“Aktibazio komunitarioa eta berrikuntza funtsezkoak izango dira etorkizuneko zainketa arloan”
“Aktibazio komunitarioa eta berrikuntza funtsezkoak izango dira etorkizuneko zainketa arloan”
Diputatu nagusia Tolosako alkatearekin elkartu da Etorkizuna Eraikiz kapsulak jasotako ekarpenak aztertzeko eta tokiko proiektu nagusiak ezagutzeko, hala nola adinekoentzako eguneko arreta zerbitzu integral berria.
Biztanleriaren zahartzearekin, ingurumenarekin, berdintasunarekin eta osasunarekin lotutako alderdiak daude Etorkizuna Eraikiz kapsulak Tolosan jasotako kezka nagusien artean. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Etorkizuna Eraikiz programaren esparruan, bilerak egiten ari da hainbat udalerritan, lurraldean garatzen ari diren etorkizuneko proiektu nagusiak ezagutzeko eta herritarrek egindako ekarpenak aztertzeko. Gaur, Tolosan, Olatz Peon alkatearekin elkartu da, herriko proiektu nagusiei buruzko ikuspegiak partekatzeko, zainketen arloan abian jarritako ekimenak ezagutzeko, eta Etorkizuna Eraikiz kapsularen bidez jasotako proposamen nagusiak aztertzeko.
Diputatu nagusiak, Tolosako alkatearekin izandako bileraren ondoren, non Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak ere parte hartu duen, adierazi du “lurralde aurreratua, solidarioa eta kohesionatua garela, pertsona guztiei enplegua, babesa eta etorkizuna eskaintzen diena”; eta gaineratu du horretarako ezinbestekoa dela lankidetza-ildoak estutzea eta herritarren proposamenak eta iritziak jasotzeko bideak indartzea. Ildo horretan, eta gizarte-politiken esparruari dagokionez, nabarmendu du aktibazio komunitarioa eta berrikuntza “giltzarriak” izango direla etorkizuneko zainketen arloan, Gipuzkoan gertatzen ari den arreta ereduaren eraldaketaren esparruan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak bizkortu egin du azken urteotan zainketa pertsonalizatu, inklusibo eta komunitarioagoak lortzeko prozesua, Gipuzkoa 2020>2030 Agendaren bitartez. Heburua ondorengoa da: Etorkizuna Eraikizen esparruan, Gipuzkoa zainketen abangoardian kokatzea eta lurralde osorako ibilbide-orri bat ezartzea. “Udalerrien eskutik egiten ari gara bide hori, eta udalerri horien artean dago Tolosa, adinekoen eta mendekotasuna dutenen bizi-kalitatea hobetzeko urrats esanguratsuak ematen ari dena, betiere pertsonen premietan oinarritutako eta komunitatearekin konektatutako zerbitzu berritzaileen bitartez”.
Eguneko arreta zerbitzu integral indartua
Tolosako alkateak eta diputatu nagusiak Uzturre zentroa bisitatu dute, zentro horretan kokatuko baita mendekotasun arriskuan dauden edo mendekotasun arina duten 70 urtetik gorakoei zuzendutako eguneko arreta zerbitzu integral berria. Arduradun instituzionalak bat datoz esatean zerbitzu hori “funtsezkoa” dela “adinekoen autonomia, prebentzioa eta gizarte harremanak” lantzeko.
Zerbitzu hori 2009. urtean hasi bazen ere, Tolosako Udalak programaren egitura indartuko du aurten, zerbitzu osoagoa eskaintzearen garrantziaz jabetuta, eta Uzturre egoitzan egindako bi proba piloturen bidez lortutako ikaskuntzetatik abiatuta. “Helburua da zerbitzu osoa eskaintzea, mendekotasun arriskuan dauden pertsonen bizi-kalitatea hobetuko duena eta familien zaintza lanak erraztuko dituena, adinekoek beren autonomia-mailari eutsi ahal izan diezaioten, eta beren ingurunean eta ohiko komunitatean bizitzeko eta integratzeko aukera handiagoak izan ditzaten”, azaldu du Olatz Peonek.
Izan ere, diputatu nagusiak gogorarazi duenez, mendekotasunerako hainbat zerbitzu eta prestazioren konbinazioari esker, “adinekoak etxean bizitzen jarraitu ahal izatea 5 urtera arte luzatzen da, horrela egoitzetan sartzea atzeratuz eta etxean kalitatezko zaintza pertsonalizatuak bermatuz”. Gainera, adierazi du mendekotasuna duten 10 pertsonatik 8k etxean bizitzen jarraitu nahi duela eta, horretarako, Aldundia etxean zaintzeko estrategia bat garatzen ari dela. “Estrategia hori etxean bertan laguntza holistikoa, pertsonalizatua eta berritzailea ematean oinarrituko da, eta Tolosan aktibatutako eguneko arreta-zerbitzu integralak erabat laguntzen du lurralde-mailan partekatzen dugun helburu horretan”.
Ingurumena, zahartzea eta berdintasuna
Uzturre egoitza bisitatu aurretik, erakundeetako arduradunek tokiko proiektu nagusiak partekatu dituzte, eta joan zen uztailaren 8an Tolosan kokatutako Etorkizuna Eraikiz kapsularen bidez eskuratutako ekarpenak eta iritziak aztertu dituzte. Tolosarrei galdetu zitzaien nolakoa nahi duten izatea Gipuzkoa 2040. urtean; izan ere, diputatu nagusiak azaldu duenez, bi urtez luzatzen ari den pandemia baten testuinguruan, ezinbestekoa da gipuzkoarrei entzutea eta gizartearen beharrak, iritziak eta proposamenak jasotzea. Horretarako, proiektua tresna eraginkorra izaten ari da, dagoeneko 24 udalerritan eta lau unibertsitate campusetan aurkeztu baita, eta 2.500 ekarpen baino gehiago jaso dira.
Ibilbide horretan jasotako ekarpen guztiak kontuan hartuko dira foru erakundearen aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan, gaur diputatu nagusiak azaldu duenez. Tolosako kapsulan 96 ekarpen jaso dira, eta horien artean nabarmentzekoak dira biztanleriaren zahartzeari, ingurumenari, osasunari eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari lotutako proposamenak. Jarraian, politika eta ekonomiarekin, mugikortasunaren arloko proposamenekin eta gazteen aldeko politiken beharrarekin lotutako alderdiak izan dira haien ekarpenetan nabarmendu diren gaiak.
Era berean, alkateak azpimarratu du garrantzitsua dela entzute aktiboa eta erakundeen arteko lankidetza, herritarren egungo eta etorkizuneko beharrei modu integralagoan eta koordinatuagoan erantzuteko. "Gizarte-politiken esparruan, indarrak batzea are beharrezkoagoa da gizarte-ongizatea eta pertsonen zaintza sustatzeko", adierazi du.
Diputatu nagusiaren iritziz, Etorkizuna Eraikiz programari esker, gobernatzeko modua eraldatzen ari da lurralde osoan. “Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei erantzuteko asmoz 2016an proiektu hori abian jarri zenetik, herritarrek aurkeztutako 125 proiektu bultzatu ditugu; halaber, 32 proiektu esperimental daude martxan eta bederatzi erreferentzia-zentro garatu ditugu erronka sozial eta ekonomiko guztietan eragiteko” adierazi du. Ahalegin horretan, ordea, funtsezkoa da udalerrien eta herritarren parte-hartzea bultzatzea. “Gainerako erakunde, enpresa, eragile sozial eta, oro har, herritarren parte-hartzeak indar handia ematen dio gobernantza eredu berri horri. Guztion ekarpena eta konpromisoa ezinbestekoak dira etorkizuna eraikitzeko” gaineratu du.
2254