Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Eraldaketa handiari” ekin dio Aldundiak, enplegu publikoko 330 lanpostu baino gehiago eskainiz

“Eraldaketa handiari” ekin dio Aldundiak, enplegu publikoko 330 lanpostu baino gehiago eskainiz

2018. urteari dagokion EPEa onartuko du Diputatuen Kontseiluak urrian

Diputatuen Kontseiluak aurtengo urrian onartuko du duela hamarkada batetik baino gehiagotik Foru Aldundiak egingo duen lehen lan eskaintza publiko masiboa. Zehazki, Aldundiaren aurreikuspenen arabera, hilabete horretan onetsiko da behin betiko 310 lanpostu baino gehiago barne hartuko dituen 2018ko EPEa. Iazko EPEari dagozkion 21 lanpostuak gehituta, 330 lanpostu baino gehiago aterako ditu lehiaketa-oposaketa publikora, eta horien azterketak pixkanaka deituko dira datozen hiru urteetan. Erabaki hori «mugarri bat» izango da erakundearen eraldaketa prozesuan, Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak gaurko agerraldian esan duenez, oinarriak ezarriko baititu «etorkizuneko Aldundia eraikitzeko, enplegu sustapena eta gizarte arreta bezalako jarduketa estrategikoak indartuz; horrela hobeto erantzungo zaie Gipuzkoako gizartearen eskakizun eta eskari berriei».

EPEak ahalbidetuko du, batetik, erakundean profil berriak, gazteak eta talentua txertatzea; behar-beharrezkoa den belaunaldi erreleboa egitea, alegia, hurrengo zazpi urteetan 900 langilek, hau da, Aldundiko langileen erdia inguruk, erretiroa hartuko dutela kontuan hartuz. Xede horrekin, beste merituen artean, prestakuntza akademikoa eta hizkuntzen ezagutza balioetsiko dira lehiaketa aldian. «Aldundiak ondo prestatutako jendea behar du, konpetentzia berriak dituen jendea, eta EPE honekin, hain zuzen, belaunaldi berri bati irekitzen diogu atea; belaunaldi berriak prozesuan parte hartzera animatu nahi ditugu, horiek erakundeetan sartzea ezinbestekoa baita zerbitzu publikoa hobetzen jarraitzeko eta herritarren beharrei erantzuteko», adierazi du.  

Bestetik, EPE horrek eragin nabarmena izango du Aldundiko enplegu publikoaren egonkortasunean; izan ere, oinarrietan balioetsi egingo da administrazio publikoetan lan egindako urte kopurua.  Neurri horren helburua da bitartekotasun tasa murriztea; % 30etik gorakoa da tasa eta areagotuz joan da, EPEak egiteko estatuak jarritako debekuaren ondorioz. Gainera, xede berberari jarraikiz, behin-behineko langileek barne sustapeneko deialdietan parte hartzeko aukera izango dute; 330 plaza horietatik 40 inguru formula hori baliatuz beteko dira, hain zuzen.

EPEak zeharkako lanpostuak barne hartuko ditu bereziki, hala nola administrazio orokorreko teknikariak, ekonomialariak, informatikariak, erdi mailako teknikariak eta administrariak (horiek langileen % 40 osatzen dute gutxi gorabehera). Balio aniztasun handikoak izanik, Lasak erakundeak funtzionatzeko «bizkarrezurtzat» kalifikatu ditu lanpostu horiek; nolanahi ere, jakinarazi du lanpostu espezifiko edo sektorialagoak ere eskainiko direla eta horietarako beste profil batzuk ere beharko direla, arlo hauetakoak, besteak beste: telekomunikazioetako eta bideetako ingeniaritza, nekazaritza, ingurumena, arkitektura, psikologia, erizaintza, kirolak edota gizarte lana. Lanpostuen erdiak baino gehiagok erdi mailako edo goi mailako kualifikazioa izango dute.

Lehenik eta behin, aurtengo azaroan, AOT edo administrazio orokorreko teknikarien -30 plaza baino gehiago-, gizarte langileen -25 inguru- eta mendekotasuna eta desgaitasunaren balorazioa egiteko medikuen -3 plaza- EPEi dagozkien azterketetarako oinarriak onartuko dira. AOTaren figura gakoa da Aldundiaren idazkaritza teknikoetan, eta horiek indartuta posible izango da, esaterako, izapideak eta diru laguntzak kudeatzea edo aholkularitza juridikoa ematea bizkortasun eta azkartasun handiagoz. Gizarte Politiketako departamentuari lotutako EPEei dagokienez, Lasak aditzera eman du gizarte arretarako beharrak “hazten” ari direla, eta “baliabide gehiago” beharko direla “zerbitzu egokia eskaintzen jarraitzeko, premia handiena dutenei. Aldundiarentzat lehentasunezko esparrua da”.

Bada beste berrikuntzarik ere: lehen aldiz, bereziki buruko desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako hiru lanpostu eskainiko dira EPE honetan, lanpostuen azterketa zorrotz eta sakona egin baita, hain justu, EPEetan kolektibo horri egokitutako lanpostu espezifikoak aintzat hartzeko helburuz. Neurri «aitzindari» horren bidez, Gipuzkoa gizarteratzearen aldeko lanean erreferente bihurtzeko helburuari erantzuten zaio, desgaitasuna duten pertsonek ere funtzio publikoan parte hartzea normalizatuz.

Gaur iragarri den lanpostu kopurua kalkulatzeko, «ahalik eta probetxurik handiena» atera zaio estatuko aurrekontuen legeak eskaintzen duen tarteari, bai eta enplegu publikoaren eskaintza egiteko baldintzak malgutu izanari ere, nola lehentasunezko arloetako erretiroak betetzeko berriztatze tasari dagokionez, hala sendotzeari eta egonkortzeari dagokienez. Modalitate horiei esker bete ahal izan dira bitarteko lanpostuak 2005etik 2015ra bitartean.  Lasak aurreratu du «eskema orokor» hau Funtzio Publikoko zuzendaritzak egin duen lanpostuz lanpostuko azterketaren emaitza dela, eta sindikatuekin adostuz zehaztuko dela. Horretarako, elkarrizketak hasiko dituzte laster, kontsentsurako «erabateko borondatearekin». 

Aldundiko azken EPE handia 2006an egin zen. Orduko hartan, 193 lanpostu eskaini ziren, eta 7.708 eskaera aurkeztu. Aurreko legealdian, enplegu eskaintza ia hutsala izan zen, lau urtean ez baitziren bost plaza besterik atera. Hortaz, legealdi hau «mugarria» izango da enplegu publikoa biziberritzeko bidean, EPEak eta lan poltsak aintzat hartuz, 6.000 lagun aurkeztu baitira dagoeneko hautaketa prozesuetara. «Herritarrak hasiak ziren legealdi honetan mugimendu handiagoa dagoela sumatzen; neurri honekin, ordea, salto kualitatibo bat eman dugu». Bestalde, gogorarazi behar da, gaur iragarritakoaz gain, 2019 hasieran egingo direla iruzur fiskalari aurre egiteko teknikarien EPEaren azterketak, 35 lanpostu guztira, eta 2017an egin zirela suhiltzaileen 25 plaza betetzeko azterketak.

Etorkizuneko Aldundia diseinatzea

Nolanahi ere, adierazi du oraindik «asko dagoela egiteko», eta argi utzi du erronka: «Aldundi berriaren egitura eta antolaketa sakon diseinatzea, gaur egungoa 80ko hamarkadan pentsatu baitzen». «EPE handi hau egin ondoren, hurrengo urratsa etorkizuneko erakundeak nolakoa izan behar duen marraztea izango da, etengabe eta abiadura handian aldatzen ari diren gizarte bati eta mundu bati erantzun ahal izateko. Hori da gizarte moduan dugun erronka handienetariko bat», nabarmendu du, eta aurreratu du Aldundiak proiektu hori aintzat hartu duela dagoeneko Etorkizuna Eraikiz programaren barruan.

  

1407