Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

“Bizi nire errealitate intelektuala eta mugak hautsi”

Foto “Bizi nire errealitate intelektuala eta mugak hautsi”

“Bizi nire errealitate intelektuala eta mugak hautsi”

Gaurtik urriaren 11era arte martxan egongo da Atzegiren kanpaina berria.

“Bizi nire errealitate intelektuala eta mugak hautsi”

 Atzegik, adimen desgaitasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak, gaur goizean aurkeztu du urteko sentsibilizazio kanpaina. Maite Peña, Gizarte Politika saileko foru diputatua, Ander Aizpurua, Kutxa Fundazioko zuzendaria, Mitxel Lakuntza, Atzegiko zuzendaria eta Patricia Ayo, Elkartekintza eta Familia Laguntza zerbitzuko arduraduna eta kanpainako koordinatzailea, izan dira kanpainaren nondik norakoak azaldu dituztenak. 

Aurtengoan, ATZEGIk "Nire errealitate intelektuala bizi eta mugak hautsi" lelopean, irisgarritasun kognitiboaren gaian indarra egin nahi du. Kanpainaren bidez, desgaitasun intelektualaren "betaurrekoak" jartzera gonbidatu nahi dute gizartea eta egunerokoan bizi dituzten zailtasunak hobeto ulertzera.

Patricia Ayok, kanpainaren koordinatzaileak, egunerokoan eman ohi diren egoera zehatzak azaldu ditu, edonorentzat ulertzeko zailak izan daitezkeen mezuak, eta are gehiago desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat, adibidez; jatetxetako kartak, egutegiak, garraio publikoko ordutegiak, irudi ulertezinak, eskuorri informatiboak, hauteskunde programak, etab. Ayok azaldu duenez, “adibide ezberdinei esker jendeak zailtasun horiek ulertzea nahi dugu eta mezu errazen alde egitea, pixkanaka denontzat ulerterraza den ingurunea eraikitzeko”. Horrez gain, Ayok azaldu duenez, “desgaitasuna duten pertsonak ahalik eta autonomoenak izateko, berebiziko garrantzia du mundua ondo ulertzeko aukera izatea , eta horrek gainera beren bizi-kalitatean eragin zuzena du”.

Mitxel Lakuntzak, Atzegiko zuzendariak, gogora ekarri du “Gure txanda da”, aurreko urteko kanpainaren arrakasta. Lakuntzaren hitzetan, kanpainak ondo baino hobeto erakutsi du kolektibo honek boluntariotza lanak egiteko duen gaitasuna. Lakuntzak, urtean zehar gauzatutako zenbait jarduera azaldu ditu eta horiek gizarte inklusioan duten balioa azpimarratu du.

Adibide gisa, gainontzeko jarduerez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak enplegu publikoko eskaintzaren bidez abian jarri duen “praktika egokia” balioan jarri du. Izan ere, desgaitasun intelektuala duten pertsonei egokitutako hiru lanposturentzat deialdia egin du (artxibo eta zerbitzu orokorretako ofiziala). Kolektiboarentzat lan aukera berria suposatzeaz gain, Lakuntzak balioan jarri du “sentsibilitate handiarekin landu dela gaia”; irakurketa errazan idatzi dira testuak, gaitegia egokitu da eta eskaintzaren inguruan lanean ari diren profesionalei formakuntza eman zaie, hau da, Diputazioko langileei. 

Maite Peñak, Gizarte Politikako foru diputatuak, gizarte inklusioarekiko eta pertsona ororen aukera berdintasunarekiko Gipuzkoako Foru Aldundiak duen “konpromiso tinkoa” azpimarratu du. “Gipuzkoan ez dugu ulertzen pertsonetan eta beraien behar zehatzetan oinarritzen ez den gizarte politika eredurik. Gainera, eredu partekatua da, Atzegi bezalako ehunka eragileren izugarrizko lana jasotzen duena, egunero-egunero, gizarte kohesionatuago eta desberdintasun gutxiago dituen lurralde baten alde dihardutenak”.

 

Ander Aizpuruak, Kutxa Fundazioko zuzendariak, gaineratu du, “desgaitasun intelektuala duten pertsonen errealitatea guztiona da eta kontutan izan behar dugu eguneroko jardueretan. Kutxa Fundazioan bidezko gizarte inklusiboagoa lortze aldera hainbat ekimen sustatu ditugu eta kanpaina honek neurri horiekin bat egiten du. Atzegik ondo erakutsi du gizartea sentsibilizatzeko gaitasuna duela eta ziur gaude kanpaina honen ondoren helburu horretatik gertuago egongo garela”.

 

Ekintza zehatzak egiteko deialdia

Patricia Ayok, aukera aprobetxatu nahi izan du irisgarritasun kognitiboaren inguruan hausnarketa egitera gonbita luzatzeko, "pertsona bakoitzak, bere lan edo ingurune pertsonalean aldaketa txikiak  egiten baditu, ziur nago mundu irisgarriagoa eraikiko dugula".

Azkenik, kanpainaren alderdi praktikoak ezagutzera eman ditu; aurten 8.000 kartel ezarriko dira Gipuzkoan zehar Atzegiko familia eta kolaboratzaileei esker, 128 markesina, spot bat ere sortu da kanpainarako eta boluntarioak behar dituzten erakundeei zuzendutako eskuorriak ere egin dira. Gaurtik kanpaina amaitzen denera arte hainbat aurkezpen egingo dira eskualde ezberdinetan mezua Gipuzkoako txoko guztietara irits dadin.

Horrez gain, urriaren 8an arratsaldeko 18.30h. kanpainaren ekitaldi nagusia ospatuko da Donostiako Antzoki Zaharrean. Ekitaldi horretan kanpaina ikusentzunezko, antzerki, musika etab. bitartez azalduko da eta adimen desgaitasuna duten pertsonek parte hartze handia izango dute. Ekitaldia irekia izango da eta gonbidapenak Atzegiren bulegoan edo atzegizale@atzegi.eus emailaren bitartez eskuratu ahal izango dira (943.42 39 42).