Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea “Etxeteken kontratu berriarekin laguntza teknikoen eguneroko kudeaketa hobetu nahi dugu”

“Etxeteken kontratu berriarekin laguntza teknikoen eguneroko kudeaketa hobetu nahi dugu”

Guztira, bi urterako 1.709.219,76 euroko kontratua esleituko da, aurrekoa baino %11 gehiago

Gipuzkoako Foru Aldundiak Etxetek programaren kudeaketa atera du lehiaketara. Etxetek programak mendekotasuna edo/eta disgaitasuna duten pertsonentzako laguntza teknikoak kudeatzen ditu; Orientazioa eskaintzen du -euren bizimodua errazteko zein baliabide dauden azaltzeko-, laguntza teknikoak –oheak, gurpildun aulki bat, garabi bat…- edota diru laguntzak,  bai laguntza teknikoak erosteko edota bizilekua egokitzeko behar diren proposamenak egiteko. Maite Peña Gizarte politikako diputatuak azaldu du  “erabiltzaileen autonomia pertsonala sustatzea eta euren bizi-kalitatea hobetzea” dela programa honen helburua. Horrez gain, laguntza tekniko horien banaketa edo mantenua ere egin behar ditu enpresa kudeatzaileak.

Diputatuen kontseiluak onartu du bi urterako kontratua esleitzea; urteko 854.609,88 euro, hau da,1.709.219,76 euro guztira. Gehienez ere, 48 hilabete arte luzatu daiteke kontratua.  “Aurrez kontratuan zegoena baino %11,11 gehiago da”,  azaldu du Gizarte politikako diputatuak eta gehitu du “kontratu berriarekin, besteak beste, koordinazioa hobetu  eta laguntza hauen eguneroko kudeaketa hobetzea” lortu nahi dela. Peñaren esanetan, “erabiltzaileen tramiteak erraztuko dituen kudeaketa eredua” lortu nahi da kontratu berri honekin.

Peña diputatuak azaldu du bi modalitate daudela laguntzetarako: itzultzen ez direnak edota maileguan utzitakoak.  2015. urtean 3.205 lagunek jaso zituzten Etxetek programaren 7.426 laguntzak; horietatik gehienak, 5.277 aldi baterako maileguan utzitako laguntza teknikoak izan ziren ( oheak, gurpildun aulkiak, …); 178, laguntza teknikoak erosteko diru-laguntzak; 1.600, behin betiko laguntza teknikoak ( audifonoak…), eta 371, etxea egokitzeko proposamenak. Maite Peña diputatuak argitu du, horietatik gehienak, %74, Aldundiak berreskuratu egiten dituela, aldi baterako maileguan utzitako laguntza teknikoak direlako.

Ogasuna

Ogasun arloan Diputatuen Kontseiluak hartutako bi erabakiren berri eman du ere Imanol Lasa foru bozeramaleak. Alde batetik, Jose Maria Arenzana kargutik kentzea, erretiroa dela eta, Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboko bokal postuan, eta hor egindako lana eskertzea. Eta horrekin batera, Urnietako Udaleko kontuhartzaile Aitziber Zurutuza izendatzea Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboko bokal gisa, Euskadiko Udalen Elkarteak (Eudel) proposatuta.

Erreklamazio ekonomiko-administratiboak ezagutzeko eta ebazteko eskumena duen foru organoa da Foru Auzitegi Ekonomiko Administratiboa, eta bere bokaletatik bi Eudelek proposatuta izendatzen dira.

Bestalde, Aldundiari dagokion Udalen tutoretza finantzarioaren eskumena gauzatuz, Lasak jakinarazi du abenduan oniritzia eman zitzaiela Gipuzkoako bi udalek hitzartutako kreditu eragiketei: Soraluzeko udalak bata -300.000 euro- eta Aiakoak bestea -1.280.800 euro-.

  

1403