Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Aurrekontu hauekin, legealdi hasieran gipuzkoarrei eman genien hitza betetzen dugu”

“Aurrekontu hauekin, legealdi hasieran gipuzkoarrei eman genien hitza betetzen dugu”

“Amaierarik gabeko eztabaida antzuen” iragana atzean utzi eta lurraldea etorkizunari aurre egiteko prestatuko dutela uste du Ogasuneko diputatuak

Gipuzkoako Foru Aldundiak datorren urterako aurkeztu duen aurrekontu proiektua “legealdiko onena” da, Ogasun eta Finantza diputatu den Jabier Larrañagak gaur defendatu duenez, lurraldearen eta herritarren gaurko eta biharko beharrak kontutan hartzen ditu eta. “Aurrekontu honi esker, legealdi hasieran hasi genuen prozesua itxiko dugu eta, honi esker, Gipuzkoa zegoen geldialditik atera dugu. Beraz, aurrekontu hauen bitartez, herritarrei eman genien hitza betetzen dugu”, aldeztu du. 
Gipuzkoako Batzar Nagusien gaurko Osoko Bilkuran egin ditu adierazpenok foru arduradunak. Batzarraren helburua EH Bildu, Podemos-Ahal dugu eta Alderdi Popularraren batzarkide taldeek aurrekontuari aurkeztu dizkioten osoko emendakinak eztabaidatu eta bozkatzea izan da. Proiektua orain Ogasun eta Finantza batzordetik pasatuko da eta datorren asteko ostiralean egingo da behin betiko eztabaida eta bozketa, berriro ere Osoko Bilkuran. Guztira, proposamenak 875,5 milioi euroko zuzkidura aurreikusten du datorren urterako, hau da, aurten baino 19 milioi eta %2,2 gehiago. 
Larrañagak ekitaldiaren hasieran hartu du hitza, Gipuzkoako Foru Aldundiak datorren urterako aurkeztu duen aurrekontu proiektua defendatzeko. Ekonomiaren egoera onean jarri du azpimarra foru arduradunak, horri esker ari baita hazten zerga bilketa eta, ondorioz, 2019koa legealdiko aurrekonturik handiena izango da. “Legealdiaren lehen egunetik oso argi izan dugun planteamendua da: ekonomia sustapena bultzatuz aberastasuna sortzen dugu herritar guztientzat, eta honela gure ongizate mailari eusten diogu. Ekonomia indartsua izateak lurralde indartsua esan nahi du”, azaldu du. 
Proiektuaren edukiari dagokionez, Larrañagak hiru alor nabarmendu ditu: egungo erronkei aurre egitea, batez ere gizarte politiken arloan; etorkizuneko apustuak egitea, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren bitartez; eta erakundearen finantza egoera indartzea. Lehen puntuari erreparatuz, gogoratu du 2019an gizarte politikak inoizko zuzkidurarik handiena izango duela, aurrekontu osoaren hazkundearen ia %70 departamentu honi baitagokio. “Biztanleko gastua, gainera, 542 euroko da, eta hau ere errekorreko zifra da”, azaldu du foru diputatuak. Hala ere, esan du “zifretatik haratago” joan behar dela, helburua delako Gipuzkoa Europa mailan ezberdintasun gutxien duten lurraldeen artean kokatzea. 
Gainera, nabarmendu du Aldundiak “gaurtik biharko Gipuzkoa eraikitzearen aldeko” apustuarekin jarraitzen duela, Etorkizuna Eraikiz programaren eskutik. Zehaztu duenez, 2019ko aurrekontuak 12 milioi euro bideratzen ditu proiektu honetara, departamentu ezberdinen artean banatzen direnak. Zatirik handiena erreferentziazko zentroak abian jartzeko erabiliko dira. Horrela, adibidez, Ziur zibersegurtasun zentroak 1,5 milioi euro izango ditu; Adinberri, osasuntsu zahartzeko zentroak, 1,4 milioi; eta, Mubil, elektro mugikortasunarenak, 2,5 milioi. “Etorkizuneko apustuak egiteko momentua da”, azpimarratu du diputatuak.  
Azkenik, baliabideen “kudeaketa arduratsua” egitearen garrantzia nabarmendu du, sistemaren etorkizuneko jasangarritasuna bermatzeko. “Kontua ez da bakarrik zer eta non inbertitut dezakegun gaur, baizik eta bihar eta etzi ere gauza bera egiteko gaitasuna izaten jarraitzea”, esan du. Testuinguru honetan kokatu du Aldundia zorra murrizteko egiten ari den “ahalegina”. Aurreikuspenen arabera, eta datorren urteko aurrekontu proiektuan jasotakoari jarraiki, 100 milioi gutxiagoko zorrarekin itxiko du legealdia foru erakundeak. “Bide honetatik jarraitzearen aldeko apustua egiten dugu, gure finantza egoera indartuz, etorkizunean ere erabakiak geure kabuz hartzeko gaitasuna ziurtatzeko”, itxi du. 

  

2227