Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea «Generation Z Climate Change» programaren bisita Gipuzkoako Ingurumen Gunearen ikasgela didaktikora

«Generation Z Climate Change» programaren bisita Gipuzkoako Ingurumen Gunearen ikasgela didaktikora

Hau da Gipuzkoako Ingurumen Gunearen ikasgela didaktikora egiten den lehen bisita ofiziala.

2023/02/27
Generation Z

Herritar guztiei irekita dagoen gunea da, eta jasangarritasunean kontzientziatzea eta heztea du helburu.

“Generation Z & Climate Change” Naturklimak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak sustatutako sentsibilizazio programa bat da, belaunaldi gazteenen eta administrazioen artean klima aldaketaren inguruko topaguneak sortzea helburu duena.

José Ignacio Asensio: «Z Belaunaldia klima aldaketarekin kezkatuen dagoen belaunaldietako bat da, eta askok erabakitzen dute jasangarritasunarekin lotutako ikasketak egitea. Hori dela eta, ezinbestekotzat jo dugu gazteek zuzenean ezagutzea nola kudeatzen diren beren hondakinak, jakin dezaten beren ahalegina baliagarria dela eta, urtetan arazo bat izan dena eta zabortegi batean amaitzen zena, gaur egun aukera bihurtu dugula gure emisioak eta erregai fosilekiko gure mendekotasuna murrizteko, planeta babesteko eta jasangarriagoak izateko, enplegua eta ongizatea sortuz».

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatua Orixe BHIko (Tolosa) 40 ikaslerekin eta Flandriako truke-ikasleekin bildu da gaur goizean, klima aldaketaren arazoa aztertzeko eta bertatik bertara ezagutzeko planetaren ingurumen-erronka nagusietako bati aurre egiteko dituzten iritziak eta proposamenak. Hau da Gipuzkoako Ingurumen Gunearen ikasgela didaktikora egiten den lehen bisita ofiziala. Herritar guztiei irekita dagoen gunea da, eta jasangarritasunean kontzientziatzea eta heztea du helburu.

Ikasleak “Generation Z & Climate Change” programan parte hartzen dute, Naturklimak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak bultzatutako sentsibilizazio programan, zeinaren helburua baita belaunaldi gazteenen eta administrazioen artean Klima Aldaketaren inguruko topaguneak sortzea.

Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok azpimarratu egin du horrelako programen garrantzia, «esperientziak partekatzeko» eta «gazteenen kezkak ezagutzeko» aukera ematen baitute: «Z Belaunaldia klima aldaketarekin kezkatuen dagoen belaunaldietako bat da, eta askok erabakitzen dute jasangarritasunarekin lotutako ikasketak egitea». Era berean, diputatuak nabarmendu du proiektu jasangarriak sustatzeko orduan eragile, administrazio, enpresa eta herritarren artean lan egiteko eta lankidetzan jarduteko guneak sustatzearen garrantzia: «Horregatik, ezinbestekotzat jo dugu gazteek zuzenean ezagutzea nola kudeatzen diren beren hondakinak, jakin dezaten beren ahalegina baliagarria dela eta, urtetan arazo bat izan dena eta zabortegi batean amaitzen zena, gaur egun aukera bihurtu dugula gure emisioak eta erregai fosilekiko gure mendekotasuna murrizteko, planeta babesteko eta jasangarriagoak izateko, enplegua eta ongizatea sortuz».

Iazko urrian, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) bere ikasgela didaktikoa ezagutarazi zuen, eta gaur lehen bisita ofiziala jaso du. Espazio hau sortu da Gipuzkoako gizarteak zuzenean deskubritu ahal izan dezan nola kudeatzen diren hondakinak gutako bakoitzak gure etxeetan gaika bereizten ditugunetik hasi eta Gipuzkoako Ingurumen Gunearen instalazioetan, azkenik, tratatzen diren arte. Ikasgela didaktikoaren helburu nagusia da, beraz, hiri hondakinen kudeaketa egokiaren inguruan kontzientziatzea eta heztea, Gipuzkoak horretarako jarri dituen azpiegiturei buruzko informazioa ematea eta materialen eta energiaren aprobetxamenduan duten zeregina azaltzea; izan ere, baliabide horiek, lehen, zabortegi batean lurperatzen ziren, ehunka kilometrotara. Material didaktikoen eta ikus-entzunezkoen bidez eta monitore espezializatuen eskutik instalazioetara bisita gidatua eginez, herritarrek hondakinen kudeaketaren mamian sakontzeko aukera izango dute. Ibilbidearen amaieran, bisitariek ikusi ahal izango dute hondakinekin egindako produktuen kasu arrakastatsuen erakusketa bat. Produktu horiek ‘GK Recycling” Gipuzkoako Berrerabilpenaren eta Birziklapenaren Klusterreko kideetako batzuk fabrikatu dituzte.

Ikasgela Gipuzkoako gizarte osoari zuzenduta dago, eta mota guztietako kolektiboek instalazioak bisitatzeko aukera izango dute: ikastetxeek, klase guztietako elkarteek, sektoreko profesionalek, unibertsitateek eta hainbat erakundek. Horrela, ikasgela honen abiapuntua da planetaren babesak duen garrantzia, kontzeptu hori Lur planetaren birsortze artistikoaren bitartez sinbolizatuta. Helburua da bisitariak babes-kontzeptu horretan inplikatzea, kontsumo-ohiturak aldatuz eta egunerokoan urrezko 6 arauak aplikatuz: hausnartu, birdiseinatu, murriztu, berrerabili, birziklatu eta berreskuratu.

Zubietako Ingurumen Guneko instalazioei esker, Gipuzkoa Ekonomia Zirkularrean lurralde eredugarri bihurtu da, eta lurraldean zegoen arazo bati konponbidea eman zaio, ez baitzegoen hondakinak kudeatzeko instalaziorik.

  

1870