Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “ETEek eraldaketa digitalarekin bat egitea funtsezkoa da Gipuzkoaren etorkizunerako”

“ETEek eraldaketa digitalarekin bat egitea funtsezkoa da Gipuzkoaren etorkizunerako”

Egungo egoeraren aurrean, Markel Olanok berretsi egin du Aldundiak lurraldeko ekonomia-sarearekiko duen “konpromisoa eta konfiantza”.

Kursaaleko kongresu jauregian egin da gaur lehenengo ‘Re-Think Industry jardunaldia’, Foru Aldundiak antolatua Etorkizuna Eraikiz elkarlaneko gobernantza dinamikaren barruan, Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainek eraldaketa digitalaren arloan dituzten lorpenak eta erronkak partekatzeko helburuarekin, enpresa horiei haien lehiakortasuna sendotzen lagunduz. Hitzorduak arrakasta handia izan du; izan ere, lurraldeko enpresetako, eragile ekonomikoetako eta I+G zentroetako 600 ordezkari inguru bildu dira Kursaalen, esperientziak trukatzeko eta erronka digitalari arrakastaz heldu dioten konpainien kasu arrakastatsuak ezagutzeko.

Markel Olano diputatu nagusiak irekiera instituzionalean azpimarratu duenez, “eraldaketa digitala da gure ehun ekonomikoaren eta industriaren etorkizuneko lehiakortasuna baldintzatuko duen prozesu nagusietako bat. Orain hartuko ditugun neurriak erabakigarriak izango dira. Unea da etorkizuna prestatzeko. Gure apustua argia da: egoera honetatik ateratzeko, eraldaketa digitalean aurrera egingo duen industria behar dugu. Abiadura diferenterik gabe”.

Ildo horretan, ETEei ahalegin horretan “irmo laguntzeko” premian jarri du arreta Olanok. “Gipuzkoan, 50 langile baino gutxiagoko enpresek enpleguaren % 63 baino gehiago biltzen dute. Beraz, funtsezkoa da haiek ere eraldaketa digitalean urratsak egitea, beren balio-kateetan lehiakorrak izaten jarrai dezaten, eta jarduera dibertsifikatzeko aukera izan dezaten. Gainera, erronka horri teknologiara mugatu beharrean, pertsonekin, prozesuekin eta antolamenduarekin lotutako berrikuntzan ere eragin behar diogu, benetako eraldaketaz hitz egin ahal izateko”. Bi helburu horiekin, gogorarazi du Aldundiak iaz jarri zuela martxan lehen aldiz ‘Gipuzkoa Digitala’ 'aguntza-programa, 2,7 milioi bideratu zituena, eta 2022rako deialdia Gobernu Kontseiluak onartu berri duela.

Era berean, bi ideia berretsi nahi izan ditu Olanok: “Konpromisoa eta konfiantza. Garai nahasietan iparorratza mantendu behar dugu. Gure industrian, gure sare ekonomikoan, bere sendotasunean eta dinamismoan erabateko sinesmena dugu. Bere izaera berritzaileari esker, azken urteetan egindako apustuei esker, ekonomia indartsu bat dugu, beste behin ere, gure garaiko erronkei eta egungo ziurgabetasun-egoerari aurre egiteko gai izango dena”. Horri dagokionez, aste honetan hiru foru aldundiek hartutako “premiazko likidezia-neurriak” goraipatu ditu, egoera ekonomikoak gehien kaltetutako sektoreetara bideratuta daudenak. “Gure eskumen nagusietako batean oinarritzen gara, fiskalitatean, 165 milioira arteko eragina duten neurriak aktibatzeko euskal ekonomian. Horiekin, batez ere, kaudimena eman nahi diegu langile autonomoei, enpresa txikiei eta mikroenpresei, une zail hauetan”. Halaber, Aldundiak “egungo egoeraren bilakaera eta datozen hilabeteetan sor daitezkeen beharrak gertutik jarraitzeko konpromisoa” duela berretsi du, “erantzun azkarrak eta eraginkorrak egokitzeko gure eskumenen barruan”.

Lau saio

"Re-think industry" ekimenaren helburua izan da eraldaketa digitalaren irismena eta negozioak nola aldatzen ari den ulertzen laguntzea; prozesu hori gauzatzeko gure ekosistemako zein eragile giltzarrik eskaintzen duten laguntza identifikatzea; lurraldeko enpresa aurreratuen esperientzia ezagutaraztea; eta beste konpainia batzuekin kezkak eta esperientziak partekatzeko espazio bat eskaintzea, sareko lana sustatuz eta lankidetza-bide berriak irekiz. Jardunaldia ETEak sentsibilizatzeko eta gaitzeko premisa bikoitzaren gainean diseinatu da, kontuan hartuta bai negozioaren eraldaketa digitalean urratsak ematen hasi direnak, bai oraindik egin ez dutenak. Horretarako, nukleoa lau saio paralelok osatu dute, bakoitza agente batek gidatuta. Saio horietan arrakastazko kasu praktikoak aurkeztu dira, eta, ondoren, mahai-inguru bat egin da.

Lehenengoa, “Fabrika aurreratuak eta produktu onenak eskaintzeko adimentsuak”, AFM Clusterrek gidatu du eta Egile, Metagra eta Tximi izan ditu partaide. Bigarrena, "Zerbitzuen berrikuntza digitalari aukera ematen dioten etorkizuneko balio-kateak", Gipuzkoako Ganberak zuzendu du eta ABC Compressors, Euskabea eta EUN Group taldeek parte hartu dute. Hirugarrena, “Transformazioari aurre egiteko aliatuak izenburupean”, laguntza-ekosisteman zentratu da, eta, Garapenek zuzenduta, BRTA, Bic Gipuzkoa, Tknika eta Gaiaren ekarpena izan du. Laugarren saioak, "Antolakuntzan aldaketa arintasunean irabazteko lidergoan", antolaketaren eraldaketa izan du ardatz, eta Orkestraren lidergoarekin, Ternua Group, Herrekor eta Asti MGR taldeen esperientziak ezagutarazi ditu.

Bestalde, programak bi inspirazio hitzaldi eskaini ditu, bata jardunaldia irekitzeko eta bestea ixteko, «Begirada bat: Gipuzkoa eta mundua» izenburupean. Lehenengoa Juan Antonio Zufiriak (Villabona, 1960) eman du, IBMko aholkulari eta konpainiako Azpiegitura Zerbitzuen munduko arduradun izandakoak. Amaierako hitzaldia, berriz, Julian Florezek (Donostia, 1958) eman du, Vicomtech-eko zuzendari nagusiak. Industriari aplikatutako teknologia digitalen eta adimen artifizialaren ikerketan eta garapenean espezializatutako 200 profesional baino gehiagok osatzen dute zentro hori.

Bukaeran, Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak positibotzat jo du jardunaldiaren garapena eta arrakasta. “Horrek erakusten dugure enpresek interes argia dutela arlo honetan aurrera egiteko, eta, beraz, ekimen honek jarraipena izango du. Haien beharrei erantzuteko antolatu ditugu lan-saioak, Gipuzkoako eragile ekonomiko eta klusterrekin lankidetzan, Etorkizuna Eraikiz-en elkarlaneko gobernantza-ereduarekin bat etorriz. Eragile horien eskuzabaltasuna eskertu nahi dugu, baita haien proiektuak, aurrerapenak eta esperientziak partekatu dituzten enpresena ere. Hauxe da jarraitu beharreko bidea: lankidetza, ikaskuntza partekatua eta berrikuntza”. 

  

1733