Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Energia eta mugikortasuna. Etorkizuneko gakoak Goierrin" erakusketa ibiltaria Goierriko udalerri ezberdinetan egongo da

“Energia eta mugikortasuna. Etorkizuneko gakoak Goierrin" erakusketa ibiltaria Goierriko udalerri ezberdinetan egongo da

Ingurumeneko Departamentuak eta Goiekik eskualdeko energia-plana bultzatzeko sinatu duten hitzarmenaren barruan kokatzen da.

2021/10/27

Goiekik, Goierriko Garapen Agentziak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren laguntzarekin, energia eta mugikortasunaren arloek Goierriko etorkizunean duten garrantzia aintzat hartuta, “ENERGIA eta MUGIKORTASUNA. ETORKIZUNEKO GAKOAK GOIERRIN" erakusketa ibiltaria prestatu du. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak eta Goiekik eskualdeko energia-plana bultzatzeko sinatu duten urteko hitzarmenaren barruan kokatzen da erakusketa hau, energia-pobreziari aurre egiteko eta Goierrin energia-eredu jasangarria sustatzeko. Horretarako, Foru Aldundiak 50.000 euro jartzen ditu eskualdean.

2017 urtean zehar Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntzei esker Goierriko energia plana (2018-2025) garatu zen. Urtero, energia plana gauzatuz joan da eta momentu honetan, hasierako plana berrikusi eta datozen urteetarako jarduerak zehazten ari dira. Testuinguru honetan plana bera eta planak jasotzen dituen erronkak herritarrei jakinarazteko eta helburu honekin sortu da erakusketa hau.

Gaur goizean, José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak, Leire Artola Beasaingo alkateak eta Mikel Plazaola Goiekiko presidenteak, erakusketa bisitatu dute eskualdeko DBH-ko eta Batxilergoko ikasleekin batera, energiaren gaia Goierriko gazteei helarazteko. Honi dagokionez, José Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak adierazi duenez, “orain, inoiz baino gehiago, beharrezkoa da energia-trantsizio justurantz aurrera egitea, energiari gizarte-ikuspegia emanez eta herritarrengandik hurbilen dauden erakundeek parte hartuz. Energia-pobreziari aurre egin behar zaio, eta energiaren aldetik iraunkorra den Gipuzkoa baterantz jo”.

Erakusketa urriaren 26tik 28ra erakusgai egongo da Beasaingo Igartzako Errotan eta hezitzaile baten laguntza izango du erakusketaren azalpenak emateko. Hezitzailea urriaren 26ean eta 28an arratsaldez egongo da 17:00-19:00 bitartean, urriaren 27an aldiz goizez egongo da 11:00-13:00 bitartean.

Erakusketa guztira 8 panelek osatzen dute (16 mural) eta honako gai hauek jasotzen ditu: 

  • Goierriko Energia plana (2018-2025) eta erronka nagusiak
  • Energia eta Klima aldaketa
  • Energia iturri fosiletatik energia berriztagarrietara: Burujabetza energetikoa
  • Kultura energetiko berria: Energia aurrezpena eta eraginkortasuna (udaletan,
  • industrian,…)
  • Mugikortasun iraunkorra eta elektro-mugikortasuna
  • Birgaitze energetikoa eraikinetan
  • Ahultasun energetikoa
  • Norbanakoaren ardura, 10 aholku, energia erabilera eta mugikortasun ohiturekiko.

Erakusketa hau Goierriko udalerri gehienetara iritsiko da eta bakoitzean bi edo hiru egunez egongo da erakusgai. Udalerri bakoitzean egunean bi orduz erakusketaren nondik norakoak azalduko dituen hezitzaile bat egongo da.  

 

  

1225