Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Baserritarrei buruzko estereotipoz beterik daude eskoletako testuliburuak”

“Baserritarrei buruzko estereotipoz beterik daude eskoletako testuliburuak”

Gizarteak eta hezkuntzak baserri munduaren inguruan ezezagutza handia dutelako susmoari erantzun nahian egin da ikerketa

Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta, duela urte eta erdi, lehen sektorearen dinamizaziorako parte-hartze prozesu bati ekin zitzaion lehen sektoreko askotariko eragileekin batera. “Hasiera, hausnarketarako tartea izan zen, sektorearen erronkek zeintzuk beharko luketen adosteko. Erronkak kudeatzeko hiru lantalde sortu ziren: Errentagarritasuna, Kudeaketa eta Komunikazioa. Guztietan, buru-belarri lanean ari dira, eta gaur aurkezten dugun hau lehendabiziko emaitza dugu”, zehaztu du Xabier Arruti Nekazaritzako eta Landa Garapeneko zuzendariak.

Komunikazio lantaldetik atera da gaur aurkeztu den ikerketa hau egiteko ideia. Bertan, gizarteak eta hezkuntzak baserri munduaren inguruan ezezagutza handia dutelako susmoa zegoen, eta hori dela-eta, Pedro Berriotxoa ikertzaile, historiagile, antropologo, irakasle eta nekazaritza-ingeniariari ikerketa egiteko eskatu zitzaion, eta Berriotxoak emaitzetan ondorioztatu duenez, “baserritarrei buruzko estereotipoz beterik daude eskoletako testuliburuak, eta horietako asko aspalditik datoz”.

Ikerketan, Derrigorrezko Lehen eta Bigarren Hezkuntzan (LH eta DBH) 6 eta 16 urte bitarteko ikasleekin erabiltzen diren zortzi argitaletxeren testuliburuak aztertu dira. “Argitaletxe batzuetan baserriarekiko sentsibilitatea agerikoa den arren, beste batzuetan honako estereotipoak berresten dira: baserri zaharra; eden bukolikoa; tradizionala eta folklorikoa; emakume baserritar ikusezina; autarkikoa; kanpokoa eta urrutikoa; ahistorikoa…”, azaldu du Berriotxoak. “Kanpotik, baserriaren ikuspegi positiboa ematen da, erakargarria, baina guztiz folkloreari lotuta. Eta hau zama da baserriarentzat”, gehitu du.

Ikertzaileak adierazi duenez, errealitatetik urrun dauden aurreiritziak dira, eta, horiek saihesteko, gomendio sorta bat osatu da baserriari eta baserritarrei buruzko ikasmaterialak sortu nahi dituzten argitaletxe, norbanako edo ikastetxe guztien eskura jartzeko.

Eta amaitu du esanez testuliburuek baserriaz islatzen duten irudia gizarteak baserriaz duen iritziarekin bat datorrela eta batak bestea aldatzen lagun dezakela. 

"baserriaren ikuspegia guztiz folkloreari lotuta dago eta hau zama da baserriarentzat”

  

1502