Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Baikorrak gara etorkizunera begira, baina tentuz eta zuhurtziaz jokatzen jarraitu behar dugu”

“Baikorrak gara etorkizunera begira, baina tentuz eta zuhurtziaz jokatzen jarraitu behar dugu”

Gipuzkoako Diputatu nagusiak, Markel Olanok, lurraldeak 2015 “txukun” amaitu duela esan du diru-bilketaren ikuspuntutik

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, Foru Aldundiak 2015 “txukun” itxi duela esan du gaur diru-bilketaren ikuspuntutik. “Zerga zuzenen arloan oso emaitza ona lortu dugu eta, zeharkakoen esparruan, urte hasieran jarritako helburutik gertu ibili gara”, esan du. Puntu honetan, petrolioaren prezioaren beherakadak BEZaren lurraldeko arteko doikuntzetan eragina izan duela nabarmendu du, “eta hori dela eta aurrekontua %100ean bete ez eta ia %99n geratu gara”. Hala ere, baikor agertu da Olano, eta etorkizunera begira “zuhurtziaz” lanean jarraitu beharra dagoela adierazi du.
Diputatu nagusia eta Gipuzkoako Ogasun eta Finantza foru diputatua, Jabier Larrañaga, Batzar Nagusietako Erakundeetarako, Gobernurako eta Araudirako Batzordean agertu dira gaur, batzarkideei atzo arratsaldean Gasteizen burutu zen Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan jasotakoaren berri emateko. Olanok gogoratu duenez, Gipuzkoak 4.104 milioi euro bildu ditu 2015 urtean, %4,3ko eta 168 milioi euroko hazkundea 2014rekin alderatuta.
Emaitza hauekin, lurraldea posizio “erosoan” dagoela esan du etorkizuneko erronkei aurre egiteko. “Etorkizunera begira seriotasunez lan egin behar dugu, eta ditugun baliabideei ahalik eta etekin handiena ateratzen saiatu. Aurrera begira baikorrak gara, baina nazioarteko eszenatokian ziurgabetasun asko daude eta tentuz ibili beharra daukagu”, esan du diputatu nagusiak. 
Gipuzkoako herriei 437 milioi euro dagozkie, 7,4 milioiko ekarpen osagarria barne (aurreikusitako baino +%1,7 gehiago)
Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa
Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan lurraldeko udalerriei dagokien diru partidak ere zehaztuta geratu dira. Horrela, 2015eko likidazioari dagokionez, Gipuzkoako herriei 437 milioi euro dagozkie, 7,4 milioiko ekarpen osagarria barne (aurreikusitako baino +%1,7 gehiago). Honi esker, %4,32 hazkundea izan du Foru Funtsak 2014arekin alderatuta. “Udalek jasoko duten gainsoldata hau Gipuzkoak izan duen 2015 onaren erakusle da” eta, gehitu duenez, agerian uzten du diru-bilketan emaitza onak lortzea “guztion onurarako” dela.
 
Ekarpen Legea
Ekarpen Lege proiektu berria gauzatzeko konpromisoaren inguruan ere, Olanok irakurketa positiboa egin du. “Abenduaren 16rako lege proposamen berri bat adostea erabaki dugu lau erakundeok eta orain eztabaidatu eta akordio zabalak bilatzeko ordua da”, esan du. Zentzu honetan, Gipuzkoa “bere ekarpena” egiteko prest dagoela adierazi du, “guztion mesedetan den eta denen beharrei era egokienean erantzungo dion Ekarpen Lege eguneratu bat adostu eta lortzerako bidean”.
  

2539