Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea % 100 Lurralde Zirkularra

% 100 Lurralde Zirkularra

Ingurumeneko Departamentuak erosketa eta kontratazio publiko zirkularra eta berrikuntzakoa sistematizatuko du

Lankidetza publiko/pribatuko talde sustatzaile baten bitartez, erosketa eta kontratazio berde eta zirkularrera bideratutako sistema bat eta baliabideen gida bat diseinatuko dira Gipuzkoako administrazio eta erakunde publiko guztientzat.

Erakunde publikoen obrak gauzatzea, inprimaketa zerbitzuak eta materialak, eta garbiketako, lorezaintzako eta  ekitaldiak antolatzeko zerbitzuak lehentasunezko ekintza-sektoreak dira Erosketa eta Kontratazio Zirkularrerako.

Jose Ignacio Asensio: "Europan, sektore publikoak 2 bilioi euroko gastua sortzen du urtean kontratazioetan, Europar Batasun osoko BPGaren % 19aren baliokidea. Horregatik, erosketa eta kontratazio publikoa administrazio publikoen kudeaketa tresna garrantzitsua da ekonomia berde eta zirkular bateranzko trantsizioa arautzeko".

 

Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok eta Ingurumeneko zuzendari Mónica Pedreirak «% 100 Lurralde Zirkularra» proiektua aurkeztu dute. Ekimen aitzindaria da, eta bere helburua da erosketa eta kontratazio publiko zirkularra eta berrikuntzakoa sustatzea, Gipuzkoako helburu jasangarriak lortzeko tresna estrategiko gisa, eta, halaber, tokiko enpresa-berrikuntza sustatzea, irizpide berriei esker bere estrategiak bideratuko dituena lurraldearen jasangarritasun erronkei erantzuna ematera.

Ekonomia Zirkularraren talde sustatzaileak lehen bilera egin du gaur; horrela, eragile publiko eta pribatuek osatzen dute taldea, Ingurumeneko diputatua da taldearen buru, eta Ingurumeneko zuzendaria, Mónica Pedreira, presidenteorde. Ekonomia Zirkularraren taldeak 2020an eta 2021ean zehar egingo du lan, administrazio eta erakunde publiko guztientzako erosketa publiko berde eta zirkularrerako baliabide sistema bat aztertu, proposatu eta garatzeko xedez. Era berean, erosketa berde eta zirkularreko baliabideen gida bat garatuko da Gipuzkoako kontsumitzaile txikiarentzat.  Ingurumeneko foru diputatu Jose Ignacio Asensiok gogorarazi duenez, "ezinbestekoa da eragile guztien arteko ekintza bateratu eta koordinatua sustatzea, ekonomia garbi eta zirkular bateranzko eraldaketa modu zuzenean egin ahal izateko, eragile, enpresa eta herritar guztiak integratuta, betiere burutu beharreko paradigma-aldaketa horrengatik inor atzean geratu gabe».

Lehenengo lan jardunaldiko ondorioen arabera, jarduketa esparru hauek landuko dira garapen ekonomiko jasangarriago eta ekologikoago baterantz aurrera egiteko: erosketa eta kontratazio (eko)berritzailea, zerikusia duena tokiko ekonomiaren produktu eta zerbitzuetan berrikuntza sustatzearekin, bai lehengaien erabileran, bai ekodiseinuan, birziklapenean eta berrerabileran, konponketan, banaketan, kontsumoan eta energiaren ekoizpenean. Taldeak landuko duen bigarren jarduketa esparrua erosketa eta kontratazio zirkularra izango da, eta helburu hau izango du: ingurumen irizpideak txertatzea lizitazio publikoen pleguetan.Irizpide horren helburu nagusia da, hain zuzen, zirkulartasunari eta gizarte eraginari lotutako irizpide gehiago sartzea Aldundiak eta beste erakunde publiko batzuek kontratatutako produktu eta zerbitzuetan. Gaur aurkeztu den "Erosketa Publiko Berderako pleguetan ingurumen irizpideak txertatzeko ekimenen bilketa eta azterketa" azterlanaren arabera, erakunde publikoen obrak gauzatzea, inprimaketa zerbitzuak eta materialak, eta garbiketako, lorezaintzako eta ekitaldiak antolatzeko zerbitzuak  lehentasunezko ekintza-sektoreak dira Erosketa eta Kontratazio Zirkularrera begira.

Ekonomia zirkularra, batetik, eta prebentzio, berrerabiltze eta birziklatze politiken sustapena, bestetik, neurri beharrezkoak eta eraginkorrak dira klima aldaketaren aurkako borrokan. Aurrera egin behar da hondakinak lehengaitzat hartzen dituzten kudeaketa ereduetan, bigarren mailako material berrien sorreran eta bilaketan oinarritutako negozio eredu berriak sustatuz. Gipuzkoan, gaur egun, birziklatzearen sektoreak 5.000 lanpostu ditu Gipuzkoan, eta 500 milioi euro inguruko fakturazioa. Helburua da zifra horiek bikoiztea 2030erako, eta ekonomia berdea 10.000 enpleguraino iristea. 

Gainera, Itun Berdearen Europako esparruak premiaz eskatzen du gure negozio ereduak, enpresak, ekonomiak, zerbitzuak eta produktuak eredu berritzaile, zirkular eta jasangarri bihurtzea, gure gizarte osorako trantsizio ekologiko ordenatu eta zuzen baterantz aurrera egiteko.

Testuinguru horretan, kontratazio eta erosketa publikoak abiadura-palanka izan daitezke Ekonomia Zirkularrerantz benetako bultzada emateko, kontuan hartuta irizpide berdeak, zirkularrak eta berrikuntzakoak sartuko liratekeela lizitazioetan.   Horri dagokionez, Ingurumeneko foru diputatu Jose Ignacio Asensiok azpimarratu duenez, "Europan, sektore publikoak 2 bilioi euroko gastua sortzen du urtean kontratazioetan, Europar Batasun osoko BPGaren % 19aren baliokidea. Horregatik, erosketa eta kontratazio publikoa administrazio publikoen kudeaketa tresna garrantzitsua da ekonomia berde eta zirkular baterako trantsizioa arautzeko".

  

1402