020an eta 501 2019an), mugikortasunak izan zituen murrizketen ondorioz. Balantzaren beste aldean, biktimen sorospena eta arrisku egoeran dauden pertsonei emandako laguntza % 17,56 handitu ziren, 2019an baino 98 zerbitzu gehiagorekin. “Honen arrazoia izan daiteke alarma egoerak iraun zuen asteetan eta ondorengo deskonfinamendu aldian pertsona gehiago egon direla etxe barruan”, esan du foru zuzendariak.

 

Asistentzia teknikoak eta bestelakoak

Azkenik, suhiltzaileen jarduketen hirugarren taldea asistentzia teknikoena da. Hemen, guztira, 2020 urtean 1.502 jarduera egin zituzten Gipuzkoako foru suhiltzaileek, 1.436 ezbeharretan. Aurreko urtearekin alderatuta, 816 jarduketa gehiago egin dira. “Igoera hau azaltzen dute adinekoen egoitzetan eta espazio soziosanitarioetan egindako desinfekzioek, guztira 685 egin baitziren 2020 urtean”, adierazi du Idigorasek.

Estatistikekin bukatzeko, pasa den urtean suhiltzaileek esku hartu zuten suteetan 4 pertsona hil ziren (2019an 2), 33 zauritu eta 13 intoxikatu. 14 pertsona ere ebakuatu ziren. Salbamenduetan, bere aldetik, zauritutako 535 pertsona artatu zituzten suhiltzaileek, kasuistika oso ezberdinekin. Gainera, beste 340 lagun beren etxeetatik, ibilgailuetatik edo arrisku-egoeratatik atera zituzten foru langileek. Suhiltzaileek egindako irteeretan, joaneko bidaiaren  batez besteko iraupena  17,8 minutukoa izan zen; hala ere, jarduketen % 74,96k 15 minututik beherako batez besteko ibilbideak izan zuten, eta ehunekorik handiena 5-7 eta 8-10 minutuko tarteek hartzen dutena izan da. Jarduketen batez besteko iraupena 60,2 minutukoa izan zen.

  

1733