Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

“Enpleguari eutsi eta lanpostu berriak sortzea da gipuzkoarren lehentasuna”

Foto “Enpleguari eutsi eta lanpostu berriak sortzea da gipuzkoarren lehentasuna”

“Enpleguari eutsi eta lanpostu berriak sortzea da gipuzkoarren lehentasuna”

Imanol Lasak “hobekuntza minimo bat” ikusi du Gipuzkoako langabezia datuetan, baina krisialdiaren larritasuna dela eta, lanpostuak babesteko “ahaleginak biderkatzera” dei egin du

“Enpleguari eutsi eta lanpostu berriak sortzea da gipuzkoarren lehentasuna”

Ekonomia Sustapena, Turismoa eta Landa Inguruneko diputatuak, Imanol Lasa, Gizarte Segurantzak Gipuzkoari dagozkion langabezia zifren inguruan gogoeta egin du gaur goizean. Adierazi duenez, datu hauek “hobekuntza minimo bat” erakusten dute, uztailean Gipuzkoan 1.364 afiliatu gehiago eta langabezian 75 lagun gutxiago aurkitzen zirenez gero.   Alabaina, lanpostuak babesteko “ahaleginak biderkatzera” dei egin du Lasak, sektore guztietan egoeran krisialdi egoerak larria izaten jarraitzen baitu. Egungo testuinguruan, bere esanetan, erakunde eta ehun sozio-ekonomikoak  “ahalegin kolektibo bat” egiteko beharra dakar, enpleguari eutsi ahal izateko krisialdiaren une gogorrenean, enpresen aktibitatea sustatuz eta pertsonak babestuz.

“Enpleguari eutsi eta lanpostu berriak sortzea da gipuzkoarren lehentasuna. Orain, inoiz baino gehiago, lanpostuak babestera bideratu behar ditugu gure indar guztiak. Gipuzkoak bat egin behar du ahalegin horretan, ekonomiaren beheraldiaren eraginari aurre egin eta pertsonengan zein enpresengan izan ditzakeen ondorioak mugatzeko”, esan du. Determinazio hori ezinbestekoa da, gaineratu duenez, “ia aurrekaririk gabeko krisialdi global baten aurrean” gaudenean, zeinen eragina 2008ko finantza krisialdia baino “askoz ere sakonagoa” izan daitekeen.

Gizarte Segurantzak gaur eskaini dituen datuen arabera, Gipuzkoa da uztailean, aurreko hilabetearekin alderatuz, afiliatuen kopuruan gora egin duen EAEko lurralde bakarra, 1.362 pertsona gehiagok kotizatu baitute (+ %0,43). Joan den urteko hilabete berarekin alderatuz, berriz, 10.085 herritar gutxiagok kotizatu zuten uztailean. Bestalde, iturri beraren arabera, uztailean Gipuzkoan 13.654 langileri eragiten zieten Aldi Baterako Erregulazio Espedienteek (ABEE).

Langabeziari dagokionez, honen jaitsiera %0,19koa izan zen joan den hilean, lanik gabe zeuden pertsonen kopurua 75 lagunetan jaitsi baitzen. Gaur egun 39.063 lagun daude Lanbiden izena emanda. 2019an garai bereko datuekin alderatuz, beraz, Gipuzkoan 9.748 lagun gehiago daude lanik gabe.

Ekonomia Sustapeneko diputatuaren ustez zifra hauek berriro ere erakusten dute pandemiak ekonomian eta gizartean utzi duen “arrasto nabarmena”. Horregatik, joan den apirilean, Gipuzkoaren Ekonomia Suspertzeko Plana abiarazi zuen Foru Aldundiak. Hainbat neurri eta programaz osatutako egitasmo honek 28 milioiko aurrekontua du eta ekonomian eta enpresetan COVID-19ak izandako eraginari aurre egitea du helburu. Lasak jakinarazi duenez, “deialdi guztiak” dagoeneko onartu dira, baita enplegua sortzera eta babestera bideratuta dauden lerro guztiak ere.

Gaineratu duenez, Ekonomia Sustapeneko departamentutik “etengabeko kontaktuan” daude lurraldeko enpresekin eta hainbat sektoretako eragile ekonomikoekin, egoeraren bilakaera “gertu-gertutik” jarraitu eta neurri berriak hartu ahal izateko, egoerak hala eskatuko balu ere. “Ate-joka datorren ikasturte berri honetan, inoiz baino gehiago, lanpostuak eta ekonomia aktibitatea babestera bideratuko ditugu gure indar guztiak, zailtasun izugarriak dakartzan testuinguru baten aurrean izaki”, berretsi du.