"Aurrekontuak gizartearen beharrei erantzuten die, eta etorkizuneko ekonomiarako oinarriak jartzen ditu"
"Aurrekontuak gizartearen beharrei erantzuten die, eta etorkizuneko ekonomiarako oinarriak jartzen ditu"
"Aurrekontuak gizartearen beharrei erantzuten die, eta etorkizuneko ekonomiarako oinarriak jartzen ditu"
Foru diputatuek Aldundiak 2020rako aurkeztutako aurrekontu proiektu "sozial eta inbertitzailea" azaldu dute Batzar Nagusietan
2019/11/07
Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztutako 2020rako aurrekontu orokorren proiektuak "ditugun behar sozialei erantzuten die, eta etorkizuneko ekonomiarako oinarriak jartzen ditu", Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza diputatuak gaur zehaztu duenez. Proiektuak 915,2 milioi euroko aurrekontu propioa aurreikusten du, % 4,53ko eta ia 40 milioiko hazkundearekin 2019arekin alderatuta, eta lehentasunezko hiru ardatz ditu: gizarte politikak indartzea, Etorkizuna Eraikiz erakundearen bidez etorkizuneko apustuak egiten jarraitzea eta erakundearen beraren finantza-egoera indartzea, betiere zorra murrizten jarraituz.
Larrañagak agerraldia egin du gaur Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza batzordean, aurrekontu proiektuaren ildo nagusiak azaltzeko eta, jarraian, kudeatzen duen departamentuari dagokion partida zehazteko. Haren atzetik, foru gobernuko gainerako diputatuak agertu dira, eta norberak kudeatzen duen departamentuaren erradiografia zehatza eskaini dute, foru erakundeak joan den astean aurkeztutako kontuen proposamenari jarraikiz. Horrela, foru diputatuek ordubeteko tartea izan dute kudeatzen dituzten arloen jarduera ildo nagusiak azaltzeko, eta, horrez gain, oposiziotik planteatutako zalantzei eta galderei erantzuteko aukera izan dute.
Aurrekontu orokorren proiektuak foru Gobernuko kideen eta foru zuzendarien ordainsarien eguneraketa ere jasotzen du. Krisi garaian, %7 jaitsi zen diputatu nagusiaren soldata 2010 urtean, eta %15 2011 urtean; foru diputatuenak %6 egin zuen behera 2010 urtean, eta %10 2011 urtean; eta foru zuzendariena %5 murriztu zen 2010 urtean eta %7 2011 urtean. Orain, %8 haziko dira diputatu nagusiaren eta foru diputatuen soldatak, eta %7 foru zuzendarienak.
Igoera hau kontutan izanda ere, diputatu nagusiaren ordainsaria %5,36 jaitsi da 2007 urtetik hona. Hau da, duela 13 urte baino txikiagoa da bere soldata. Foru diputatuenak, berriz, %1,29 hazi dira, eta foru zuzendarienak %4,8. Tarte berean, %12,72 igo dira foru erakundeko funtzionarioen ordainsariak. Honela, eguneraketa honekin, Gipuzkoako Foru Aldundiko goi karguen ordainsariak Batzar Nagusietakoekin parekatzen dira, eta gainerako Aldundietako arduradunen soldatetara gerturatzen dira, hauen parera iritsi gabe.
Diputatu Nagusiaren Alorra
Markel Olano diputatu nagusia buru duen Diputatu Nagusiaren Arloan, igoera nagusiak Estrategiako zuzendaritzetan (Etorkizuna eraikiz indartzeko) eta Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritzan (eremu horretako diru-laguntza esanguratsuenak hobetzeko) daude (euskarazko tokiko hedabideak, euskara udalerrietan sustatzea, IKTak…). Era berean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako programak ere gora egin du, Berdintasunerako III. Foru Plana bultzatzera bideratuko baitu bere lana, eta nabarmen indartuko baitu HerriLab proiektua (kontziliazio erantzukiderako programa pilotua).
Komunikazio eta Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendaritzek, berriz, aurreko legealdian hasitako lanarekin jarraituko dute. Bigarren puntu horretan, nabarmentzen dira Bizikidetza Lantzen programa sendotzea, Kriminologiaren Euskal Institutuarekin lankidetzan aritzea giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimen egoera eta beharrak ezagutzeko, eta ZAS! sarearen bidez hasitako lana, kolektibo espezifikoen giza eskubideak zalantzan jartzen dituzten zurrumurruei aurre egiteko. Azkenik, departamentuak beste programa bat ere badu: nortasun Korporatiboa eta Harreman Instituzionalak. Programa horren xedea da Aldundiaren kultura korporatiboa eta nortasuna zaintzea eta bermatzea, baita harremanak sustatzea ere erakundea herritarrengana, gizarte eragileengana eta gainerako erakundeengana hurbiltzeko.
Ekonomia Sustapena, Turismoa eta Landa Ingurunea
Imanol Lasak zuzentzen duen departamentuak jaitsiera txiki bat izan du aurreko ekitaldiarekiko, Proiektu Estrategikoetako Departamentu berriaren sorreraren ondorioz. Nolanahi ere, lau milioi baino gehixeago (ia % 13) hazi dira ehun ekonomikoa finkatzeko baliabideak, eta indartu egin da lurraldeko enpresa eta eragileekin batera garatutako etorkizuneko proiektu estrategikoen ekosistema, espezializazio adimendunean sakonduz. Ekonomia Sustatzeko Zuzendaritzak departamentuaren oinarrizko ardatzetako bat izaten jarraitzen du, honako lan-ildo hauekin: kalitatezko enpleguaren aldeko apustua; enpresa berrien sorrera bultzatzea, barne ekintzailetzari arreta berezia eskainiz, zeinetarako partida bikoiztu egin baita; talentua erakarri eta atxikitzea; langileen parte-hartzea sustatzea; edo pertsonen garapenean lagunduko duten enpresa-ereduak indartzea, besteak beste.
Berrikuntzaren eta nazioartekotzearen esparruan, Aldundiak Gipuzkoa Europa mailan I+G arloan punta-puntako eskualde gisa kokatzeko konpromisoa berritu du, zientzia, teknologia eta berrikuntza sustatzera bideratutako bost milioi baino gehiagorekin. Lehen sektoreari laguntzeak eta lurralde-orekak lehentasun izaten jarraitzen dute, eta helburu dira desburokratizazioa, ustiategien lehiakortasuna, belaunaldi erreleboa edo udalerri txikien suspertzea. Deialdi guztien zuzkidura mantentzen da. Turismo Zuzendaritzari dagokionez, aurrekontu zuzkidura finkatu da, lagunduko duena Gipuzkoako sektore turistikoa indartu nahian, sektore ekonomiko iraunkor eta ordenatu gisa, lurralde osorako enplegua eta aberastasuna modu orekatu eta banatuan sortzen, eta ekintzailetzako proiektu berritzaileei laguntzeko ildo berri bat ireki da, 100.000 eurokoa.
Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirola
Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako departamentuaren aurrekontuak igoera nabarmena izango du, 2019 urtean zituen 54.769.373 eurotatik 2020 urtean izango dituen 60.286.758 eurotara pasako baita, hau da, %10,07ko igoera. Aipatutako hazkundetik, 31.982.484 euro kultura programa eta zerbitzuak finantzatzera bideratuko dira; nazioarteko lankidetzan 4.962.381 euro egongo dira; 6.646.874 euro gazteria babestu eta arreta emateko programetara joango dira eta 16.696.009 euro kiroletara bideratuko dira. Datorren urterako aurreikusi diren ekintza nagusien artean, Koldo Mitxelena kulturgunea berritzeko obren hasiera nabarmendu behar da; 2020 urtean 2.000.000 euro inbertituko dira bertan, proiektu guztirako 10.500.000 euro aurreikusi direlarik. Eskola Kultura programa ere martxan jarriko da, ikasleak jarduera artistiko eta kulturalekin lotzeko, eta honetara 250.000 euro zuzenduko dira. Gainera, Debako zubia berreskuratzeko lanak egingo dira, ondare-balio handia duen azpiegitura eta pasa den urtean erori zena; 2020an 2.455.000 bideratuko dira bertara, eta 2021 urtean berriz beste 1.045.000 euro.
Nazioarteko lankidetzaren arloan, zuzkidura ekonomiko handiena Garapenerako Lankidetzarako Funtsak izango du, %3,5 haziko dena 2.348.000 eurotara iritsi arte. Gainera, lankidetza arloan dabiltzan gazteentzako bekak 20.000 eurotatik 30.000 eurotara pasako dira, Garapen Jasangarrirako Helburuak aplikatu eta ezagutarazteko partida konkretua egongo da eta 75.000 euro aurreikusi dira lankidetza arloan crowdfunding kanpaina abian jartzeko. Gazteria arloan, programa nagusia udalekuena izango da, harrera ona izan ohi duena eta 508.000 euro izango dituena. Udalen laguntzen arloan 450.000 euro bideratuko dira gazteriari zuzendutako programetara, arreta berezia jarriz ludopatiaren prebentzioa eta osasun afektibo-sexualean. Kultura Digitala eta Gipuzkoan Gazte Tour egitasmoek 70.000 euro izango dituzte bakoitzak, eta Gazteak Auzolanean ekimenean sartzen diren proiektuentzako dirulaguntzak 10.000 eurotatik 20.000 eurora igoko dira.
Kirolen arloan, Eskola Kirolak 2.300.000 euro izango ditu eta emakumeen kirolaren arloan, 1.375.000 euro bideratuko dira taldeak bultzatzera, ikusgarritasuna ematen duten egitasmoetara eta kirolariaren talentuarentzako beketara. Garrantzia handiko beste lan lerroetako bat da Gipuzkoako Kirol Instalakuntzen Plana, 2.780.000 euro izango dituena; beste inbertsio aipagarri batzuk dira Anoetako Estadiora zuzendutako 1.000.000 euroak, Ipuruako zelaiko sarbideak hobetzeko lanetarako 470.000 euroak, Ur Bizien Kanalerako 120.000 euroak, irisgarritasuna hobetuko duen Txuri Urdineko igogailuarentzako 300.000 euroak eta Kiroletxearako 120.000 euroak. Kirol arloko talentua sustatzeko ekimenetan ere aipagarria da Kirolgiri egiten zaioan foru ekarpena, 3.028.000 eurokoa izango dena.
Gobernantza
Eider Mendoza diputatuak zuzentzen Gobernantza Departamentuari dagokionez, Diputatuen Kontseiluko Idazkaritzaren programak beherakada nabarmena izan du, hauteskundeekin lotutako gastuak finantzatzeko kredituak murriztu egin direlako, eta Funtzio Publikoko zuzendaritza, berriz, hazi egin da, Foru Aldundia plantilla berritzeko egiten ari den ahaleginaren isla. Bestalde, Foru Zerbitzu Publikoen Berrikuntzako eta Eraldaketarako Zuzendaritzak % 45 baino gehiago handitu du bere zuzkidura IZFErentzat (Informatika Zerbitzuen Foru Sozietatea), foru erakundea egiten ari den eraldaketa teknologikoaren aldeko apustuaren ondorioz.
Bestalde, milioi bat euro gehiago bideratuko da Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzara, eta hor nabarmentzekoa da parte-hartze prozesutik eratorritako proiektuen garapena indartzea. Azkenik, Suaren aurkako Babesaren eta Salbamenduaren programak 3,7 milioi euroko hazkundea izan du, Donostiako Udalarekin suhiltzaile-zerbitzuen arloan sinatutako hitzarmenaren finantziazioa handitu egin baita Gipuzkoa Babestu 20_30 proiektuaren aplikazioari begira. Halaber, transmisio sare berriak behar duen inbertsioari ekiteko finantzazioa jasotzen da, Bide Azpiegituretako Departamentuarekin elkarlanean.
Proiektu Estrategikoak
Ainhoa Aizpuru buru duen departamentua sortu berria da, eta guztira 8,2 milioi euroko aurrekontua izango du. Foru arlo horrek bi lan esparru ditu: alde batetik, departamentuaren beraren zerbitzu orokorrak; horien partida garrantzitsuena departamentuaren jarduerarekin zerikusia duten azterlan eta irizpenetarako da. Bestalde, Proiektu Estrategikoen programak, izenak berak dioen bezala, Ziur, Adinberri, Mubil, LABe eta 2deo ekimenak finantzatu eta bultzatuko ditu. Ekimen horiek aurreko legealdian sortu ziren, Etorkizuna Eraikiz programaren esparruan, eta bakoitza garapen fase jakin batean dago.
Halaber, departamentuak lan egingo du bideragarriak diren eta lurraldearen etorkizunerako inpaktu esanguratsua eta positiboa dakarten proiektuak identifikatzeko, azterlan eta irizpenen eta dirulaguntzen beste partida batzuen bidez. Azkenik, For Aldundiak bere osotasunean egiten duen bezala, Proiektu Estrategikoetako Departamentuak lan egingo du desberdintasunak murrizteko eta Gipuzkoako ekonomiaren eta gizartearen kohesioan aurrera egiteko, gizarteratzea erraztuz eta bizi kalitatea hobetuz Elkar-EKIN Lanean foru-programaren bidez, zeinak milioi bat euroko aurrekontu zuzkidura izango baitu.
Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa
Rafaela Romerok zuzentzen duen Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako departamentuak %15 igo du bere aurrekontua, 60,4 milioi eurotatik 64,1 milioitara pasatuz. Igoera honen helburua batez ere ingurumen, gizarte eta ekonomia ikuspegietatik jasangarriagoa izango den mugikortasuna eta lurraldea bera bultzatzea da. Honela, bidegorriak dira hazkunde nabarmenena izango dutenak, %52,9 zehazki, bizikleta eguneroko mugikortasunerako ibilgailu bihurtzeko bultzada emateko. Garraio publikoaren sustapena ere lehentasunen artean dago eta aurrekontuaren zatirik handiena honetara bideratzen da, ticketing sistema berritzeko partida nabarmentzen delarik. Lurralde Antolaketaren arloan, arreta berezia jasoko du beste behin Pasaialdearen berritzeak, %39,1 haziko baitira bertara bideratutako baliabideak.
Ogasun eta Finantzak
Jabier Larrañaga buru duen departamentuak 1,6 milioi gehiago izango ditu 2020an aurtengo ekitaldiarekin alderatuta. Gehikuntza bideratuta dago departamentu hau egiten ari den berrikuntza teknologikoa eta pertsonalarena finantzatzera, belaunaldien arteko errelebo betean baitago. Hala, foru erakundearen ahaleginen zati handi bat goi mailako eta erdi mailako teknikarien EPEak garatzeko lankidetzak eta administrazio elektronikoaren arloan egindako aurrerapenek hartuko dute. Gipuzkoako Foru Ogasunak, era berean, Big Data eta SII proiektu informatiko estrategikoak ezartzen jarraituko du, eta TicketBai garatzen jarraituko du.
Departamentu honetan ere nabarmentzekoa da zorpetzearen murrizketa, interes tasa baxuko eszenatoki batekin batera, finantza karga gutxitzea ekarri duena. Horrela, 2020an foru erakundeak sei milioi euro ordainduko ditu. Aurreko legegintzaldiaren hasieran kopuru hori bikoitza zen, eta 2012an 18 milioitik gora zegoen (hirukoitza baino gehiago). Horrela, 2020an, zorra 45,6 milioi euro murriztuko da, 386 milioi eurotan utzi arte (2015ean, 562 milioi eurokoa zen). Ahalegin horri legegintzaldian zehar eustea aurreikusten da, zorra krisi ekonomikoaren aurreko mailara jaisteko, zeina 20 milioi euro ingurukoa baitzen.
Bide Azpiegiturak
Aintzane Oiarbidek zuzentzen duen departamentuak aurrekontu bat aurkeztu du, aurreko legealdian izandako baliabide gehikuntzak finkatzen dituena. 2020ko aurrekontuan, lehenetsi da lurraldeko bide sarea modu eraginkorrean mantentzea, kontserbatzea eta ustiatzea, hargatik eragotzi gabe hobekuntza proiektu jakin batzuei nahiz garrantzi txikiagoko jarduerei ekitea. Horrela, bide sarearen ohiko kontserbaziora eta prebentziozko kontserbaziora bideratutako programak hazi egiten dira, eta arlo honetan kokatzen dira Belabietako tunela egokitzera bideratutako 10,5 milioi euroak. Gainera, 30 milioi euro aurreikusi dira erabiltzaile gipuzkoarrek autobideak erabiltzeagatik dituzten deskontuentzako, eta 2020 urtean Irungo Bentas-Behobia zatiko deskontu berria jarriko da martxan (%50 deskontua, %80 artekoa izan daitekeena bidai kopuruaren arabera).
Errepideen eraikuntzari eta hobekuntzari dagokionez, partidak murriztu egiten dira, urtearen hasieran amaitu baitziren kostaldetik Deba eta Mutriku lotzen dituen GI-638 errepidea hobetzeko lanak. Aurrera eramango diren proiektuen artean, honako hauek aipatu behar dira: Kortaberriko biribilgunetik Zegamako Ondaraldea poligonoraino doan GI-2637 errepidea hobetzeko proiektua, Andoaingo lotune berria, Aizpurutxoko zeharbidean egingo den jarduketa (Azkoitia eta Urretxu arteko GI-631 errepidea hobetzeko lehen fasea), Irungo lotune erdia bukatzea eta Astigarragan GI-2132 errepidea 27 poligonoarekin lotzeko proiektuaren obrak egiten hastea. Gainera, Astigarraga eta Oiartzungo Garraio Zentro Integrala abia eraikitzeko proiektua ere abian jarriko da.
Gizarte Politika
Maite Peña diputatuak zuzentzen duen Gizarte Politikako Departamentuak 9,5 milioi euroko aurrekontua izango du 2020an, 399 milioi eurora iritsi arte, inoiz izan duen zuzkidurarik handiena. Bere ekintzan, Aldundiaren arlo honek 2018-2021eko Gizarte Zerbitzuen Mapa hedatzen jarraituko du, 250 plaza berri irekiz, horietako 116 adinekoei arreta emateko. Gainera, 2020an, udal egoitzak Kabian integratzeko prozesuarekin amaituko da, eta zerbitzuen katalogoa berrikusiko da, pertsona ardatz duen arreta-eredu berri bat ezartzeko eta arreta ratioak aldatzeko. Desgaitasuna duten pertsonentzako pisuetan, egoitzetan eta eguneko zentroetan ere plaza berriak irekiko dira; mendekotasun prestazioen jarraipena handituko da; eta gizarte zerbitzuetako zentroak eraikitzeko inbertsio berriak bideratuko dira.
Gizarte bazterketari aurre egiten jarraitzeko, Gizarte Inklusioko Plan berria onartzeaz gain, egoitza baliabide berritzaile berri bat irekiko da, gizarte bazterketa larrian daudenak eta arreta soziosanitarioa behar dezaketenak artatzeko. Haurrak eta nerabeak babesteari dagokionez, 2019an sortutako plazak finkatzeaz gain, lan egingo da Gazteon Sarelan programaren lan filosofia sare osora zabaltzeko, eta premia bereziak dituzten adingabeentzako familia harrera espezializatua bultzatuko da.
Ingurumena eta Obra Hidraulikoak
Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak 26.955.175,00 euroko aurrekontua du 2020rako. Ondorioz, iazko ekitaldiarekin alderatuta, % 8ko igoera izango du. Aipatutako kopuru horretatik, 19.034.104 euro ingurumen programetara bideratuko dira. Horiek departamentuaren baliabide guztien %71 dira. 6.527.184 euro lurraldeko obra hidraulikoetan egindako kudeaketara bideratuko dira; eta gainontzeko 1.393.887 euroak, zerbitzu orokorren gastuak estaltzera. Ingurumen Zuzendaritzaren jarduera ildo nagusiak honako hauek izango dira: klima aldaketaren aurkako borroka, emisioen murrizketa eta lehentasunezko helburu gisa jasangarriagoak diren garapen ereduetarako trantsizioa. Ildo horretan, Klima Aldaketari buruzko programak 3.084.469 euroko aurrekontua izango du, Ekonomia Zirkularra bultzatzekoak 9.348.575 euro, eta erresilientziaren eta azpiegitura berdeen arloko jarduerek 737.641 euro izango dituzte 2020. urterako.
Eredu energetiko eraginkorragoetarako trantsizioa ere Departamentuaren xede izango da, 2.243.383 euroko zuzkidura izango duen jasangarritasun energetikoko programa batekin. Gipuzkoako hondartzen kudeaketa integralari 2.085.084 euro eskainiko zaizkio, eta ingurumen sentsibilizazio eta hezkuntza programei 462.816 euro. Bestalde, Obra Hidraulikoetako Zuzendaritzak, departamentuaren aurrekontu osoaren % 24 hartzen duelarik, erronka nagusi izango du ibaien espazioen % 60 berreskuratzea, flora eta arrain fauna berreskuratzeko eta arrainak ibaietan hobeto ibiltzeko. Halaber, ahalegin handia egingo da uraren edukiera eta kalitatea neurtzeko aforalekuen sarea berritzeko eta modernizatzeko. Ildo horretan, 3.522.827 euro inbertituko dira azpiegitura hidraulikoetan; 1.203.683 euro baliabideetan eta uren kalitatean; 1.200.674 euro ibaiak lehengoratzeko lanetan, eta 600.000 euro aforalekuak berritzeko lanetan.
2471