Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Elkarlana, berrikuntza eta anbizioa oinarri hartuta ari gara Gipuzkoaren desafioei erantzuten, pertsona guztion ongizate integrala babesteko”

“Elkarlana, berrikuntza eta anbizioa oinarri hartuta ari gara Gipuzkoaren desafioei erantzuten, pertsona guztion ongizate integrala babesteko”

• Batzar Nagusietako Politika Orokorreko osoko bilkuran, Eider Mendoza diputatu nagusiak iragarri du gizarte babeserako 1.500 plaza gehiago sortuko dituela Aldundiak datozen urteetan, pertsonen zaintza helburu • Mugikortasun jasangarria, kuantika edota biozientziena bezalako industria sektore berrien aldeko apustuak gauzatzeak 3.000 lanpostu kualifikaturen berriren sorrera ahalbidetuko duela azpimarratu du diputatu nagusiak

Gipuzkoako Foru Aldundia

“Elkarlana, akordioak, berrikuntza eta anbizioa”. Horiek dira, Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak gaur nabarmendu duenez, Gipuzkoaren “gaurko eta biharko desafioei” erantzuteko foru gobernuaren oinarri nagusiak. “Errealitate berriek estrategia berriak eskatzen dituzte. Asko dira erronkak, baina bat da guztiak barne biltzen dituena: gipuzkoar guztien ongizate integrala babestea”, gaineratu du, hori baita Foru Aldundiaren “lehentasun nagusia”. Ahalegin horretara elkartzeko dei egin die gainontzeko batzarkide taldeei eta, horrela, “akordioen bila zintzo” jarraitzeko konpromisoa adierazi du, dela erreforma fiskalaren inguruko adostasuna lortzeko, dela datorren urteko aurrekontuak ontzeko, dela ongizatean inpaktu positiboa izango duten proiektu berritzaileak lankidetzan garatzeko.

“Handitu besterik egin ez den ilusioa eta indarra” ahotan hartu ditu Mendozak gaur goizean egindako hitzaldian, Batzar Nagusietako Politika Orokorreko osoko bilkuran, diputatu nagusi izateko ardura jaso eta hamabost hilabetera. Uda honetan istripu batean hildako Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatuari hitz sentituak eskaini ostean, EAJ-PNV eta PSE-EEren arteko foru gobernuak orain arte egindako ibilbideari erreparatu dio. “Esan nuen hau ez zela bulegoko agintaldia izango. Gipuzkoa Plazatik Gipuzkoako plazetara igaro gara”, aipatu du, dagoeneko 50 herritan bertatik bertara egon dela gogoraraziz, 150 enpresa eta eragilerekin zuzeneko topaketak edukitzeaz gain.

Diputatu nagusiak balioa eman die legealdi honetan Batzar Nagusietan dagoeneko lortutako akordioei, asko “garrantzitsuak”, horien artean lau foru arau. Datorren urteko aurrekontuei eta erreforma fiskalari begira, akordioak lortzeko “dedikazio eta zintzotasun osoa” jarriko duela iragarri du eta ahalegin bera eskatu die gainontzeko alderdi politikoei,    “akordioa, adostasuna eta elkarlana, oreka eta zentzua” gailendu daitezen eta Gipuzkoa eta gipuzkoarren aldeko politika eguneratuak abiarazteko.

Gizarte kohesioari eutsi

Azken urteotako “errealitate gogorra” izanagatik, datuek erakusten dute lurraldean “gizarte kohesioari eustea” lortu dugula, “familiak eta pertsonak babestuz”. Horren lekuko da egungo GINI Indizea Gipuzkoan, 23 puntutan kokatua Gipuzkoan (Europako bataz bestekoa 29,6an kokatzen da). Datu horri gehitu dio langabezia %5,6koa izatea eta I+G+b helburu duen BPGren portzentaiak gora egiten jarraitzea (%2,75), besteak beste.

“Gizarte desberdintasunek behera egiten jarraitzen dute Gipuzkoan. Urrats garrantzitsuak eman ditugu. Eta ahalegin kolektibo horri eusten jarraitu behar diogu, ez garelako irla bat”, gehitu du. Horren lekuko, gogoan izan ditu pobrezia arriskuan kronifikatzeko egoeran dauden pertsonak eta enpresek beren lanpostuak betetzeko dituzten zailtasunak, esate baterako. “Berrikuntzatik eta ausardiaz”, baita ere, sustraiko eraldatzeei edota nahi gabeko bakardadea, buru osasuna, adikzioak eta elkartegintzan belaunaldi berritzea bezalako “erronka berriei” aurre egiteko determinazioa adierazi du. Horretarako, 2024-2027 Plan Estrategikoan ezarritako 118 ekintza lerroek ezarritako bideorria gida izango ditu.

1.500 plaza, 3.000 lanpostu

“Gizartearen zahartzeari erreparatuta, epe luzera begira etorkizuneko egoitza eta zaintza zerbitzuen sarea diseinatzen” ari da foru gobernua, Mendozak adierazi duenez, zaintza eredu berria hedatzen jarraitzearekin bat. Testuinguru horretan kokatu ditu hiru egoitza berri eraikitzeko lanak abiatu edo abiatzear izatea, etxean bizi diren adinekoen zaintza pertsonalizatua eragiteko Zaintza Herrilab egitesmoaren hedatzea, nahiz Arrasaten, Urnietan eta Zarautzen eguneko zentro, gure eta baliabide berritzaileak ireki izana. Horrez gain, gizarte zerbitzuen mapa berrituari aipamen eginez, iragarri du datozen sei urteetan 1.500 plaza berri sortuko dituela Aldundiak, gehienak mendekotasuna (1.032) eta desgaitasuna duten pertsonentzat (230).

Aldi berean, gogoratu du “pandemiak eta krisietatik eratorritako errealitate eta erronka berriei” ere erantzuteko ekarpena egiten ari dela Aldundia, pertsona guztien ongizate integrala helburu hartuta. “Ondo egotea ez baita nahikoa, pertsona guztiok, ondo sentitzea da helburua”, sakondu du. Horretarako, besteak beste, nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko Hariak proiektua hedatuko da, gazteen mendekotasun ez-kimikoak prebenitzeko proiektu pilotu bat ere bultzatu da eta buru-osasunaren aldeko plana garatuko da.

Diputatu nagusiak biolentzia matxistaren gaiari ere heldu dio, emakumeak “seguru eta aske” bizitzeko duten eskubidean azpimarra jarriz. “Eskua hartuta, elkarrekin, egin behar diogu aurre gurean errotuegi dagoen egiturazko arazo honi”, berretsi du. Bide horretan, dagoeneko Donostian sexu indarkeria pairatu duten biktimei arreta integrala emateko “krisi zentro berritzailea” abian dela adierazi du, behin-behineko egoitzan, eta beste bik ateak irekiko dituztela aurten bertan Arrasaten eta Goierrin.

Ekonomiaren ikuspegitik, azpimarratu foru gobernuaren helburua dela “ongizatera bideratutako ekonomia sustatzea, jasangarritasun hirukoitza bultzatzen duena, lehiakorra eta berritzailea, aukerak sortzen dituena”, eraldatze teknologikoak, ekologikoak eta demografikoak markatutako une batean. Diputatu nagusiak jakitera eman du MUBIL Mugikortasun Jasangarriko erreferentzia zentroa urte amaierarako prest egongo dela: eraikinak 10.000 metro karratu izango baditu ere, bere inguruan 38.000 metro gehiagoko polo bat osatzen ari da, etorkizuneko mugikortasunean funtsezkoak diren eremuetan ezagutza aurreratua eta enpresa proiektu berriak sustatu asmoz. Lanak amaietzarakoan, aurreikusten da 700 langile inguru arituko dira lanean bertan.

Aldi berean, Mendozak gaineratu du Gipuzkoa “etorkizuneko medikuntza eta gaixotasun larrien tratamendurako terapietan” posizionatzen ari dela, GANTT proiektuaren bitartez, osasunaren eta bioteknologiaren alorreko eragileen arteko elkarlana eraginez. 2025ko bigarren seihilkorako ere abian izango da, IBMren eskutik, konputazio kuantikoko gune aitzindaria Donostian. “Munduko seigarren super konputagailu kuantikoa izango da eta helburua da datozen urteetan 1.000 lanpostu sortzea teknologia kuantikoen inguruan. Gure enpresa, ikerketa zentro eta unibertsitateei ere aukera berriak eskainiko dizkize”, gehitu du.

Baita ere, industrian jasangarritasun “hirukoitza” sustatzen ari da foru gobernua, deskarbonizazioaren aldeko politiken bidez. Guztira, 61 enpresa lagundu dira bide honetan aurten, 2,1 milioirekin.

Bide Azpiegituren modernizazioari eta iraunkortasunari begira jarrita, diputatu nagusiak iragarri du A-15 errepideko tunelen birgaitze lanekin jarraituko dugu. Dagoeneko berritu dira zortzi tuneletatik bost eta hil honen amaieran hasiko dira Oindolarren eta Gorosmendi berritzen. Azken tunela, Belabietakoa, berriz, datorren urtean amaituko da. Horrez gain, jakinarazi du Donostian, GI-20rako Marrutxipiko sarbidea laister amaituko dela eta prest dagoela Azkoitia-Urretxu errepidea hobetzeko fase berria, nahiz Zarauzko saihesbide berria eraikitzeko proiektua, guztiak ere lurralde orekaren ikuspegitik eta herritarren ongizatearen ikuspegitik “inpaktu handiko lanak”.

Amaitzeko, jasangarritasunari dagokionez, diputatu nagusiak Berrerabilera Prestatzeko Zentroaren proiektua nabarmendu du, hiri hondakinen zikloari ematen zaion erantzun “integrala” borobiltzeko gune beza. 16,4 milioiko aurrekontua dago aurreikusita eta, Eskuzaitzetako industriagunean kokatuta, espero da 80 eta 110 lanpostu artean sortuko dituela, industria eta energia sektoree sortutako emisioak %10 gutxituz. CIDETECekin elkarlanean, aldi berean, Zirkular Bat egitasmoa ari da sustatzen Aldundia, baterien ekosistema zirkulari bat sortzea helburu.

Gainera, Aldundia elikadura jasangarria indartzeko lurralde-misioa garatzen ari da, Etorkizuna Eraikiz proiektuaren baitan, tokiko ekoizpena babestu eta indartzeko asmoz. Gaztenek Berri proiektuaren bidez, belaunaldi aldaketa eta ekintzailetza sustatzen ari da Lurralde Oreka Berdeko foru departamentua, urtero 15 gazterekin. 2005 urteaz geroztik 343 gaztek egin dute baserriaren aldeko lan hautua ekimen honen bidez. Era berean, lurraldearen % 60 baino gehiago zuhaitzez estalia egonik, behar-beharrezkoa da basoen kudeaketa jasangarrian ere aurrera egitea. Horretarako, basoen jabegoa errespetatuz, bultzada publiko berria emateko sortu dugu Basotik fundazioa. Urte amaierarako 200 lur-jabek egingo dute bat ekimenarekin, eta 2025ean, beste 400 atxikitzea espero da.

Demokrazia eta autogobernua

Amaitzeko, “eguneroko lanarekin” eta “arnas luzeko” politikekin demokrazia defendatzeko determinazioa erakutsi du Eider Mendozak. Horretarako, lau alorretan sakontzeko premia aipatu du. Lehenik, lankidetzazko gobernantzan eta Etorkizuna Eraikiz programak ekarritako berrikuntzan aurrera egiten jarraitzeko konpromisoa adierazi du. Bigarrenik, berdintasunaren eta aniztasunaren ikuspegian “urrats sendo berriak” emateko determinazioa erakutsi du; hizkuntza berdintasunari dagokionez, Gipuzkoa Arigune proiektua Gipuzkoa Arigune proiektu esperimentala “inplementazio fasean” sartu dela adierazi du, zeinek helburu duen edonork, edonorekin eta edonoiz euskaraz eroso eta berdintasunez hitz egin ahal izateko baldintzak sortzea. Hirugarrenik, lurraldearen “indar komunitarioa” indartzeari berebiziko garrantzia eman dio, gurean “hain ohikoa den elkartegintzarako eta boluntariotzarako joerarik gabe, partekatzen ditugun balio demokratiko eta solidarioetan atzerakada etorri daitekeelako”; hori dela eta, elkartegintzaren etorkizuna eta belaunaldi berritzea aztertu eta lantzeko programa pilotua martxan jarriko du datozen hilabeteetan Foru Aldundiak.

Eta, azkenik, euskal autogobernuaren gaiari heldu dio diputatu nagusiak, Euskadiren eta Gipuzkoaren “garapen ekonomiko, sozial, kultural eta politikoaren” oinarrian dagoen elementua izaki. Eremu honetan, oraindik eskualdatu gabe dauden eskumenak behingoz transferitu daitezen. “Baina, betetze horretatik harago, euskal erakundeok eta gizarteak ekintza politiko eta publikorako dugun gaitasuna indartu behar dugu, herri estrategia partekatu bat sortuz erakundeek, gizarte antolatuak eta gizarte zibilak. Herri bezela indarrak batu behar ditugu”, gehitu du eta, horretarako, autogobernuaren inguruko “akordio berri bat probesteko” unea dela adierazi du. “Gaur egungo eta ondorengo belaunaldien mesedetan. Autogobernuan hazteak esan nahi duelako ongizatean haztea”, azaldu du.

  

4647