Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

“2025ean pertsona baino makina gehiago izango da lanean; beraz, gaurtik hasi behar dugu aldaketarentzako erantzun bila”

“2025ean pertsona baino makina gehiago izango da lanean; beraz, gaurtik hasi behar dugu aldaketarentzako erantzun bila”

Gipuzkoako diputatu nagusiak Etorkizuna Eraikiz bezalako “etorkizuneko politika aktiboak” bultzatzera dei egin du, honelako erronkei aurre egiteko

Foto “2025ean pertsona baino...

Etorkizuna Eraikiz foru ekimena bezalako “etorkizuneko politika aktiboen” alde egitera dei egin du gaur Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok. Egitasmo honek biharko lurraldea eraiki nahi du, esperimentazio aktiboa eta elkarlaneko gobernantza oinarri dituen prozesuaren bitartez. Foru arduradunaren ustetan, hau da biharko enplegua bezalako erronkei erantzuteko erarik egokiena: “Duela gutxi argitaratutako ikerketen arabera, 2025ean pertsona baino makina gehiago izango ditugu lanean, eta ezin dugu ezer egin gabe geratu tamaina honetako aldaketen aurrean. Prestatu eta konponbideak bilatzeari ekin behar diogu, eta hori da hain zuzen ere Etorkizuna Eraikiz proiektuaren bitartez egiten ari garena”.
Diputatu nagusiak Etorkizuneko lana mintegian hartu du parte gaur. Ekitaldia Etorkizuna Eraikiz Gunean egin da, Gipuzkoako politika publikoen laborategia. 50 pertsona inguruk hartu dute parte bertan, hauen artean adituak, enpresa arduradunak, gizarte berrikuntzan aritzen diren pertsonak edota erakunde ordezkariak. Denek ala denek, euren ikuspuntuak plazaratu eta biharko enpleguari buruzko eztabaida irekian hartu dute parte. Charles Leadbeater britainiarra izan da ohorezko gonbidatua, berrikuntza eta sorkuntza bezalako arloetan mundu mailako entzutea duen aditua eta Tony Blairren aholkulari ohia. Berak ere gaiari buruzko bere ikuspegi pertsonala mahai gaineratu du. 
Ekitaldia ireki du Olanok, gogoratuz enpleguaren etorkizuna Gipuzkoako herritarren kezka nagusien artean dagoela. “Geroak kezkatzen gaitu, batez ere ikuspegi ekonomikotik begiratzen badiogu: zertan egingo dut lan? Ogibidez aldatu beharko ote dut?”. Foru arduradunak adierazi du “gero eta ziurtasun gutxiago” dagoen garaian bizi garela, eta ziurgabetasun handienetakoa dela biharko lanari buruzkoa: “Enpleguak datozen hamarkadetan biziko duen sakoneko transformazioa azkenaldian eztabaida eta hausnarketa gehien sortzen ari den gaietakoa da”. 
Sakoneko aldaketa honek izan ditzaken eragin sozialetan ere jarri du azpimarra diputatu nagusiak, eta Etorkizuna Eraikiz bezalako “etorkizuneko politikak” bultzatzearen alde egin du: “Berrikuntza dosi handiak behar ditugu ondorioei aurre egiteko, aukera berriak sortu eta gizarte berdintasunaren aldeko konpromisoei tinko eusteko”. Hau da, gaurtik jarri martxan lan dinamikak Aldundiak ezarritako helburua betetzen jarraitu ahal izateko: Gipuzkoa Europa mailan ezberdintasun gutxien duten lurraldeen artean kokatzea, ekonomia, gizarte, genero zein hizkuntza ikuspegietatik. 
Leadbeaterrek, bere aldetik, nabarmendu du Gipuzkoa egoera onean aurkitu duela, eta adierazi du bere ustetan etorkizuneko erronka lehiakortasun eta gizarte elkartasunaren arteko oreka bilatzea dela. “Hau da, nola egin dezakegun pertsonak eta teknologiaren arteko bizikidetza mantentzeko etorkizuneko lan merkatuan, ezin baitugu kostuak murrizteaz bakarrik hitz egin”. Aditu britainiarraren ustetan, enplegua, soldatapeko lana, ibilbide profesionala, soldatak edota pentsioak bezalako gai garrantzitsuak ezbaian daude gaur egun, eta honek aldaketa sozial sakonak ekarriko ditu. 

  

816