Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea «Ekonomia zirkularra da, egun, etorkizunerako enplegu eta aukera iturri nagusia. Tokiko enplegua, berdea eta kalitatezkoa, etorkizunean beren ongizatea bermatzeko gazteek merezi duten enplegua»

«Ekonomia zirkularra da, egun, etorkizunerako enplegu eta aukera iturri nagusia. Tokiko enplegua, berdea eta kalitatezkoa, etorkizunean beren ongizatea bermatzeko gazteek merezi duten enplegua»

Ekonomia zirkularra sendotzen ari da Gipuzkoan. GK Recycling Birziklatze Klusterrak ehun bat erakunde biltzen ditu, guztira 6.500 enplegatu eta 1.400 milioi euroko fakturazioa dutenak; hau da, Gipuzkoako BPGaren % 6.

2023/02/01
EIEC 1

Kursaalen, Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok hasiera eman dio Ekonomia Zirkularraren Nazioarteko V. Topaketari; gaur hasi, eta otsailaren 3an amaituko da. Hamar herrialdetako 550 entzule inguruk eta 47 hizlarik hartu dute parte topaketan. Bosgarren edizio honetan, eredu ekonomikoa eraldatzeko zirkulartasunaren aplikazioan Europako liderren artean kokatu du Gipuzkoa.

Topaketaren lehen jardunaldian, hauek izan dira gai multzo nagusiak: eraikuntzaren sektoreak hiri jasangarrien garapenean duen zeregina, ehungintza industriaren ingurumen inpaktua murrizteko joerak eta berrikuntzak, ekoizpen eta kontsumo molde berriak, eta elikaduraren sektorearen eraldaketa etorkizun iraunkor eta osasungarri bat izateko.

Ekonomia Zirkularraren Nazioarteko Topaketak, bosgarren edizio honetan, Europako liderren artean kokatu du Gipuzkoa eredu ekonomikoa eraldatzeko zirkulartasunaren aplikazioari dagokionez. Topaketaren lehen jardunaldiari José Ignacio Asensiok eman dio hasiera, Ingurumeneko diputatuak. Foru diputatuak nabarmendu du topaketak 550 enpresa, gizarte eragile eta herritar baino gehiago biltzea lortu duela (350 aurrez aurre eta 200 online), «Eraldaketa bizkortzen etorkizun jasangarria izateko» izenburuaren pean. Era berean, hiru jardunaldietan mundu osoko 47 hizlarik hartuko dute parte, gehienak mahai inguruko formatuetan, esperientzien trukea aberasteko. Azken egunean, Gipuzkoako GK Recycling Birziklatze Klusterreko lau enpresa bisitatuko dituzte, bertatik bertara ezagutzeko zer aurrerapen eta kasu arrakastatsu izan diren Gipuzkoako ekonomia zirkularreko prozesuetan: Usurbilgo Egutegui Reciclados; Fabrika, enpresen kultura eraldatzeko errendimendu handiko zentro berria; Ceit-IK4 teknologia zentroa, eta Balab Factory, gizartean berrikuntzaren, jasangarritasunaren eta ekonomia zirkularraren arloan eragiteko proiektuen laborategi eta faktoria.

José Ignacio Asensiok hasiera hitzaldian gogorarazi duenez, «ekonomia zirkularra funtsezko gai bat da gure ekonomia eraldatzeko eta, bereziki, Gipuzkoarentzat. Izan ere, balio erantsi handiko industria, nazioartekotze maila handia eta lehiakortasun maila handia dira lurralde honen bereizgarriak». Jarraitzeko, Asensiok gaineratu du «ekonomia zirkularra dela gure posizionamendua mantendu eta hobetzeko eta lehiarako abantaila baliotsua izateko aukera emango digun eraldaketa industrial eta ekonomikoaren oinarria».

Diputatuak adierazi du «une honetan etapa erabakigarri batean» gaudela. «Orain, anbizio handiagoa izan eta sektore ekonomiko guztiekin lan egitea dagokigu, ekonomia zirkularraren irizpideak txerta ditzaten. Azken ingurumen arauen arabera, gainera, nahitaezko betebeharra hasi da izaten».

Diputatuaren ustez, «Ekonomia zirkularraren irizpideak aplikatzeak abaguneak eta enplegua ekarriko dizkigu sektore guztien eraldaketetan. Bere garaian digitalizazioarekin, klimaren erronkarekin eta deskarbonizazioarekin gerta bezala. Ekonomia zirkularra da, egun, etorkizunerako enplegu eta aukera iturri nagusia. Tokiko enplegua, berdea eta kalitatezkoa, etorkizunean beren ongizatea bermatzeko gazteek merezi duten enplegua».

Hasierako ekitaldian, diputatuarekin batera, Olivier François Europako Birziklatze Industriaren Konfederazioko lehendakaria (EuRic), Ion Olaeta Berreskuratze eta Birziklatze Federazioko lehendakaria eta Ekonomia Zirkularrerako Fundazioko lehendakaria, Ángel Fernández Homar izan dira.

Erakundeak ireki ondoren, Doughnut Economics Action Lab-en (DEAL) fundatzaile eta zuzendari estrategikoak, Carlota Sanzek, egin du inaugurazio-hitzaldia, eta hark aurkeztu digu donutaren teoria. Teoria horren arabera, ekonomia donut bat balitz bezala irudikatu beharko litzateke, non inguruko zirkulu zentrokideak oinarrizko zerbitzu eta ondasun komunen gizarte-oinarri bat baitira, eta kanpoan ingurumen-espazio iraunkor bat. Donutaren masak ekologikoki segurua eta sozialki bidezkoa den elkarbizitzarako gunea osatuko luke: “Gure oparotasunak ekologikoki segurua eta sozialki bidezkoa den elkarbizitzarako gunea behar du”. Sanzek adierazi duenez, “donutaren ekonomiak sistema ekonomiko degeneratiboa birsortzaile eta zirkular batez aldatzea dakar. Ekonomiaren dinamikak goitik behera aldatu behar ditugu, eta ekonomia birsortzaileak sortu, biosferaren zikloekin eta mundu biziarekin lan eginez; eta hor sartzen da ekonomia zirkularra. Ekonomia zirkularra endekapen-dinamika batetik dinamika birsortzailera igarotzeko behar dugun tresna da”. Era berean, Sanzek ideia horiek enpresa-eremura eramatearen garrantzia azpimarratu du: “Diseinu bidezko banaketa eta birsorkuntza duten enpresak behar ditugu. Endekapenezko eredu hori atzean utzi behar dugu, eskuzabalak izaten hasten diren eta ekonomia zirkularra sortzea ahalbidetzen duten enpresak sortuz”.

Hasiera hitzaldiaren ondotik, lehenengo blokean, diputatuarekin batera aritu dira, besteak beste, Fernando Sigchos, European Builders Confederation erakundeko idazkari nagusia; Beatriz de Diego, ekonomia zirkularraren arloko aditua eta Green Building Council Españako ekonomia zirkularreko lantaldeko kidea; Unibail Rodamco Westfield Españako iraunkortasun-zuzendaria, José María González; ADEGIko zuzendari laguntzailea, Paul Liceaga; eta Tecnaliako eraikuntzako material eta produktuen arloko zuzendaria, Iñigo Vegas. Bloke horretan, eraikuntzaren sektoreak hiri jasangarrien garapenean zer zeregin duen aztertu dute. Fernando Sigchosek adierazi duenez, «eraikuntzaren sektorearen erronka egungo paradigma aldatzeko konponbideak bilatzea eta aurkitzea da. Beharraren arteko oreka aurkitzea, testuingurua ematea eta, aldi berean, pentsamendu zirkularragorantz aldatzea. Hobetzeko ahalmen handia dago. Eraikuntza-sektorea funtsezkoa da eskualdeen ingurumen-aztarna murrizteko». Bestalde, Beatriz de Diegok azpimarratu duenez, «sektorearen erronka nagusia pentsamolde-aldaketa da, ekonomia linealetik ekonomia zirkularrera aldatzen ari garelako. Ekonomia zirkularra birsortzailea izateko diseinatzen den ekonomia da. Pentsamolde-aldaketa hori oso garrantzitsua da modu integratuagoan pentsatzeko».

Bigarren blokeak ehungintzaren ingurumen inpaktua murrizteko joera eta berrikuntzei erreparatu die, ingurumenean eta gizartean eragin handia duenez sektore horrek; zehazki, planetako bigarren industria kutsatzaileena da, mundu osoko CO2 isurketen % 8 isurtzen baitu, eta, hondakin kopuru oso handia sortzeaz gain, oso birziklatze tasa txikia du. Bloke horretan askotariko ahotsak entzun dira: nazioartekoak, hala nola Verónica Bates Kassanthly, datuetan oinarritutako jasangarritasun erreibindikazioen analista eta aholkulari independentea; baita Espainiako aditu batzuk ere, esaterako, Vicente Cambra, AITEX Research and Innovation elkarteko zuzendariordea; eta sektoreko erreferente gipuzkoarrak, hala nola Edu Uribesalgo, Ternua Group-en berrikuntza eta jasangarritasun zuzendaria, eta Carlos Alonso, Balab Factory-ko 3Dko buru teknikoa. Edu Uribesalgo Ternua Group-eko berrikuntza eta iraunkortasuneko zuzendariak nabarmendu duenez, «egungo egoera jasanezina da. Sortzen den hondakin kopurua ezin da kudeatu, sektorea deskarbonizatu behar dugu. Gauzak egiteko modua aldatu behar dugu, eta horretan ari gara une honetan. Ternua Group-en konpromisoa hartu dugu gure jarduerak ingurumenean duen eragin negatiboa ahalik eta gehien murrizteko, eta gure jantziek hartutako konpromisoa betetzen dute. Ekonomia zirkularrean eta ekodiseinuan oinarrituta ari gara lanean». Halaber, AITEX Research and Innovationeko zuzendariorde Vicente Cambrak adierazi duenez, «ehungintzaren erronka nagusia eredu zirkularra garatzea da. Horretarako, ezinbestekoa da ekoizpen-ereduan parte hartzen duten eragileak inplikatzea. Inbertsioa egin behar dugu eta sektore guztiak inplikatu. Gaur egun, Espainian, ehunak eraldatzeko 7 instalazio ditugu, eta hogeita hamar baino gehiago behar ditugu».

Hirugarren blokearen ardatza ekoizpen eta kontsumo molde berriak izan dira: jokabideak, ekodiseinua eta kontzientziazioa. Gai horren inguruan hitz egiten aritu dira, besteak beste, Alicia García Franco, Suspertze eta Birziklatze Federazioko (FER) zuzendari nagusia; Alejandro Navazas, Birziklatze Industrien Europako Konfederazioko (EuRIC) arduradun zientifikoa; Ángel Fernández Homar, Ekonomia Zirkularrerako Fundazioko presidentea, eta Virginia Matesanz, Basque Food Clusterreko berrikuntza prozesuen zuzendaria eta retail eta kontsumitzailearen portaeraren irakaslea. Alicia García Francok nabarmendu duenez, «azken bi belaunaldi hauetan ekonomia zirkularraren kontzeptua galdu dugu. Ekonomia linealera jo dugu, ekoitzi, erabili eta botatzera. Joera hori berriro aldatu behar dugu. Uste dut ekonomia zirkularra dela gaur egungo arazo askoren irtenbidea, eta beharrezkoa dela enpresek ikustea. Birziklapenaren sektorea indartsua eta erresilientea da. Zirkulua ixtea lortzen badugu, askoz egonkorragoak eta eraginkorragoak izango gara». Bestalde, Alejandro Navazasek adierazi duenez, «gaur egun etengabe aldatzen ari den lege-esparrua dugu. Oso garrantzitsua da balio-kate osoaren sentimendua ez hautematea modatzat, uste sendotzat baizik. Lege-esparru egonkorra behar dugu ekoizleak behar dituen materialak emateko, merkatu egonkor bat sortzeko eta zirkulua ixteko».

Eguneko azken blokean, elikagaien sektorearen eraldaketa izan dute hizpide, etorkizun jasangarri eta osasungarria izate aldera. Elikagaien sektorean da hondakinen sorrera errealitate onartezinenetako bat. Kalkuluen arabera, Gipuzkoak 123.000 tona elikagai galtzen ditu urtean alferrik, ia erdiak gure etxeetan. Honako hauek hartu dute parte: Amaia Ortiz, Uvesco taldeko jasangarritasun arduraduna; Andrés Pascual, AINIAko berrikuntza zuzendaria; Josu Oleaga, Insekt Label Biotech-eko CEOa; eta Denis Ugalde, Oreka-ren sortzaile eta CEOa. Ildo horretan, Amaia Ortizek azpimarratu duenez, «ahalik eta eragin txikiena duten negozioak egin behar dira, hori da legeriak eskatzen diguna. Negozioak jasangarriak izango dira edo ez dira izango. Iraunkortasuna hanka bat da, bai ala bai sartu behar duguna. Eraginik handiena sortzen ez dena da. Prebentzioan jarri behar da arreta. Jasangarria eta lehiakorra izan daiteke». Era berean, Andrés Pascualek nabarmendu duenez, «sektorea eraldaketa berde betean dago eta fronte guztiak lantzen ditu. Jasangarritasunaren aldagaia estrategia korporatiboan sartzen ari gara. Jasangarritasunaren elementua pisua hartzen ari da. Kontsumitzaileen % 40 ez dago jasangarriak ez diren markak erostearen alde. Beraz, hori guztia irakurtzen ari da sektorea, eta dagoeneko elementu ugari ditu produktuaren komunikazioan. Azken finean, aldaketa handia dago».

  

2402