Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Autogobernu eta ongizatean oinarritutako euskal ereduaren alde egin du gure gizarteak hauteskundetan”

“Autogobernu eta ongizatean oinarritutako euskal ereduaren alde egin du gure gizarteak hauteskundetan”

Diputatu nagusiak, Markel Olanok, herritarren jokabideak Espainiar estatuko “zurrunbilotik” aldendu nahia agerian uzten duela adierazi du

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, adierazi du pasa den igandeko hauteskundeetan herritarrek izandako jokabideak argi utzi duela euskal gizartea urrundu egin dela “Espainiako estatua murgilduta dagoen zurrunbilotik”, eta “autogobernuaren eta ongizatearen euskal ereduaren alde egin duela”. Zentzu honetan, foru arduradunak egungo euskal erakundeetan dagoen “egonkortasuna” baliatzera dei egin du, “eredu hori indartzeko”.

Olanok Gipuzkoako Batzar Nagusietako Politika Orokorreko Bilkuraren baitan hartu du hitza. Agerraldian, Aldundiak legealdi honetan egin duen ibilbideari errepasoa egin dio, jarritako helburuak, martxan jarri diren proiektuak eta etorkizuneko erronkak zehaztuz. Gaur hasi eta astelehena bitartean luzatuko da Bilkura, kurtso politiko berriaren hasieraren mugarrien artean kokatu ohi dena.

Ekonomiaz aritu da Olano bere hitzaldiaren zati handi batean: “Hoberako zantzuak ageri dira, baina zuhurtziaz kudeatzen jarraitu behar dugu”. Gogoratu duenez, ekonomia sustapena da lehen egunetik foru Gobernuaren lehentasun nagusia, eta zentzu honetan hainbat ekimen abian jarri direla adierazi du, Ekonomia Suspertzeko Plana nabarmenena. Bide honetatik, azpimarratu du diputatu nagusiak, lortuko dira gizarte babeserako sistema jasangarri egiteko baliabideak. “Honetan jarri dugu gure arreta, aurrekontuaren ia erdia gizarte politikara bideratzen jarraitzen baitugu”, esan du.

Kudeaketaren arloan, Gipuzkoa modernizatzeko egin gabe zeuden ekimen nagusiak martxan jarri direla gogoratu du, hondakinen kudeaketa, Pasaialdea edota errepide sarearen hobekuntzak adibide. Ekimen nabarmenen artean, baita ere, Aldundia prestatzen ari den Indarkeria Matxistaren aurkako Planean jarri du azpimarra, datorren hilabetean aurkeztuko dena. Alor berean, urriaren 27 eta 28an egingo den kontziliazioari buruzko kongresua mugarri izango dela adierazi du.

Gidatzen den gobernuak dituen indargunetan ere erreparatu du diputatu nagusiak. “Bi alderdiok ahalegin handia egin dugu proiektu eragingarria lortzeko, adostasunean oinarrituta”, esan du. Foru arduradunak lehen urtearen balantze positiboa egin du eta nabarmendu gaur egun Gipuzkoak “gobernu eraginkorra” duela, “pertsona guztiak ordezkatzen dituena”. Aldundia martxan jartzen ari den elkarlanerako gobernantza eredu berriak ere aipamen berezia izan du Olanoren hitzaldian.

Etorkizuneko erronkei, berriz, Etorkizuna Eraikiz programaren bitartez egingo diela aurre esan du Olanok. Helburua, alde batetik, “arnas luzeko” proiektu ekonomiko, sozial eta kultural berriak antolatzea, gaurkotasunetik biharko Gipuzkoa diseinatzen hasteko. Bestetik, datozen hamar urteetan izango dituen proiektu estrategikoak diseinatzea, betiere lurraldeko gizarte antolatuarekin elkarlanean. Programa honen baitan, iragarri du Pasaian kokatuko dela zahartzea eta osasunean aurreratutako zentroa, arlo hauetako ikerketa eta berrikuntzan erreferente izango dena. “Edukiez gaindi, programa honek irudikatu nahi du afera publikoak kudeatzeko era zehatz bat, alderdien arteko borrokatik libre egon behar lukeena”, defendatu du.

  

1990