Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Gipuzkoak ekin dio etorkizuna modu partekatuan eraikitzeko bideari”

“Gipuzkoak ekin dio etorkizuna modu partekatuan eraikitzeko bideari”

Politika Orokorreko osoko bilkuran, diputatu nagusiak baloratu du foru gobernuak egindako kudeaketa lan ona

“Duela hiru urte Foru Aldundira iritsi ginenean, Gipuzkoa paralisi batean murgilduta zegoelako irudipena zegoen, baina hori guztiz gainditu da. Ekonomia berreskuratzen ari da, politika publikoak guztiz aldatu dira eta herritarrak ez daude iraganeko arazoekin kezkatuta.  Gure lurraldeak bere etorkizuna modu partekatuan eraikitzeko bideari ekin dio”. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak legealdiaren lehenengo hiru urteen balantzea egin du gaur, eta, defendatu duenez, denbora horretan foru gobernuak bete du “gipuzkoarrei emandako hitza”, eta “agenda politiko berri bati” ekin dio, zibersegurtasunaren, elektromugikortasunaren, gizartearen zahartzearen, euskarazko ikus-entzunezkoen sorkuntzaren eta klima aldaketaren inguruan eztabaida “berri eta aitzindariak” irekiz.

“Harrokeriarik gabe, baina poztasunez”, diputatu nagusiak legealdia hasi zenetik egindako lanaren irakurketa oso positiboa egin du, eta egindako “lan ona” eskertu nahi izan die gobernu-koalizioari eta diputatu guztiei. Gipuzkoako Batzar Nagusietan gaur egin den politika orokorreko eztabaidaren osoko bilkuran adierazi duenez, legealdia amaitzeko hilabeteak falta badira ere, Kudeaketa Plan Estrategikoan ezarritako helburu estrategikoen eta departamentuetako helburuen betetze maila “oso handia” da.

“Ekonomiaren suspertzea errealitate bat da dagoeneko; Gipuzkoak erreferentziazko lurralde izaten jarraitzen du gizarte zerbitzuen alorrean; hondakinak arazo izatetik aukera izatera pasa dira; metroaren lanak abiadura onean doaz; Pasaiaren biziberritzea bultzatzeko plana eta aurrekontu partidak baditugu; kultur sisteman berrikuntza garrantzitsuak sustatzen ari dira; Deskargako lanak martxoan amaituko dira; gobernantza ona Foru Aldundiaren ikur bilakatzen ari da; kultura demokratikoaren alorrean, gizalegezko demokrazia sendotzeko bidean gaude”, zerrendatu du.

Lurraldearen egoera sozio-ekonomikoa aztertzean, Olanok nabarmendu du egoerak “hobetzen jarraitzen duela” eta horren erakusgarri nagusiena da langabezia tasa, % 7,7an dagoena. “Gure ahalegin nagusia enpleguaren kalitatea hobetzera bideratu behar dugu, bai egonkortasunari bai ordainsariei dagokienez”, azaldu du. Era berean, diputatu nagusiak gogorarazi nahi izan du Gipuzkoan “26.000 langabetu daudela oraindik”, eta helburu gisa jarri du “pertsona horien lanbideratzea azkartzea”, arreta berezia jarriz “gazteen eta iraupen luzeko langabetuen kolektiboetan”.

Gipuzkoako agintari nagusiak adierazi du Foru Aldundiak jarraituko duela Gipuzkoako ekonomia ehunaren lehiakortasuna bultzatzen, hori baita “krisiari aurre egiteko eta enplegu gehiago eta hobeagoa sortzeko errezetarik onena”, baita “gure gizarte zerbitzuei eta gure ongizate mailari eusteko baliabide gehiago eskuratzeko bidea ere”. 

Ildo horretan, Olanok legealdiaren balantzearen bigarren mugarri gisa kokatu du gizarte zerbitzuen alde egindako apustua, hain zuzen ere “berdintasunean oinarritutako eta bazterketetatik urrundutako gizarte bat eraikitzeko tresna garrantzitsuenetako bat” baita. Desberdinkeria ekonomikoa neurtzen duen Gini indizea, esate baterako, 26,3 puntutatik 25,3ra jaitsi da 2017an. Euroako erreferentziatik (30,8) behera, eta Espainiako estatuko zifratik (34,5) alde handira.

Alabaina, hori baino gehiago nahi du, eta diputatu nagusiak lanean jarraitzeko deia egin du, pobrezia larriko edo bazterketako kasu gogorrenak kronifikatu ez daitezen. Horixe da, hain zuzen ere, Elkar-Ekin programaren erronka, legealdi honetan abian jarri den foru programa bazterketa arriskuan dauden pertsonentzat gizarteratze eta lanbideratze aukerak sortzeko. Olanok azaldu duenez, plan honen urteko aurrekontua hiru milioi eurokoa da.

Adinekoen eta mendeko pertsonen arretak gero eta pisu handiagoa dauka Gizarte Politikako Departamentuaren kudeaketan, eta Aldundia erantzun bat ematen ari zaio horri, Olanoren hitzetan, “ez bakarrik aurrekontu mailan, baita laguntza mailan ere, zerbitzuak gure adinekoen beharretara egokituz”.

 

“Urte erabakigarria” Etorkizuna Eraikiz programarentzat

Adinekoen arretaren alorreko berrikuntza izango da, hain zuzen, AdinBerri erreferentzia zentroaren eginkizun nagusietako bat. Zentro hori Etorkizuna Eraikiz programak bultzatutako eta 2018an gauzatzen hasitako sei zentroetako bat da; beraz, aurtengoa “urte erabakigarria” da esparru horretan.  Adinberri zentroaren urratsak gidatuko dituen fundazioa eratu da, dagoeneko; Pasaiako zentroa 2022an zabalduko da, hiru urtez obratan egon ondoren, alabaina, diputatuak iragarri duenez, berrikuntza unitatea “urte honen amaieran hasiko da lanean”.

Gipuzkoak zibersegurtasuneko (ZIUR), gastronomia digitaleko (LABE), klima aldaketako eta ikus-entzunezko (2deo) zentroak izateko proiektuak martxan jartzen ari dira; aldiz, elektromugikortasunarekin lotutako erreferentzia zentro bat sortzeko proiektua datorren hilabetean aurkeztuko da. Kontziliazioari eta langileen parte hartzeari buruzko programa pilotuak ahaztu gabe, aurreko horiek osatzen dute “foru gobernuaren jardueraren ardatz den agenda politiko berria, zeinaren bitartez aurrea hartu nahi diegun lurraldearen etorkizuneko erronkei”.

“Gipuzkoa desberdina eraiki nahi dugu, lehiakorragoa eta Europa mailan bizi kalitaterik onenetakoa duena”, laburbildu du Olanok.

 

Bizikidetza eta elkarlaneko gobernantza

Gipuzkoako diputatu nagusia “baikor” agertu da gipuzkoarren arteko bizikidetzaren bilakaeraren inguruan, izan ere, bere ustez, “bide luzea gelditzen den arren, pauso garrantzitsuak ematen ari dira terrorismoaren biktimei eragindako kaltea aitortzeko eta ordain morala eta materiala eskaintzeko”. “Euskaldunok lasaitu ederra hartu genuen indarkeria desagertu zenean eta, gaur egun, hedatuta dago biktima guztiekiko errespetua eta estimua, eta gizartearen aldetik ulermen eta eskuzabaltasun handia dago bizikidetzako etorkizun bat eraikitzen lagunduko duten neurri politikoak hartzeko”, adierazi du.

Autogobernuari dagokionez, Olanok agerian jarri du premiazkoa dela Euskadin erakunde sistema eguneratzea ikuspegi estrategiko propio batetik, eta iritzi publikoko espazio propio bat finkatzea. “Proposamen horrek -esan duenez-, eskatzen du erabakitzeko askatasuna izatea, erakundea eraldatzen jarraitzeko gaitasuna izatea, eta gizartearen eta erakundeen artean partekatutako lidergoa izatea. Ezingo dugu aurrera egin gure etorkizunaren jabe ez bagara, erakundearen paralisian kokatzen bagara edo gizartea alde bera uzten badugu”.

Bukatzeko, populismoen gorakada eta herritarren politikarekiko urruntzea ikusita, Olanok deia egin du “agenda berri bati eta politika egiteko modu berriei ekiteko erakundeetatik, gizartea guztiona den proiektu honetara erakarriz”. “Horrenbestez, benetan sinesten dut elkarlaneko gobernantzan eta Etorkizuna Eraikiz proiektuan, foru erakundearen eta gipuzkoarren arteko komunikazioa hobetzeko bide eraginkor gisa”, adierazi du amaitzeko.

  

2336