Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea ‘Ekin. Zaindu. Bizi.’ izango da Aldundiaren 2026ko egutegia osatzeko argazki lehiaketaren gaia

‘Ekin. Zaindu. Bizi.’ izango da Aldundiaren 2026ko egutegia osatzeko argazki lehiaketaren gaia

Lanak aurkezteko epea irailaren 1ean hasiko da; aurten ere Gipuzkoako Argazkilari Elkartearekin batera antolatuko da sariketa

2025/04/25
Gipuzkoako Foru Aldundia

Foru Aldundiaren 2026ko egutegia herritarrekin batera lantzeko asmoz, helburu horrekin antolatutako argazki lehiaketaren bederatzigarren edizioa egingo da aurten. Irailaren 1ean sartuko da indarrean lanak aurkezteko epea eta aurtengo gaia Ekin. Zaindu. Bizi izango da eta parte hartu nahi dutenek, beraz, kontzeptu horiek islatzen saiatu beharko dira beren argazkietan.

Gipuzkoa lurralde bizia da, natur ingurune aberatsa, tradizio sustraituak eta komunitate balio sendoak dituena. Aldi berean, etorkizunera begira aurrera egiteko ekimena duen lurralde industriala gara, pertsonak eta ingurunea zaintzen dituena. Guztion ongizatea bultzatzen duen lurraldea, azken finean. Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak goiburutzat hartu du Ekin. Zaindu. Bizi lema legealdi honetan, gipuzkoar guztien ongizate integralaren aldeko lana laburbiltzen duenez. Aukeratutako gaiaren bitartez eta argazkien bitartez, gipuzkoarron balio konpartitu horiek guztiak indartzen eta sustraitzen jarraitu nahi du Aldundiak.

Ohi bezala, aurten ere lehiaketa Gipuzkoako Argazkilari Elkartearekin batera elkarlanean antolatu da, eta, guztira, 4.000 euro banatuko ditu saritan: lehenengoak 1.000 euroko saria jasoko du eta egutegiko azalean aterako da. Horrez gain, 250 euroko 12 sari ere egongo dira, egutegiko hilabete bakoitzeko bana. Lehiaketa 18 urtetik gorako argazkizaleei nahiz profesionalei irekita dago. Pertsona bakoitzak hiru argazki aurkeztu ditzake gehienez: originalak, lehenagotik argitaratu gabekoak eta aukeratutako gaia irudikatzen dutenak. Argazkiak Gipuzkoan ateratakoak izan behar dira.

Lehiaketan parte hartzeko interesa duenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren gipuzkoa.eus/argazki-lehiaketa webgunean sartu beharko da, eta bertan aurkeztu beharko ditu argazkiak. Lehiaketaren epea irailak 1ean irekiko da eta irailaren 30ean itxiko da. Argazkiak JPEG formatuan aurkeztuko dira, horizontalean, 20x33 cm-ko tamainarekin eta hazbeteko 300 pixeleko bereizmenarekin, eta zuri-beltzean nahiz koloretan aurkezteko aukera egongo da. Aurkeztutako argazkiak ezin dira lehenagotik, aldizkarietan, egunkarietan edota bestelako edozein publizitate-kanpainatan argitaratuta egon. Bestalde, ezingo da aurkeztu aurretik argazkilaritza sariren bat jaso duen argazkirik, eta ez da onartuko egilearen sinadura edota logotipoa daramaten argazkirik. Halaber, edizio digitala onartzen da, baina ez da onartuko hartutako irudien gainean elementuak manipulatzea edo gehitzea edo ezabatzea, ezta adimen artifizialarekin egindako obrarik ere ez.

Foru Aldundiko eta Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko ordezkariekin osatutako epaimahaiaren ardura izango da argazki guztiak ikusi eta baloratzea, baita lehiaketako oinarriak betetzen ez dituzten horiek alde batera uztea ere. 13 argazkirik onenak aukeratuko dituzte eta, horretarako, kalitate artistikoa, lanen teknika eta lehiaketaren gaiarekin harremana hartuko dituzte kontuan. Parte-hartzaileek ziurtatu beharko dute emandako datuak benetakoak eta egiaztatu daitezkeenak direla. Behin argazkiak bidalita, Foru Aldundiak datu hauek eskatuko dizkie parte hartzaileei argazkia aukeratua den kasuetan: kalitate altuko irudia aukeratutako leloaren izenarekin eta datu pertsonalak.

Aldundiaren egutegiak harrera ona izan ohi du herritarren artean. Urtero- urtero, egitasmoaren balorazio oso positiboa egiten dute Aldundiak eta Argazkilari Elkarteak, orain arteko edizioetan aurkeztutako lanen kalitatea nabarmenduz. Hain zuzen ere, guztira 644 argazki aurkeztu ziren iazko lehiaketan eta 40.000 ale inguru banatu ziren doan herritarren artean, Aldundian bertan eta baita lurraldeko eskualde guztietan ere.

  

5176