Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Aurreko krisialdian desberdintasun sozialak mugatzea lortu genuen; pandemiaren ostean ere hori izango dugu jomuga”

“Aurreko krisialdian desberdintasun sozialak mugatzea lortu genuen; pandemiaren ostean ere hori izango dugu jomuga”

COVID-19ak Gipuzkoan utzitako arrasto “sakonari” eta ondorio sozio-ekonomikoei aurre egiteko, erakundeen “ahalegin sozialari” eustearen alde egin du Markel Olanok.

Pandemiak gipuzkoarren artean utzitako “arrasto sakonari” eta ondorio sozio-ekonomikoei aurre egiteko garaian, erakundeen eta lurraldeko eragileen “erantzun sozialari eta solidarioari” eustearen alde hitz egin du gaur goizean Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, susperraldia iritsi dadin “kolektibo eta pertsona guztiengana”. Gipuzkoa COVID-19aren ondoren: balantzea ikastaroaren irekiera hitzaldian, pandemiak “gehien kolpatu dituen pertsonak eta sektore ekonomikoak” babesten jarraitzeko “unea” dela adierazi du eta, aldi berean, lurraldea “etorkizunera begira indartzen jarraitzeko” proiektuak sustatzeko determinazioa erakutsi du. 

          “Pandemia ostean, zalantzarik gabe, honek behar du izan helburu nagusia: krisiaren ondorio ekonomiko eta sozialak jasaten ari direnak babestea. Azkeneko krisialdian, lortu genuen desberdintasun sozialek gora ez egitea. Oraingo honetan ere horixe bera dugu jomugan. Egungo testuinguruaren koordenatuak aldatu dira, baina norabideari eusten diogu”, baieztatu du. Diputatu nagusiak aurreratu duenez, COVID-19ak utzitako errealitateak “beharrizan sozialen olatu bat” ekarriko du eta, horien aurrean, “tresna berritzaileak” sortzearen eta gipuzkoarren “izaera komunitarioa” indartzearen aldeko agertu da. “Gipuzkoako herri politiken izaera soziala biderkatzeko unea da”, gehitu du.

          Olanok azpimarratu duenez, lurraldeak “modu sendoan” erantzun die COVID-19ak ekarritako “bat-bateko” desafioei, erakundeen, gizarte eragileen eta herritarren “esfortzuari” esker. “Gipuzkoak gizarte kapital ikaragarria dauka. Gerora begira, datozen garaiotan, nahitaezkoa izango dugu aberastasun sozial horri eustea. Batetik, gizarte kohesionatu  gisa aurrera egiteko. Bestetik, pandemiak utzitako desafio sozio-ekonomikoei erantzuteko”, azaldu du.

          Ahalegin horretan, Elkar Ekin Lanean Enplegu Inklusiboa eta Kalitatezkoa sustatzeko Gipuzkoako Estrategiaren garrantziaz mintzatu da diputatu nagusia, hain zuzen ere “pandemiak gehien eragin dien kolektiboei laguntzeko” tresna delako. “Lanpostu duin bat da bizitza proiektua garatzeko tresna nagusia”, aipatu du, eta, beraz, enplegu inklusiboa sustatzeko lanean “lurralde osoa aktibatzearen” garrantziaz ohartarazi du. “Gipuzkoaren eredua horixe da: ekonomia lehiakorra eta gizarte kohesioa. Pertsona orori gizarte babesa, kalitatezko enplegua eta etorkizuna eskainiko dien lurralde bat eraikitzeko determinazioa dugu eta horretan jarraituko dugu buru-belarri”, aurreratu du.

 

Aktualitateari erreferentzia

Diputatu nagusiak, bestalde, aktualitate diren beste zenbait gairi ere heldu die bere hitzaldian. Hala, adierazi duenez, gipuzkoar gizarteak “erabat” gaitzesten ditu azken asteetan Gipuzkoan jazo diren kale istiluak eta “elkartasun eta babes osoa” azaldu dien Ertzaintzari eta herrietako udaltzainei. “Gurean soberan daude jarrera axolagabe, suntsitzaile eta insolidario horiek. Ez dago ez protestarik, ez ideologiarik, ez bestelako gogoetarik halako ekintzak justifikatuko dituenik. Bortizkeria ez da sekula bidea”, gogoeta egin du.

Migrazioen alorrean ere ezarri du begirada Olanok eta, abuztuan Bidasoa ibaiko uretan hildako gaztea gogoan, bere “sumindura” erakutsi du. “Euskaldunok badakigu zer den atzerrira joatea, pobreziatik, jazarpenetik edota gerratik ihesi”, gogoratu du, eta Europari eta Europar Batasuna osatzen duten estatuei “egiturazko neurriak” eskatu dizkie, inork bere bizitza arriskuan jarri ez dezan, “ez Bidasoan, ez Mediterraneoan, ezta beste inon ere”. Era berean, Afganistaneko egoerak sorrarazi dezakeen balizko krisialdi humanitarioaren aurrean, gainontzeko “euskal erakundeekin elkarlanean” ekarpen solidarioa egiteko “prestutasuna” adierazi du. “Giza eskubideak eta duintasuna oinarri, babesa behar duten familiei gure laguntza eskaintzeko, alegia”, sakondu du.

 

“Arrisku eta antsietate” sentipenak

Irekieraren ondoren, pandemiak gipuzkoar gizarteko eta ekonomiako hainbat alorretan eragindako inpaktuari buruz gogoeta egin eta etorkizunera begira zabaldu diren e

raldatze eta aukerak eztabaidagai izan dituzte gaur UPV/EHUren Udako Ikastaroetan, Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren baitan antolatutako jardunaldi honetan. Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok ireki du jardunaldia, Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Eva Ferreirarekin batera. Irakasleen artean, berriz, Jose Ignacio Asensio, Maite Peña, Jabier Larrañaga eta Eider Mendoza foru diputatuen partaidetzaz gain, beren ikuspegia eta jakintza partekatu dute Sami Naïr jatorri aljeriarreko politikari eta pentsalari frantziar entzutetsuak eta Sara Baliña ekonomialariak, Espainiako Prospektiba eta Estrategiako Bulegoko zuzendariordeak.

          COVID-19ak utzitako ondorio sozial eta ekonomiko nagusiei erreparatzen dien ikerketa soziologikoa aurkeztu dute foru ordezkariek jardunaldian. Hain zuzen ere, 2021eko apirilean eta uztailean gipuzkoarren artean egindako inkesta soziologiko bana bateratzen ditu azterlanak, zeinetan guztira parte hartu duten 2.000 herritarrek. Ikerketan jasotako datuen arabera, lurraldeko biztanleen %13,5k hartu du COVID-19a eta, gainera, familien %17,4k birusaren erasoa jasan du beren etxeetan. Galdetutakoen %5,1k berriz, senitartekoren baten heriotza jasan du pandemiaren eraginez.

          Era berean, gizarte ikuspegitik, herritarren erdiak baino gehiagok “neurri txikian” bada ere “arrisku edo antsietate” sentipenak izan dit pandemian zehar; %25k aitortzen duenez, “antsietate eta arrisku sentsazio handiko” momentuak bizi izan du. Bost gipuzkoarretik batek (%21,8) egungo larrialdi egoeran “oso bakarrik edo nahiko bakarrik” sentitu dela adierazi du. Halako sentipenak jasan dituzte, modu berezian, emakumeek, 40 urte baino gutxiago dituztenek eta arazo ekonomikoak dituzten herritarrek.

          Ekonomiari dagokionez, pandemiaren ondorio sozio-ekonomikoen eragin nabarmena jasotzen du Foru Aldundiak egindako ikerketak. COVID-19a lurraldera iritsi zenetik, Gipuzkoako familien %30etan baino gehiagotan, gutxienez kide batek diru-sarreretan edo lanaldian galera bizi izan du. Hamar etxetik batean, gainera, kideren batek lana galdu du azken hilabete hauetan. Eragin ekonomikoa nabarmenagoa izan da emakumeengan, 40 urtetik beherako herritarrengan, kontratu finkorik gabeko langileengan, sektore pribatuko langileengan, nahiz dagoeneko krisi honen aurretik hilabete amaierara iristeko zailtasunak zituztenen artean.

          Bestalde, azterketa soziologikoaren arabera, COVID-19ren aurkako borrokan hartu diren neurri murriztaileak –mugikortasunari eta kontaktu sozialei jarritako mugak– modu zabalean babesten dituzte gipuzkoarrek. Joan den uztailean, galdeketa erantzun zutenen erdiak baino gehiagok (%54,2) neurri horiek “oso beharrezkoak” zirela uste zuen; %33,1ek “nahikoa beharrezko” gisa jo zituen. Murrizketen betetze mailari dagokionez, berriz, herritarren %69,1ek uste du gizarteak “oro har” erakundeek ezarritako neurriak bete dituela; %26,6ren ustez jarraipena “nahiko zabala” izan da eta %5,5en iritziz, jarraipen “eskasa” izan dute.

          Neurri berean, euskal erakundeen kudeaketaren balorazio positiboa egiten dute gipuzkoarrek, ikerketak jasotzen duen moduan. Eusko Jaurlaritzak (5,9), Gipuzkoako Foru Aldundiak (5,7) eta Udalek (5,9) pandemiaren ikasgaia gainditzen dute, herritarren arabera, apirilean zein uztailean. Espainiako gobernuak ere nahiko bat jasotzen du (5,4) uztailean, aurreko neurketan herritarren galbahea gainditzen ez bazuen ere (4,8). Alabaina, orokorrean, pandemiaren ondorioz erakundeengan konfiantza gutxiago du inkestatuen %24,3k. Konfiantzari eusten dio, ordea, herritarren %65,3k.

          Etorkizunera begira jarrita, galdeketa erantzun dutenen %15ak baino gutxiagok uste du aldaketa “asko edo dezente” egongo direla beren etxeetan, eta ehuneko hori oso gutxi aldatu dela ekaina eta apirila bitartean. Lan esparruan aldaketa handiak egongo direla uste dutenen ehunekoa ere ez da aldatzen, baina hor baiezkoan direnen portzentajea ia %30era iristen da. Apiriletik uztailera bitarteko tarte horretan, gizarte harremanetan eta aisialdian aldaketak egongo direlako pertzepzioa aldatu egiten da. Alor hori “asko edo dezente” aldatuko direlakoan dauden herritarren ehunekoa %37,1etik %26ra jaitsi da harreman pertsonalen kasuan, eta %30,9tik %24,7ra aisialdiaren kasuan.

          Bestalde, gerora begira alor publikoa indartzearen alde agertu da galdeketan parte hartu duten gipuzkoarren %54,2; eremu publikoa eta pribatua uztartzearen aldeko iritzia du, berriz, %42,1ek.

          Amaitzeko, COVID-19ak gipuzkoarren ohituretan izan duen eraginari erreparatuz, herritarren %40k ikus-entzunezko gehiago kontsumitu eta bideokonferentziak sarriago egiten dituela aipatu du. Aldi berean, kirola egiten duten herritarren kopurua jaitsi egin da –%30,ek dionez, pandemiaren eraginez kirol gutxiago egin du– eta aldaketa gutxi egon dira elikadura osasungarriaren –%13,1k bakarrik aldatu ditu ohiturak onerako– eta irakurketa ohituren eremuetan –soilik %20k irakurri du gehiago–. 

 

Sami Naïrren hitzaldia

Erakundeetako ordezkarien hasierako hitzaldien ondoren, irekiera hitzaldia eskaini du Sami Naïrrek. Jatorri aljeriarreko politikari eta pentsalari frantziarra (1946), immigrazio gaietan Europako espezialistarik bikainenetako bat bezala nabarmendu dena, eta Frantziako gobernuaren aholkulari bezala populazio mugimendu hauekin lotutako politiketan. Filosofia eta Letretan eta Giza Zientzietan doktorea, Sorbonako Unibertsitatean. Gaur egun, Zientzia Politikoetako katedraduna eta Sevillako Pablo de Olavide Unibertsitateko Mediterraneo-Andalustar Zentroko zuzendaria da.

          Bere hitzetan, pentsalari frantziarraren hitzetan, pandemia "une historikoa" da giza zibilizazioarentzat, lehen aldiz, "Herri guztiek arazo guztiz komun bati aurre egiten diotelako". "Gaixotasunean bat eginda dagoen gizateriaren irudia ematen digu", gaineratu du. Hala ere, adierazi duenez, egungo gizarteek aurre egin behar dieten "arazoak ez dira pandemiaren ondorio soilik". Aitzitik, "sustrai sakonagoak" dituzte eta zerikusi handia dute "demokraziek Europan eta mundu osoan izan duten bilakaerarekin"; izan ere, horiek "kolokan" daude, ez sistema alternatiboen eraginez, baizik eta eduki duten "eboluzio propioa" dela medio.

          Bere ustez, errealitate horren aurrean, etorkizunean "funtsezkoa izango da inbertsio publikoa handitzea", baita "enplegua sustatzeko politika anbiziotsu bat" garatzea ere, Europa mailan. "Tokiko gobernuek lotura estua eraiki behar dute hiritarrekin eta demokrazia pertsona guztientzako aurrerabiderako tresna dela erakutsi behar dute, ekonomia berdearen eta enpleguaren aldeko apustu argia eginez", gaineratu du.

          Gero, Gipuzkoa COVID-19aren ondoren: trantsizio ekologikoa gaia landu du Jose Ignacio Asensiok, Ingurumena eta Obra Hidraulikoetako diputatuak. Ekonomia Sustapeneko Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak, Jabier Larrañagak, berriz, pandemia osteko ekonomia indartzeko Gipuzkoa lantzen ari den lehiakortasun iraunkorraren berri eman du. Gizarte Politikako diputatua, Maite Peña, etorkizuneko gizarte zerbitzuei buruz aritu da eta Eider Mendozak, berriz, COVID-19aren ondoren lurraldean jazo diren “eraginak” eta aurrera begirako “aurreikuspenei” buruzko ikerketa aurkeztu du.

          Amaitzeko, Sara Baliñak Etorkizun posibleak: agenda partekatuak eta lehentasunak hitzaldia eskaini du ikastaroan izena ematen dutenei. A Coruñako Unibertsitatean Ekonomian Lizentziatua eta EFAn Banka eta Finantzetan Masterra (Afi Taldea), gaur egun Espainiako Prospektiba eta Estrategiako Bulegoko zuzendariordea da. Aurretik, BBVA Researchen (2014) ekonomialari nagusi gisa lan egin du eta Afiko Ekonomia eta Merkatu Analisiaren arloko bazkide eta arduradun izana da (2007).

  

2343